Konponbideari begira

Berriak

Estrasburgoko Auzitegiak ez du onartu Gorka Fraile Euskal Herrira ekartzeko helegitea

Epaiaren arabera, bermatua dauka «familia bizitzarako eskubidea», nahiz eta 700 kilometrora egon. Hainbat eragilek modu «ezkorrean» baloratu dute erabakia
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota du Gorka Frailek urrunketaren inguruan jarritako helegitea.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota du Gorka Frailek urrunketaren inguruan jarritako helegitea. PATRICK SEEGER / EFE
Gorka Fraile larri gaixo dagoen euskal presoaren helegitea atzera bota du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Badajozko espetxetik (Espainia) Euskal Herrira gerturatzeko eskaera egin zuen Frailek 2016an, senideengandik gertuago egoteko. Durangokoa (Bizkaia) da Fraile, eta espetxe hori 700 kilometrora dago. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babes helegitea ukatuta, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen, baina auzitegiak ebatzi du zuzenbidearen araberakoa dela Konstituzionalaren erabakia.

Estrasburgoko Auzitegiak bat egin du Konstituzionalaren argudioekin. Ebazpen horren arabera, Fraile urrunduta edukitzeak ez zituen urratzen presoaren oinarrizko eskubideak. Bestela pentsatzen du Iñaki Goioagak, Fraileren abokatuak. Haren ustez, Estrasburgoko auzitegia «ez da auziaren muina aztertzera sartu», eta Espainiaren «argudioak ontzat ematera mugatu da». Abokatuak gaineratu du erabakiak «kontraesanak» dituela. Izan ere, ebazpenak jasotzen du Espainiako Estatuak presoaren «komunikazioa bermatu» behar duela, nahiz eta Fraileren helegitea tramiterako ez onartu.

Helegitea atzera botatzeko, zortzi kidez osatutako epaimahaia hainbat arrazoitan oinarritu da —Maria Elosegi epaile donostiarra tartean—. Ebazpenak dio euskal presoen urrunketaren helburua dela «ingurune terroristarekin» izan dezakeen lotura etetea. Epaimahaiak, gainera, kontuan izan du Fraile urruntzeko erabakia hartu zutenean ETA oraindik ez zela desegin. Bestalde, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, Frailek ez dio uko egin erakundeari, eta oroitarazi du ETAko kideen kasuan hari uko egin dioten presoek bakarrik lor dezaketela hirugarren gradua.

Goioagak uste du testuingurua «erabat aldatu dela»: «Helegitea aurkeztu zenetik hona, erabat aldatu dira baldintza politikoak. Ez dago erakunde armaturik 2018tik, eta ez dago borroka armaturik 2011tik». Hain justu, Fraileren helegitearen auzibidea erakundearen behin betiko su etenaren aurrekoa da —2010ean urrundu zuten Badajozera—, eta horregatik uste du Goioagak Estrasburgoren ebazpena bestelakoa litzatekeela helegitea orain aurkeztuz gero: «Orain ez dauka oinarririk».

Euskal Herrira ekarri ez arren, 2018ko azaroan Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxera hurbildu zuten Fraile, zigorraren hiru laurdenak bete ostean. Mingaineko kartzinoma epidermoidea du.

«Urrunketaren aurka»

Estrasburgoko Auzitegiak Fraileren helegitearen aurka hartutako erabakia dela eta, hainbat erakundek adierazi dute euskal presoen urrunketa ez dela bidezkoa.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, esaterako, adierazi du «urrunketak amaitu» egin behar duela. Erkorekak esan du euskal presoak beren herritik hurbil izatea «inteligenteagoa» dela, eta ,ETA desegin ostean, urrunketa amaitzea bat datorrela giza eskubideekin. Gainera, oroitarazi du jakina dela Jaurlaritza euskal presoen urrunketaren aurka dagoela, eta hori jasotzen dutela erakundearen hainbat dokumentu ofizialek.

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak, berriz, adierazi du «desados» dagoela Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpenarekin. Plataformaren ustez, ebazpenak «baimendu» egiten du «presoak ez ezik senideak ere zigortzen dituen espetxe politika». Gainera, ohartarazi dute auzibidea ETA desagertu aurretik hasi zela, baina orain ez dagoela erakunderik, eta ebazpenak «onartzen» duela ETArik gabeko egoera berrian urrunketak ez duela «zentzurik». Horregatik, plataformak eskatu du amaitzeko euskal presoei ezarritako salbuespen legedia: «Ez dago erabaki hori luzatzeko aitzakiarik». Fraile larri gaixo dagoen presoa dela eta etxean behar lukeela ere azpimarratu dute. Etxerat-ek modu «ezkorrean» baloratu du auzitegiaren ebazpena, eta gehitu du urrunketak euskal presoen senideei «higadura fisiko, psikologiko eta ekonomiko ikaragarria» eragiten diela.

Bestalde, jakinarazi dute Alberto Ilundain Iruñeko euskal presoa Espainiaratu egin dutela, Frantzian 21 urteko espetxe zigorra egin ostean. Espainiak preso hartu du.

Informazio osagarria

Publizitatea