Konponbideari begira

Berriak

Martin Ugalde Foroa. Jatorri anitzeko biolentzien biktimak

«Enpatia» ariketa bat

ETAren, GALen eta BVEren lau biktima elkartu dira Martin Ugalde Foroan. Elkarri entzuteko eta egia eta justizia izateko beharra nabarmendu dute Jauregik, Zamarreñok, Etxeberriak eta Otegik. Bideoa, albistearen amaieran.
Enekoitz Esnaola, Nagore Otegi, Naiara Zamarreño, Eneko Etxeberria eta Maria Jauregi, atzo, Martin Ugalde Foroan.
Enekoitz Esnaola, Nagore Otegi, Naiara Zamarreño, Eneko Etxeberria eta Maria Jauregi, atzo, Martin Ugalde Foroan. JON URBE / FOKU

2020-02-07 / Jon O. Urain

Gorrotoak» jan beharrean, «enpatia»; bestearen azalean jartzeko beharra. Indarkeriaren lau biktima batu ziren atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), Martin Ugalde Foroak Foro Sozial Iraunkorrarekin elkarlanean antolatuta, Jatorri anitzeko biolentzien biktimak izenburupean: Naiara Zamarreño eta Maria Jauregi, ETAk hildako Manuel Zamarreño PPko zinegotziaren eta Juan Mari Jauregi Espainiako gobernadore zibil ohiaren alabak, Eneko Etxeberria Batallon Vasco Españolek desagerrarazitako Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia eta Nagore Otegi GALek hildako Juan Mari Otegiren alaba. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak gidatu zuen solasaldia, eta laurek esandakoak entzuteko elkartu ziren dozenaka lagun: tartean, ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bat.



Mintzatu ziren elkarbizitzaz, gorrotoaz, egiaz. Gertatutakoaren transmisioaz. Laurek ez zuten elkar ezagutzen. Urte luzez, Jauregik ez du izan harremanik beste biktima batzuekin, eta, Otegirentzat, gisa horretako lehen saioa zen atzokoa. Baita Etxeberriarentzat ere. Ez Zamarreñorentzat, baina aitortu zuen «zaila» egiten zaiola oraindik.



Izan ere, kosta izan zaie plazara irteteko pausoa ematea. «Ni isiltasunean bizi izan naiz. Beldurra zen nire oztoporik handiena; jendeak jakitea nor nintzen, seinalatua izatea», azaldu zuen Zama- rreñok: «Zama txiki hori kentzea garrantzitsua da; askoz askeago sentitzen nintzen, eta izugarri lagundu zidan». Baita Jauregiri ere: «Aberasgarria da; garrantzitsua da jende ezberdina entzutea». Ohituago dago Etxeberria, haren anaiaren auziak zabalik baitago oraindik ere: «Garaiak aldatu dira. Euskal gizarteak barneratu du zerbait egin behar dela, aurrera egin behar dugula».



Nork bere bizipenetik osatu zuten laurek kontakizuna; besteak beste, azalduz maila pertsonalean nola kudeatu duten gertatutakoa euren seme-alabei transmititzea. Zamarreñorena da pasadizoa: «Gertatu zitzaidan logelan armairuak ordenatzen ari nintzela, semeari entzun nion esaten aitonari tiro egin ziotela. Hori ez zen horrela, eta alarma piztu zitzaidan; pentsatu nuen iritsi zela hitz egiteko momentua. Ez nekien nola jorratu, baina ikusi nuen informazioa zeukala».



Zamarreñok bi kezka zituen: «Gorrotoa ez izatea eta traumarik ez hartzea. Zortzi urte ditu. Beraz, modu sinple batean kontatu nion aitonari, desberdin pentsatzen zuelako, bonba bat jarri ziotela». «Denak hilko ditut» esan zuen umeak, baina amak ezetz erantzun: «Amak ez du inor gorroto eta ez dut nahi zuk inor gorrotatzea». Antzera mintzatu zen Jauregi, nahiz eta hark oraindik ez dien haurrei azaldu aitonari egin ziotena: «Gorrotoarekin erreakzionatzeak ez zaitu inora eramaten».



Aitortza



Lau hizlariek ahotan izan zuten aitortza hitza; indarkeriak eragindako oinazearena nahiz euren senideei gertatutakoarena; funtsean, egiarena. Otegi: «Jatorri ezberdineko biktimak gara, baina ondorio pertsonalak berdinak dira; sufrimendua bakoitzarena da, espezifikoa, baina antzeko egoera bat bizi izan dugunak hemen gaude. Bestearen sufrimendua aitortzeak eramango gaitu elkarbizitzara». Gordin jardun zuen Otegik, haren aitaren hilketa ez baitute argitu; egia falta du. «Kolektiboki ere garrantzitsua da. Itxaropenik ez dugu egia jakiteko, ezta justizia eta erreparazioa jasotzeko ere».



Manuel Zamarreñoren hilketagatik ere ez dute inor zigortu: «Egia hori behar dut nire zauria ixteko. Jakin nahiko nuke nork egin zuen, eta har dezala bere ardura. Nik niretzat eskatzen badut, gauza bera nahi dut besteentzat. Justizia behar dute». Justiziarik ez du Etxeberriak ere: gogorarazi zuen Genevara doala datorren astean, Nazio Batuen Erakundeko desagertze behartuen batzordearekin biltzera. Oraindik ere ez da agertu Naparraren gorpua, eta haren bila segituko duela adierazi zion NBEko Giza Eskubideen Goi Agintariak Eneko Etxeberriari abenduan.



Batzorde horrek auziari buruzko informazio gehiago eskatu zion Espainiako Gobernuari, baina hark erantzun zuen ez duela informaziorik. Madrilen jarrerarekin kritiko agertu zen Otegi ere: «Espainiako Estatuak ez du sentiberatasun izpirik. Diru laguntzak eskatu genituen biktima gisa; ezezkoa eman ziguten aita ETAko kidea zelako, eta gure aurkako atentatuagatik ere ez. Erantzunean, argudiatu zuten gure aurkakoa ez zela terrorismoa, egileak demokrazia defendatzen ari zirelako».



Zubiak



Aitzitik, «zubiak» eratu beharra aipatu zuen Zamarreñok: «Orain arte egon gara gure sufrimenduaz hitz egiten, jakinik ondokoak guk bezala pentsatzen zuela. Baina ariketa zaila da gaur egiten ari garena: deseroso sentitzen dituzun pertsonen sufrimendua zure egitea eta enpatia sentitzea».



Zubi horiek praktikatu egin zituen Jauregik, espetxe politikaz hitz egitean: «Gaur egungo sakabanaketa politikak ez du zentzurik, senideei jartzen ari zaizkie zigorra. Gizarteratzea nahi badugu lortu, hemendik mila kilometrotara zailagoa da». Bizikidetzari buruzko epilogoa eginez amaitu zuten solasaldia: elkarbizitza «errespetuarekin» lotu zuten Jauregik eta Zamarreñok: «Besteak entzunez, bestearen azalean jarriz, enpatia landu dezakezu», azaldu zuen aurrenekoak. Gauza bera Zamarreñok: «Gaur egiten ari garena elkarbizitzaren adibide bikaina da».





Solasaldia BERRIA TBn ikusi daiteke osorik.