«Denen artean eta denentzat»
Presoen auzian urratsak eta justizia trantsizionaleko neurriak eskatu dituzte Miarritzen osatu duten giza katean. Elkarbizitzan oinarritutako Euskal Herria aldarrikatu dute. Bideoak albiste barruan.
2019-06-09 / Ekhi Erremundegi Beloki
Milaka lagunek lotu zituzten Miarritzeko (Lapurdi) karrikak atzo arratsaldean, Bakea Euskal Herrian: Orain presoak! lelopean Bake Bideak eta Bakegileak antolatutako giza katean. 3.000 pertsona elkartu ziren antolatzaileen arabera, Hotel du Palais eta Birjinaren Haitzaren artean, elkarri eskua emanda, euskal presoen auzian urratsak egin daitezela eskatzeko.
16:00etarako ezarria zuten ordua antolatzaileek, eta zintzo bete zuten eskaria parte hartzaileek. Ordua heltzerako, milaka lagun zeuden peto urdinak jantzita giza katea hasi zain. Eragile politiko, sozial eta sindikal anitzetako ordezkariak agertu ziren protestan parte hartzera, bake prozesuan urrats gehiago behar direla eskatzen duen gizarte pluralaren erakusle.
[youtube]https://youtu.be/WCRfwgwndI4[/youtube]
«Joan den urtean pauso garrantzitsu bat eman zen gure herrian, baina oraindik pauso asko gelditzen dira emateke giza eskubide guziak aitortzeko eta, batez ere, presoen eskubideak aitortzeko», adierazi zuen Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak. «Presoak dauden bitartean eta kartzela politika horrek dirauen bitartean, hemen ez da bake osorik egongo». Antzera mintzatu zen Bake Bideko kide Juliette Bergouignan ere. «Armarik ez da, baina gure presoak oraindik presondegian dira, eta urrun. Eri direnak ere hor dira, preso, eta batzuentzat, badira 30 urte preso direla. Aldiz, beste hiltzaile batzuk karrikan dira». Justizia trantsizionaleko neurriak hartu behar direla azpimarratu zuen: «Historia kontatu behar dugu, bakoitzaren mina entzuna izan behar da, eta onartu behar da mina egina izan dela; baina zergatik borroka hori eraman izan den ere. Erro horiek konpondu behar dira». Sylviane Allaux PSko diputatu ohiak ere «garrantzitsutzat» jo zuen mobilizazioa, orain arte «urrats anitz» izan bada ere, gehiago behar direla argudiatuta.
Giza katea bukatuta, kasinoko plazan egin zuten ekitaldia, «euskal presoak etxera» oihuen artean. Michel Veunac Miarritzeko auzapeza mintzatu zen lehenik, eta herenegungo Seaskaren mobilizazioa ekarri zuen gogora. «Milaka haur, euskararen irakaskuntzarentzat baldintza hobeak eskatzen dituztenak. Horiek izanen dira biharko euskal herritarrak. Bakea zor diegu». 2019a urte erabakigarria izan behar dela azpimarratu zuen: «Armak isildu ondotik, bestelako baldintzak ere behar dira, Euskal Herriak behar duen elkarbizitza eraiki dadin». Ezinbestekotzat jo zuen euskal presoen hurbilketa.
[youtube]https://youtu.be/U5EWw8D6i4M[/youtube]
Euskaraz egin zituen lehen hitzak Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, protestan parte hartu zutenei eskerrak emateko. «Zuei esker egin dugu giza kate hau, elkarrekin indarra dugu». Frantziako Estatuari eman zion bigarren mezua: «Euskal Herriko gizarte osoa batasun batean da, eta estatuari eta botere publikoei ekintza berriak eskatzen dizkiegu. Eta bereziki, bake iraunkor bat eraikitzeko Euskal Herriaren borondatea jaso dezatela». Orain dela aste batzuk Emmanuel Macron presidenteari eskaera buruz buru egin ziotela oroitarazi zuen, baina Frantziako Gobernua eta Justizia Ministerioa ere jomugan jarri zituen. «Aitzinamendu nabarmenak egon badira ere, hurbiltze gehiago espero ditugu. Eta ez ditzagun ahantzi baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea duten presoak». Justiziari ere dei egin zion, Euskal Herrian «armak isildu» direla eta ETA desegin dela kontuan har dezan. Epaitegietan egoera berri hori islatu behar dela azpimarratu zuen.
Elkarbizitza eta presoak
2017an Parisen eta urtarrilean Baionan egindako mobilizazioak ekarri zituen gogora Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak hitza hartu zuenean, azken hiru urteetan, milaka jende bildu dituen hirugarren mobilizazioa antolatu dutela azpimarratuta. «Aktualitatea hain bizia duen hirira etorri gara, agintariei oroitarazteko bake prozesu batean tratatu beharreko ezinbesteko gaia dela presoena». Duten «obsesio» bakarra bakea dela adierazi zuen, «baina ez armen isiltasunera mugatzen den bakea; elkarbizitza posible egiten duen bakea baizik. Iragan mingarri batetik abiatuz, etorkizun baketsu demokratiko eta giza eskubideetan oinarritua bermatzen duen bakea». Bide «luze» bat deskribatu zuen, «askatzailea, baina, aldi berean gogorra», biktima guzien aitortzan eta egia jakiteko duten eskubidean oinarritua.
Bide luzea izanen dela ohartarazi zuen, nazioarteko erreferentziei aipamena eginez, baina esperantza ez galtzeko eskatu zuen. Bidea modu orekatuan egiteko beharra azpimarratu zuen, biktima guziak eta presoak, bi gaiak landuta. «Ezin da egia eta erreparazioaren ariketa bururaino eraman kartzela politikak ez badira aldatzen. Ez da negoziazio edo ordain bat, prozesuaren bideragarritasun kontua baizik».
Dinamika «interaktibo» batean sinesten dutela nabarmendu zuen Funosasek. «Egiten dugun urrats bakoitzak aitzinekoa berresten du, eta ondokoari atea irekitzen dio. Dinamika horretan oinarritzen da gure esperantza. Horrela lortuko da egiteko gelditzen denak egina izan denari zentzua ematea. Horregatik errepikatzen dugu: orain presoak!», erran zuen, irmo.
Orain dela bi urte abiatu zituzten Frantziako Justizia Ministerioaren eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren arteko harremanak, eta bilkura andana egin dituzte ordutik. Gorabeherak gorabehera, emaitzak ere izan dira, preso bat baino gehiago hurbildu dutelako Lannemezanera edo Mont-de-Marsanera (Okzitania). «Gauzak mugitu dira», adierazi zuen Bake Bideko presidenteak. «Paisaia berri bat marraztu da. Atzo ofizialki existitzen ez zen arazo bat konpondu beharreko zerbait da gaur. Baina, salbuespenezko neurrietatik at, ezinbestekoa da koadro juridikoa bake prozesuari egokitzea. Pentsaezina baita elkarbizitza bat posible dela pertsona batzuek oraindik hamar edo hogei urte preso pasatu behar badituzte ondorio mingarriak konpontzen ari garen gatazka batean».
Denbora pasatzen ari dela eta «presa» dutela adierazi zuen. «Pasatzen den denborak ekintza azkarrak eskatzen ditu». Hurbiltzeak azkeneraino gauzatzea eta DPS estatusak kentzea galdegin zuen. Presondegian 30 urte betetzen ari diren Jakes Esnal, Frederic Haranburu eta Unai eta Jon Kepa Paroten kasua ekarri zuen gogora. «Uztailaren 5ean Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna onartua izatea nahi dugu, askatuak izatea nahi dugu», adierazi zuen, parte hartzaileen txalo artean. Justizia trantsizionalaren mekanismoak martxan jarri behar direla erran zuen, Chistiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak ere Bellevue aretoan egindako konferentzian hori eskatu zuela gogora ekarrita. «Egia, errespetua, giza eskubideak, demokrazia. Balio horietan oinarrituko da elkarbizitza eta eraiki nahi dugun Euskal Herria. Denen artean eta denentzat».