Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Euskal presoak, auzi politikoa

 
Aitzol Gogorza preso eria —ezkerretik, laugarrena—, apirilean, Martutenetik irtetean. Etxean ari da zigorra betetzen.
Aitzol Gogorza preso eria —ezkerretik, laugarrena—, apirilean, Martutenetik irtetean. Etxean ari da zigorra betetzen. BERRIA

2019-09-25 / Enekoitz Esnaola

Bukatu da Espainiako Estatuko legealdia. Gorteetarako hauteskundeak berriro, datorren azaroaren 10ean. Gobernua —balego—, inauteriak aldera. Eta estatuan gaur, oraindik, 218 euskal preso; %96, EPPK-koak. Badaude kalkuluak aterata: egungo martxan, azkeneko euskal presoa 2057an irtengo da kartzelatik. Gainera, oraindik epaiketen mehatxupean daude Marixol Iparragirre eta Josu Urrutikoetxea behin-behineko presoak; iaz ETAren desegite adierazpenari ahotsa jarri zioten biak, hain zuzen.

Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko: ETA desegin zen; EPPK-ko kideak bide juridikoa egiten ari dira; Hego Euskal Herrian aldekotasun sozial, sindikal, politiko eta instituzional zabala dago... Iazko ekainean Moncloara heldu bezain laster, Pedro Sanchez gobernuburuak iragarri zuen «bestelako» espetxe politika bat egingo zutela; urrian, Espainiako eta Frantziako gobernuek euren erara ofizializatu zuten ETAren amaiera, eta gero iritsi zen Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren aitortza: sakabanaketak jadanik zentzurik ez duela. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman.

Zer egin dute epaileek eta PSOEren gobernuak? Publikoki esan denez behintzat, 30 euskal preso pasatu dituzte lehen gradutik bigarrenera, eta, bigarrenetik hirugarrenera, bost; egun batzuetarako bost irteera baimen eman dituzte; beste hiru kasutan, baldintzapeko askatasuna; 29 gerturatu dituzte Euskal Herrira —dena dela, haietako asko 300en bat kilometrora dauzkate—; lau ekarri dituzte Euskal Herriko kartzeletara; eta gaixotasun larria duten bi lagun kaleratu dituzte, eta beste bat etxean ezarri dute preso.

Beraz, Espainiako Gobernuan berriro PSOE denetik, halako ia 80 mugimendu egin dituzte —40ren bat laguni eraginez—, baina, erreparatuz gero, ikusten da Madrilek euskal presoen artean hautu politiko bat eginda jokatu duela, kartzela politika berri baterako ardatzetako liratekeen Euskal Herriratzeen, hirugarren graduen, irteera baimenen eta baldintzapeko askatasunen onuradun Langraiz bidekoak, berriki EPPK utzitakoak, Segirekin lotutakoak, txiolari bat, pintaketa egile bat, herri harresietako bat eta gaixorik larri dauden presoak izan baitira. Zuzenbide estatua delakoaren diskriminazioa beste pertsona presoekiko.

Halaber, PSOEren gobernuak espetxe mugimendu gehien Kongresuak aurtengo aurrekontu egitasmoa atzera bota artean egin zuen; joan den otsail erdian Sanchezek apirileko hauteskundeak iragarri zituenetik, Madrilek jaitsi egin du erritmoa: alderdi sozialistaren agintaldiaren lehen zortzi hilabeteetan mugimenduen bi heren egin zituzten, eta azkeneko zazpietan, beste herena. PSOEk hauteskunde, inbestidura eta gobernu zentratu baten interesak izan dituenean, euskal presoekiko lehengo tantakako bilakaera gehiago moteldu du.

Legeak ere, moldatzeke

Izan dira jokamolde epel horren adibide gehiago. Lege prozedurari jarraikiz, euskal presoen gizarteratze bidea kartzelan hasten dela dio Madrilek, baina PSOEren gobernuak bere ustezko irizpideak ezartzeko ez du hor ere egoera bihurtu, euskal presoak dauden zentroetan ez duelako espetxe zuzendari berririk edo bererik jarri; PPren aldikoak nagusi. Legedi aldetik ere, ezdeusa izan da gobernu aldaketa. Jarraitzen du 7/2003ak, garai berria trabatuz. Gaitz sendaezinak dituzten presoak aske uzteko instrukzioa moldatu du, baina orain ere ez dira lehentasun araudia eta medikuen hitza; edota, PSOEren abstentzio erabakigarriari esker, Kongresuak ez du euskal presoei Frantziako kartzela urteak batzeko 7/2014 legea erreformatzeko tramitea hasi.

Segitzen du ukazioak. Etxerat-ek ekainean zioen 2017ko udazkenetik ordura arte Espainiako Estatuan EPPK-ko kideen %66k (142k) ekin ziotela ibilbide juridikoari, baina oraindik lehen graduan dauzkate kolektiboko %80 —eta AEM inguruko bostak—, eta, beraz, eragotzi egiten diete legedia jarraitzea. Horrez gain, bigarren graduan daudenei epaileek etengabe ezeztatzen dizkiete irteera baimen eskaerak, eta ezin dute hirugarrenerako bide legala jorratu; ondorioz, ez diete kalerako atea barrundatzen uzten ere. Gainera, EPPK-koen erdiak eta AEM inguruko guztiak Euskal Herritik 600-1.100 kilometrora dauzkate.

Gorteetarako apirileko hauteskundeak baino aste batzuk lehenago BERRIAk Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari elkarrizketa bat egin zion, handik lau egunera argitaratzeko, eta elkarrizketatik ordu batzuetara deika zen Otegi, gauza bat zehaztu eta azpimarratu nahi zuela esanez: ERCrekin adostu zuten gutxieneko programan «lehentasuna, katalan eta euskal preso politikoen auziari irtenbidea ematea» zutela; gero helduko lieketela estatuko lurralde auziari eta politika sozialei. «Uste dugu erabakigarriak izango garela eta baldintzatu dezakegula [PSOEren gobernua]», zioen Otegik elkarrizketan. Ezker abertzale zibil eta zabalak Madrilgo karta parlamentarioa jokatzea erabaki, eta ez du horretarako aukerarik izan. Ipar Euskal Herriaren eta Frantziaren artean badago aldebikotasuna, publikoa eta ofiziala, eta, beraz, logikoa da euskal ordezkaritzak estatus hori lortuta espetxe eta lege bideari heltzea, ahaztu gabe unean uneko mobilizazioak eta aldarrikapenak, erakusten duten moduan. EAE/Hego Euskal Herria-Espainia aldebikotasunik ez dago, baina, gobernu berriaren hasierako jarrera, EPPKren bidea eta beste baldintzak aztertuta, Otegik iragarritako asmoak ere bazuen logika. Korapiloa baitago.

Non egin indarra? Nola?

Eman duena eman du Madrilek. Gainera, laino beltzak datozkio Europatik —ekonomiaren beste gainbehera bat eta brexit-a—, Kataluniako gatazka konplikatu egingo zaio zigor epaiarekin, eta, Bruselak egonkortasun instituzionala aginduta, baliteke PSOEk Espainiako eskuinean bilatzea aliatua gobernu berria eratzeko. Horrek are zailduko luke presoena.

Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola?

Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, «Herrialdearen hiru erronka nagusien» artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —«demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa» planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela.

Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.

Bestela, 2057 arte esperoan.

Publizitatea