Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

EPPK-k ontzat jo du Jaurlaritzaren proposamena

EAEko gobernuak euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Idatzi batean, lehen aldiz galdegin du hori.

2020-05-30 / Enekoitz Esnaola

EPPK-k «aitortu eta eskertu» egin du Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta nazioartean pandemiaren garaian ere «preso politikoon giza eskubideen eta askatasunaren alde» izan diren aldarrikapenak eta adierazpenak, eta haien artean aipatu du Eusko Jaurlaritzaren azkeneko proposamena: euskal preso guztiak Euskal Herriratzekoa. EPPK-k agirian dio «bat egiten» duela eskari horiekin. «Eta espero dugu pandemiaren garapenean eta horren aitzakiaz hartu ez diren neurriak egoera arintzen ari denean hartuak izango direla».



«Osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko» helburuarekin, Jaurlaritzak preso guztiak familiatik gertueneko espetxera eramateko proposamena egin dio Espainiako Gobernuari, asteon jakin denez. Aurreneko aldia da idatzi batean Jaurlaritzak preso guztien Euskal Herriratzea eskatu duena. Urruntze politikaren kalteak nabarmendu ditu.



Aurreko asteetan nazioarteko komunitateko ehun eragilek, Europako Parlamenduko talde batzuek, Espainiako Kongresuko alderdi abertzaleek eta ezkerrekoenek, eta elkarte sozialek preso zaurgarrienak askatzeko galdegin diote Madrili. Nazioarteko eragileek, halaber, Espainiako eta Frantziako gobernuei ohartarazi diete «bake prozesua osatu gabe» dagoela. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaldu du haiek denek «zeregin horretan funtzio garrantzitsua» izango dutela aurrerantzean ere, «beraien eraginaren esku egongo direlako espetxeetan har daitezkeen neurriak».



«Espetxeak hustu»



Jaurlaritzaren proposamena aipatu ondoren, EPPK-k gaineratu du euskal presoek eta euskal gizartearen «zati handi batek» aspalditik egin duen aldarrikapen bat dela presoen Euskal Herriratzea, «sakabanaketak eragiten duen sufrimendua amaitzeko modua delako». Horrez gain, esan du «Euskal Herriak behar duen normalizazio politikoaren bidean» lehentasuneko egitekoa dela «espetxeak hustea». «Garaia da, eta hori lortzeak denok irabazle egiten gaitu, etorkizun berri bat eraikitzen lagungarri izango delako». Mobilizatzen segitzeko deia egin du.

Publizitatea