Euskal presoak
Nazioarteko ehun eragilek Madrili eta Parisi ohartarazi diete «bake prozesua osatu gabe» dagoela
Euskal presorik zaurgarrienak askatzeko eta batzuk baldintzapean libre uzteko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei. Pandemiagatik ere «neurri ausart eta eskuzabalak» behar direla esan dute. BERRIAra ere helarazitako gutunaren izenpetzaileen artean dira Andy Carl, Brian Currin, Veronique Dudouet, Adolfo Perez Esquivel, Cuauhtemoc Cardenas edota Manuel Zelaya.
2020-05-18 / Enekoitz Esnaola
Gatazken konponbide prozesuetako eta giza eskubideetako adituak, akademikoak eta Suediako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Kolonbiako, El Salvadorko, Guatemalako, Belgikako, Ekuadorko, Uruguaiko, Irlandako, Finlandiako eta Danimarkako parlamentarioak daude gutunaren izenpetzaileen artean: Andy Carl, Brian Currin, Veronique Dudouet, Gayatri Spivak, Adolfo Perez Esquivel, Cuauhtemoc Cardenas, Piedad Cordoba, Kenny MacAskill, Harold Good, Nora Cortiñas, Jonathan Cohen, Gerry Kelly, Oliver Wils, Ronnie Kasrils, Manuel Zelaya, Berghof Foundation… Haietako batzuk Euskal Herriko prozesuan lanean ibiliak dira azkeneko bi hamarkadatan.
Hainbat hedabidek argitaratu dute gaur haien gutuna —tartean, BERRIA—, baita nazioarteko fundazio eta elkarte batzuek ere.
«Pandemiaren testuinguruan eta bakearen mesedetan»
COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurri «humanitarioak» hartzeko deia egin dute, «irmoki», nazioarteko eragileek. «Preso dauden herritarrak babestu nahi baditugu eta Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egin nahi badugu, neurri sendoagoak beharrezkoak dira». Hori dela eta, «premiaz» bi «neurri ausart eta eskuzabal» hartzeko eskatu diete Parisko eta Madrilgo gobernuei: batetik, «bereziki zaurgarriak diren euskal presoak berehala askatzea, 60 urtetik gorakoak eta aurretik patologiaren bat edo gaixo larriren bat dutenak barne»; eta, bestetik, «zigorren hiru laurdenak bete edo baldintzapeko askapenaren baldintzak betetzen dituzten eta duela bi urte ETA desegin zenetik inolako erreinzidentzia arriskurik ez duten presoak askatzea».
Idatzian esan dute onartzen dutela «garrantzi handiko erabakia» dela epaia bete aurretik preso dagoen pertsona bat libre uztea. «Erabakia konplexua da edozein sistema judizialentzat, eta biktimak eta horien senideak atsekabetu ditzake. Edonola ere, pandemiaren testuinguruan eta bakearen mesedetan, urrats egokia eta zentzuzkoa da». Izan ere, haien hitzetan, garrantzitsua da pertsona guztien oinarrizko duintasuna eta gizatasuna aitortzea.
Antzeko eskaerak azkenaldian
Berriki antzeko eskaera gehiago izan da. Kasurako, lehengo astean Espaniako Kongresuko Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya, EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis taldeek Espainiako Gobernuari eskatu zioten COVID-19aren krisian 65 urtetik gorako presoak, gaixorik daudenak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzeko. Sare, Etxerat, Salhaketa eta Espainiako Estatuko hamarren bat elkarte sozialek Barne Ministerioari eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari ere eskatu diete libre utz ditzatela larri gaixorik dauden presoak, 70 urtetik gorakoak eta haurdun daudenak. Halaber, Europako Parlamentuko Sozialistak eta Demokratak taldeak ere —hango kide dira PSOEko eurodiputatuak— duela gutxi dei egin dute preso zaurgarrienen askapenak emateko.
Espainiako Gobernuak oraindik ez du espetxe politika aldatu, nahiz eta Moncloan PSOE dagoenetik —2018ko ekainetik— aurrerapauso batzuk eman dituen: ia 30na bigarren gradu, eta beste hainbeste hurbilketa; ia hamar hirugarren gradu; dozena erdi bat Euskal Herriratze; dozena bat presori egun batzuetarako baimenak… Frantziako Gobernuak, berriz, 2017ko udazkenetik elkarrizketarako mahai bat osatua du Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin, eta duela bi urtetik ia gizonezko euskal preso denak gerturatu ditu Euskal Herri inguruko kartzeletara; kasik DPS guztiak kendu ditu, baina, esate baterako, fiskaltzak oraindik eragotzi egiten du baldintzapean aske geratzea.
BERRIAren datuen arabera, 241 euskal preso daude espetxeetan: Euskal Herrikoetan, bost —horietako bat, zentro batean—; Espainiako Estatuko besteetan, 201; eta Frantziakoetan, 35.