Konponbideari begira

Analisiak

EAJ-ko barne hauteskundeak

"Alderdiaren gidaritza politikorako" Egibar alboan nahi duela esan du Imazek

Gaur eguerdian, Gasteizen, egin du Josu Jon Imazek EAJko lehendakari izateko bozak irabazi osteko lehendabiziko jendaurreko agerraldia. Pozik eta irribarretsu agertu da jeltzaleen barne hauteskundeak irabazi eta EBBren gidaritza eskuratuta. Nolanahi ere, bere ahalegina EAJ barneko sentsibilitate guztiak zuzendaritza berrian biltzea izango dela esan du Imazek, eta aurkari izan duen Joseba Egibar alboan nahi duela azpimarratu du, "alderdiaren gidaritza politikorako". Jaurlaritzaren estatutu proposamena eta EAJren ponentzia politikoa aurrera ateratzea izango dituela lehentasun agertu du.

2003-12-19 /

"Argi eta garbi daukat Joseba Egibarren laguntza nahi dudala EAJren gidaritza politikorako", esan du Josu Jon Imaz EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari berriak hautatua izan ostean egin duen lehen agerraldian. "Topatuko ditugu hori ahalbidetzeko moduak", erantsi du.

Izan ere, Imazek behin baino gehiagotan azpimarratu du EAJren barneko sentsibilitate guztiak bildu nahi dituela zuzendaritza berrian, eta horretarako ahalegin handia egingo duela agindu du.

Jeltzaleen lehendakari berriaren arabera, beren alderdiak erronka nagusi bat dauka etorkizunera begira: Jaurlaritzaren estatutu proposamena aurrera ateratzea, eta helburu horren inguruan EAJko sektore guztiak bat datozela nabarmendu du. "Jaurlaritzaren estatutu proposamena aurrera ateratzeko erronkari ilusioz ekingo diot, eta barne indar guztiak batuz", esan du.

EAJko lehendakari berria aukeratzeko prozesuan ez dela "irabazle eta galtzailerik" izan adierazi du Imazek, eta, oro har, alderdia bera eta militante guztiak atera direla prozesu horretatik garaile iritzi dio, "demokrazioa lezioa eman baitugu". Xabier Arzalluzek ondorengo izatea "ohore handia" dela ere agertu du.

Botoen %57 Egibarrek

EAJko barne hauteskunde prozesu korapilatsu samarra dela-eta, Imaz izango da EAJko hurrengo lehendakari. Hain justu, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruari esker da garaile Imaz. Afiliatuen boto gehiago jaso du, ordea, Egibarrek: boz guztien %57.

Egibarren ez du jendaurreko adierazpenik egin. Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, legebiltzarkide denez dagozkion lanak egiten, eta zain zeuzkan kazetariak irribarretsu agurtu baditu ere, ez du ezer esan nahi izan.

Publizitatea