Konponbideari begira

Berriak

'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren 10. urteurrena. Ezker abertzalearen eztabaida

PARADIGMA BERRI BAT HELBURU BERERAKO

Agertoki berri bat ireki zen duela hamar urte, ezker abertzaleak 'Zutik Euskal Herria' ebazpenean baztertu egin zuelako estrategia politiko-militarra. Euskal estaturako beste ardatz bat, indar metaketa. Barne eztabaidaren azken faseaz mintzo da Rufi Etxeberria.
Rufi Etxeberria, 2009ko urriaren 17an, Donostian, <em>Bateragune auziaren</em> aurkako manifestazioan. Epaileak bezperan utzi zuen aske.
Rufi Etxeberria, 2009ko urriaren 17an, Donostian, Bateragune auziaren aurkako manifestazioan. Epaileak bezperan utzi zuen aske. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

2020-02-09 / Enekoitz Esnaola

Ezker abertzalea bere estrategiaz eztabaida hastera zihoala egin zuen Espainiako Estatuak Bateragune auziko operazioa. Arnaldo Otegiren taldea bilduta zen Donostian, LABen, eta Espainiako Polizia han sartu baino ordu erdi bat lehenago zabaldu zuten barru mailan txostena, e-postaz: Fase politikoaren eta estrategiaren argipena. 2009ko urriaren 13a zen. Atxiloketak. Estrategia aldaketaren egitasmoa hankaz gora? Ez. Ezker abertzaleak 2010eko otsailaren 16an eman zuen bukatutzat barne prozesua, Zutik Euskal Herria ebazpena plazaratuta. Sorreratik bezala euskal estatua eta askapen soziala xede, paradigma berriari heldu zion. Hamar urte dira.



 



...Alternatiba Demokratikoa (1995), Lizarra-Garazi (1998-1999), Anoetako proposamena (2004), 2005-2007ko negoziazio prozesua, polizia operazioak, legez kanporatzea, estrategia politiko-militarrari babes sozialaren apaltzea, nazioarteko eredu batzuen amaiera, terrorismoaren aurkako paradigma berria... Faktore askok eragin zuten ezker abertzaleak estrategia aldatzeko, baina Bateraguneko operaziotik Zutik Euskal Herria argitaratu arteko lau hilabete haiek erabakigarriak izan ziren. Ber-bertatik bizi izan zituen Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1959). BERRIArekin gogoratu ditu hilabete haiek.



2009-10-13. 'BATERAGUNE AUZIKO' OPERAZIOA



Irailaren 7an atera zen espetxetik Etxeberria, Aranjuezkotik (Madril), behin-behineko kartzelaldiaren gehienezko lau urteko epera iristear zela —bina urteko bi alditan eduki zuten preso, herriko tabernen auzian—. «Espetxean nintzela, Rafa Diezekin banuen harremana, bai idatziz, bai telefonoz. Beraz, irailean atera nintzenerako banekien gauzak zertan ziren asmo berriaz». Aske gelditu ostean, Otegirekin pare bat aldiz egon zen, bazkaltzen, eta, urriaren 13 hartan, Gara-k eskatua zion elkarrizketa bat prestatzera joan zen LABen egoitzara. «Kideak eztabaida prozesuaz hitz egiten ari ziren, eta ni elkarrizketagatik joan nintzen. Ez nengoen lantaldean». Egoitzara iristen ari zela, «ohartu» zen Poliziak «dena hartuta» zeukala, «baina LABen zeudenek zioten hori eguneroko kontua zela; dena dela, aitortu zuten azkeneko orduetan sekula baino intentsitate handiagoarekin sumatzen ari zirela kontrola». Operazioa. Etxeberria ere, atxilotuta. «Oso zaila egin zitzaidan epaileak libre utziko ninduen ala ez pentsatzea».



Atxilotuak LABeko gela batean egon ziren, eta, zaintzan polizia bat eduki arren, ez zuten arazo handirik izan haien artean mintzatzeko; «euskaraz, jakina». «Otegik esaten zidan norbait kalean geratzekotan ni izango nintzela». Une haietan erabaki zuten haiek preso sartu eta Etxeberria libre geratuz gero, prozesua nola segitu. Urriaren 16an, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali zituen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. Aske, Etxeberria eta operazioko beste lau kideak. «Barne eztabaidaren prozesuari heltzeko konpromisoa hartu nuen», dio Etxeberriak. «Lehendik lanean ari zirenengana batu nintzen». Haren esanetan, polizien etengabeko jazarpena izan zuten, sistematikoa eta gertu-gertukoa; eta ia beti jende bera zuten zaintzan, baita Euskal Herritik kanpora ateratzen zirenean ere. «Baldintza horietan egin behar izan zen eztabaidaren prozesua; oso konplexua izan zen».



Etxeberria-eta libre geratu ondorengo egunean izan zen operazioaren aurkako manifestazioa, Donostian, euskal gehiengo sindikalak deituta. Milaka lagun martxan. Eskertu zuten ezker abertzaleko kideek sostengua, baina manifestazioan bertan bazeukaten beste zereginik: hurrengo urratsak erabakitzea. Orduantxe deliberatu zuten txostena Interneten jartzea. Bazegoen beste dokumentu bat —Mugarri—, eta Batasuneko zuzendaritzak moztu egin nahi zuen batzarretan bat edo bestea hautatu behar izatea. Bi txostenek zioten euskal estatua lortzeko prozesu politiko berri bat eta indar metaketa beharko zirela, baina Otegirenak-eta planteatzen zuen estrategia berriaren hasieratik baztertu behar zela ETAren jarduera armatua, eta Mugarri-k ez zuen horrelakorik ikusten hasierarako.



Ezker abertzaleko egituretara heldu zen Mugarri, eta EPPK-ko kideek horri buruz egin zuten eztabaida. Baina, azkenean, Batasuneko zuzendaritzak apustu bat eginda, herri batzarretan dokumentu bakarra egon zen eztabaidagai: Fase politikoaren eta estrategiaren argipena. «Ezker abertzale barneko statu quo-a hautsi nahi genuen», esan zuen Bateragune auziko epaiketan Diezek, 2011n. Aldaketa bat gertatu zela aitortu du Etxeberriak: «Ezker abertzaleko zuzendaritza guztietan onartua zegoen eztabaida hori egingo zela. Iniziatiba ez zen ETAtik atera, baizik eta ezker abertzalearen egitura politikotik. Historikoki horrelako dokumentuak ETAk egin zituen; orduan ez, orduan ezker abertzale politikoak egin zuen, seguruenik egin nahi zena berak zuelako argien eta garatuen».



Zergatik egin zuen Madrilek operazioa? Hamar urtera ere orduko iritzi bera du Etxeberriak: ezker abertzalearen bide berria oztopatu nahi izan zutela. «Estatuak nahikoa informazio bazuen gure eztabaidaz, bazekien estrategia berri bat nahi genuela, eta uste zuen, ezker abertzalea estrategia berrian sartuta, proiektu independentista gauzagarri izan zitekeela; aldiz, pentsatzen zuen, estrategia politiko-militarrak segitzen bazuen, estatuak kontrolpean errazago izan zezakeela mugimendu independentista, eta garaitu ere egin zezakeela. Beraz, aldaketa estrategikoa oztopatu egin nahi izan zuen». Baita, Batasunaren ustez, ezker abertzalea zatitzea ere, Aralar indartuta.



2007ko maiatzean Genevako (Suitza) elkarrizketak hautsi ziren arren, harremanari eutsi zioten Batasuneko ordezkariek, eta nazioarteko eragileei iragarri zieten ezker abertzaleko zuzendaritzetan eztabaida jakin bat izango zela 2008an. Nazioartekoek PSOEren gobernuarekin ere bazuten hartu-emana, eta ematen zioten eztabaidaren berri. Gobernuak nazioartekoei erantzuten zien ez zuela sinesten ezker abertzaleak egin nahi zuena eta ez zuela uste haren apustua aurrera aterako zenik, ETAk bide berri hori ondo ikusten ez zuelakoan.



Kazeta honek egindako kontsulten arabera, ETAk onartzen zuen estrategia politiko-militarra agortuta zela, eta bazuen asmoa konponbiderako prozesu demokratiko bat sustatzeko, behin betikoa izateko. Dena dela, ikusten zion arriskurik aldebakartasunari eta erabaki batzuk hasieratik gauzatzeari. Haren iritzian, Batasunak eta erakunde armatuak ez zituzten berdin ulertzen prozesuaren garapena eta gestioa. Batasunaren asmoa gailendu zen.



«Bizkar gainean sekulako ardura geneukan», esan du Rufi Etxeberriak. «Ezker abertzalea bere historiako erabakirik garrantzitsuena hartzera zihoan, agian». Estatua geldirik ez zegoela eta, aitortu du ez zekitela eztabaida garatzeko gai izango ziren.



Batzarrei ekin aurretik hartu zuten beste eginkizunik: estrategia berriaren asmoa argiago azaltzea, uste baitzuten txostena zerbait anbiguoa zela, Hiru neurri hartu zituzten, hurrenkera azkar batean gauzatzeko: azaroaren 1ean Gara-n Etxeberriaren elkarrizketa argitaratu zen; azaroaren 8an, BERRIAn Otegiren eta harekin Estremarako kartzelan (Madril) zeuden beste lau kideen eskutitza; eta azaroaren 14an, Altsasuko Adierazpena plazaratu zuen ezker abertzaleak, agerraldi jendetsu batean. Ez zuten nahi, orduan zuzendaritza politikoan ibili zirenek esaten dutenez, «kafesnea berriro»; alegia, «edo kafea edo esnea» behar zela zioten, ezin zutela erdibidean geratu, anbiguotasun batean. Garbi zeukaten bukatu zela borroka armatua «piztu-itzaliren» aroa, hori jada agortuta zegoela, ez zuela gehiago ematen, eta, hortaz, mugimendu berria ezin zela gehiago izan taktikoa, baizik eta estrategikoa.



2009-11-1: RUFI ETXEBERRIAREN ELKARRIZKETA



«Ondo prestatu genuen Gara-ko elkarrizketa», dio Etxeberriak. Haren mezuak: ezker abertzalea bidegurutze batean zegoen; eremu politiko horren berbatzea; ETAren ardura apustu berrirako; subiranisten arteko aliantza; aktibazio soziala… «Eztabaida lehendik bazegoen, eta Loiolako [Azpeitia, Gipuzkoa] eta Genevako apurketen ondoren azkartu egin zen. Hautu bat egin beharra zegoen», adierazi du Etxeberriak 2009-2010eko garaiaz. «Prozesu demokratiko bat abiarazteko ezin zen nazio eta herritarren borondate demokratikoaren aitortzaren zain egon, ezin zen egon Madrilen betoaren menpe. Erabakiak hartzea eskatzen zuen horrek. 50 urteko bide baten ostean, agertoki berri bat irekitzea ezker abertzalearen esku zegoen». Aldebakartasunez egin nahi zuten bidea, baina metaketaren alde ere eginez, eta, ondorioz, biderako beste eragile batzuen konpromisoa behar zuten. Borroka armatuak aliantzak eragozten zituela irizten zion ezker abertzaleak, eta, gainera, jadanik ez zuela balio Espainiako Estatua berriz ere mahai batean eserarazteko.



2009-11-8: ESTREMERAKO KARTZELATIK GUTUNA



Otegik-eta Estremerako kartzelatik helarazitako eskutitzean «beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk» eskatu zituzten. Han ere, ordea, ez zegoen zehazki adierazia ETAk bukatu egin behar zuela. Propio egiten zuten hori, Etxeberriak kontatu duenez: «Publikoki eta idatzietan hitzak eta terminoak neurtu egiten genituen, barne eztabaidan inori ez zitzaiolako ezer inposatu nahi». Horrez gain, esan du kontuan hartu zutela ETAk bazuela eragozpenik eztabaida prozesuan parte hartzeko; sasian ziren militante asko, presoak… Hala, «zaindu» beharrekoa zen terminoena. «Baina barne eztabaidan parte hartu zutenek oso argi zuten zertaz ari ginen hizketan. Borrokaren zikloa itxiko zela ez zen hitz horiekin esaten, baina zuzendaritzetan bai».



Ezker abertzalearen ustez, garai hartan borroka armatuaren eztabaida ezin zen banandu eztabaida politikotik. Estatua bete-betean zebilen dena ETA da teoriarekin. Halaber, ETA-Madril ordu arteko eskema negoziatzailea agortutzat jo zuen Batasunak, eta horregatik ere atera zen mahai gainera ETAren geroa. Dena den, haien arabera, eztabaida ez zen ETA bai ala ez, baizik eta aldebakartasunez beste bide bati heltzea. Paradigma berri bat nahi zuten. «Guk bi helburu genituen: estatuaren estrategia neutralizatzea eta indar harreman berri bat irekitzea, konfrontaziorako espazio eta parametro berriak zabaltzeko. Indar harremana, ordea, ez era alderdikoi batean planteatua, baizik eta herri gisa», esan du Etxeberriak.



Zabaleta, Rodriguez, Jacinto, Diez eta Otegi preso zeudela, Batasunekoek talde harekin aurreneko pare bat hilabeteetan ez zuten ia harremanik izan; gero bai, abokatuen bidez eta. Etxeberria: «Kanpoan ginenok ginen prozesuan murgilduta geundenak, eta barne prozesua azkar zihoan. Zutik Euskal Herria plazaratu ostean izan genuen Otegirekin-eta harreman iraunkorrago bat».



2009-11-14: ALTSASUKO ADIERAZPENA



Eztabaidan eta ezker abertzalearen ibilbide historikoan mugarri bat izan zen Altsasukoa: lehen aldiz jaso zituen Mitchell printzipioak, eta berritasuna zen: indarkeriari uko egitea, eta, inork erabiliz gero, haren aurkako jarrera azaltzea. Azkeneko belaunaldietako erreferente asko azaldu ziren 2009ko azaroaren 14ko agerraldira. «Posizioak irabazi nahi genituen euskal gizartean eta nazioartean», adierazi du Etxeberriak. «Neu kartzelan nintzela jakin nuenez, nazioarteko eragileek esan izan zuten komeni zela Mitchell printzipioak jasotzea eztabaidarako dokumentuan, baina azkenean ez ziren jaso han. Gero bai Altsasuko Adierazpenean». Ezker abertzaleak kanpoko bitartekariei esaten zien haien babesa behar zuela, eta haiek erantzuten zuten ezin zela anbiguotasunik erakutsi. Hala, ezker abertzaleak ondorioztatu zuen nahikotasun bat behar zuen adierazpen bat osatu behar zuela, eta, haren iritzian, Mitchell printzipioek badute nazioarteko komunitatean esanahi argi bat. Hitz eta erregistro horiek behar zituzten. Gehienbat, nazioartera begira jaso zituen Mitchell printzipioak, ez hainbeste Euskal Herriari begira.



Jonathan Powell nazioarteko bitartekaria Altsasuko (Nafarroa) agerraldiaren ondoren etorri zen aurreneko aldiz Euskal Herrira, azaroaren bigarren hamabostaldian. 2007an Genevan ez ezik, egona zen ezker abertzaleko kideekin Londresen-eta, baina Altsasukoaren ostean hasi ziren elkarrekin ekinbide posibleak aztertzen; lehendabizikoa, Bruselako Adierazpena, barne eztabaida bukatu ondoren aurkezteko. Ezker abertzalea seguru zegoen jadanik bazeukala nazioartekoen sostengua, sinesgarri zela.



Barne eztabaida prozesuak ezker abertzalean sortu zituen tirabirak. ETAk bere desegite faseko dokumentu batean zioen estrategia aldaketa dinamizatu zutenen eta bien artean «komunikazio eta konfiantza haustura sakona» egon zela. Halaber, esan zuen erakundeari «2009ko udazkena ordua aldatu gabe» heldu zitzaiola.



Batzarrak egiten hasi ziren. Euskal preso ohiekin ere bildu ziren antolatzaile nagusiak. Rufi Etxeberriaren esanetan, sekulako espektatiba sortu zen, ezker abertzalean aspaldiko urteetan egon ez zen bezalakoa, eta nabarmendu du eztabaidan maila ona egon zela eta ekarpen pila bat jaso zituztela. «Ikusten zen nahi handi bat zegoela ziklo bat itxi eta berri batean sartzeko. Gainera, barne hausturarik ez gertatzea eredugarritzat jo du. «Egiaztatu zen ezker abertzalean heldutasun handia zegoela, baina esango nuke lehendik zegoela heldutasun hori».



2010-1-17: ETA-REN AGIRIA ALTSASUKOAZ



ETA mintzatu zen ondoren: 2009ko abenduaren 31n datatutako agiria bi aste pasara ezagutarazi zuen: urtarrilaren 17an. Irailaren 27koa zen haren aurreko agiria, Gudari Egunekoa. Honen ondorengoan, adierazi zuen bere egiten zuela ezker abertzaleak Altsasuko Adierazpenean esandakoa. Barne eztabaida gidatzen ari ziren kideentzat oso garrantzitsua izan zen ETAk hori esatea, Etxeberriak gogoan duenez.



Ezker abertzaletik kanpo bazen aintzat hartzeko beste zenbait mugimendu: EAk subiranisten elkarlanaren aldeko ebazpena plazaratu zuen 2009ko azaroaren 21ean; eta, 2010eko urtarrilaren 30ean, Adierazi EH eskubide zibilen eta politikoen aldeko ekinbide herritarra aurkeztu zuten, Bilbon. Ohiko gertakariak ere baziren: atxiloketak eta Madrilen polizia operazio mediatikoak, debekuak, euskal presoen borroka ekinbideak, tortura salaketak... Hego Euskal Herriko instituzioetan, Eusko Legebiltzarrean PSE-PP aliantza —PSE Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzan estreinakoz— eta Nafarroan UPN-PSN gobernua.





(Ezkerreko argazkian, Brian Currin eta Paul Rios, 2009ko urriaren 28an, Donostian, Lokarriren hitzaldian. Ezker abertzalearen asmo berria laudatu zuen Currinek. A. CANELLADA / FOKU; eskubikoan, Pello Urizar, 2009ko azaroaren 21ean, Donostian, indar subiranisten artekoelkarlanaz bere alderdi EAk egindako proposamena aurkeztean. JON URBE / FOKU)



Urtarrilaren 5ean, ordura arteko eztabaidaren berri eman zuen ezker abertzaleak: 254 herri eta auzo batzar eta 6.500 lagunen parte hartzea; «ia gehienak», txostenaren alde. Etxeberria: «Ikusten zen ETAk utzi egin behar zuela, baina, era berean, ikusten zen antolakunde berri eta legezko bat behar genuela, gatazkaren ondorioak itxi egin behar zirela ahal zen azkarren, indar metaketa beste eragileekin… Argi genuen beste kultura politiko bati ekin behar geniola, eta trantsizio bat behar genuela». Galdera ikur asko zituzten; «mundu ezezagun bat irekiko zen guretzat».



Hil hartan atera zuen Garzon epaileak Bateraguneko auzipetze autoa, eta epaitegira egindako joan-etorrietan ezker abertzaleak baliatu zuen bazetorren apustu berria elikatzeko, adierazpenak eginda; baita Otegik ere, Jose Mari Sagardui Gatza presoa aska zezatela eskatzeagatik egin zioten epaiketan. Urtarrileko atzeneko egunean argitaratu zuen ezker abertzaleak eztabaidako ondorioen laburpena.



2010-2-16: 'ZUTIK EUSKAL HERRIA' EBAZPENA



Beste bi astean, isilik. Otsailaren erdian eman zuten bukatutzat eztabaida, Zutik Euskal Herria ebazpena plazaratuta: hilaren 15ean, eduki nagusiak; hurrengo egunean, adierazpena osorik, sarean. Inauteriak ziren. «Aldaketa gauzatzeko» ardatzak: soilik bide politikoak eta demokratikoak; indar metaketa; nazioarteko aliantzak; aldebakartasuna; aktibazio soziala… «Adierazpena publiko egitea guretzat gainetik ikaragarrizko karga bat kentzea izan zen, askatasuna», azaldu du, hamar urtera, Rufi Etxeberriak.



«Aitortu behar da urratsa», esan zuen Brian Currin nazioarteko bitartekariak Zutik Euskal Herria-z —aurreko urteko urriaren 28an Batasuneko zuzendaritzaren apustuaren alde mintzatu zen Donostian, Lokarri-k antolatutako hitzaldi batean—. Nazioarteko eragileek aurretik bazuten ebazpenaren nondik norakoaren berri, baina haientzat mugarria Altsasuko Adierazpena zen, han esan zena nahikotzat jo baitzuten; ordea, gero barne prozesua bukatu arte egon ziren, eta amaitu ostean aurkeztu zuten Bruselako Adierazpena, martxoaren 29an —ondotik etorri ziren nazioartekoen pauso gehiago: HNT Nazioarteko Harremanetarako Taldea, NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea...—. «Bide berria ezker abertzale politikoak gidatzen zuela ikusten zuen», dio Etxeberriak.



Estrategia berriaren eztabaida nola joan zen eta emaitza nolakoa izan zen aztertuta, horrek ezker abertzale politikoari pentsarazi al zion lehenago egin behar zuela? «Erraz esaten da lehenago egin behar zela. Baina politikoki esan daiteke ezker abertzalea berandu iritsi zela eztabaida hori egitera», dio Etxeberriak. Ondoren galdetu du lehenago egin izan balute ea bateratua aterako ziratekeen.



----



BERRIAren Harian-eko beste edukiak:



Altsasukoa, nahikoa



Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik



Rufi Etxeberriaren balantzea hamar urteez



Mahai ingurua: Ainhoa Etxaide, Iosu Lizarralde eta Ion Ansa



Informazio osagarria

Publizitatea