Konponbideari begira

Berriak

Aitzol Gogorza espetxetik irten da zigorra etxean betetzeko

Gaixotasun larria du euskal presoak, eta hogei urte egin ditu kartzelan. Bigarren gradua eskuratu du, eta «modu malguan» ezarri diote
Aitzol Gogorza aske uzteko eskatzeko mobilizazio bat Errenterian, 2017an.
Aitzol Gogorza aske uzteko eskatzeko mobilizazio bat Errenterian, 2017an. BERRIA
Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) euskal presoa espetxetik irten da zigorra etxean betetzeko. Gaixotasun larria du euskal presoak, eta baldintzapean utzi dute libre, hogei urte espetxean egin ostean. Basauriko (Bizkaia) espetxean egon da preso 2012tik, eta 100.2 artikuluari eta Basauriko espetxeko tratamendu batzordeak egindako proposamenari jarraituz, bigarren gradua «modu malguan» ezarri diote. Atzo utzi zuten aske, eta Martuteneko kartzelan tramite batzuk egin ostean, Donostiako ospitalera eraman zuten. Ingurukoek espero dute «egun batzuetan» etxean izatea.

Espainiako Auzitegi nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak eman du Gogorza espetxetik ateratzeko agindua. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrendan zegoen Gogorza, obsesio konpultsio desoreka baitu, eta urteetan garapen kronikoa izan du gaitzak. Hainbatetan eskatu dute gradu aldaketa, baita baldintzapean aske uzteko ere, baina ukatu egin izan dizkiote eskaera horiek orain arte. 2017ko otsailean, 100.2 artikulua aplikatzeko eskatu zuen, eta Estrasburgoko Auzitegiari galdegin zion Frantzian preso egindako denbora zigorren batura aintzat hartzeko.

1999an atxilotu zuten Gogorza Frantzian, eta hamar urteko zigorra beteta, 2011n eraman zuten Espainiara. Auzitegi Nazionalak hogei urteko kartzelaldira zigortu zuen orduan. Madrilgo Soto del Realen espetxeratu zuten, eta, han, «tentsio uneak» bizi eta bakartuta egon ondoren, larriagotu egin zitzaion gaitza. 2012an lekualdatu zuten Basauriko espetxera, baina urteotan gaixotasunak okerrera egin duela jakinarazi du Jaiki Hadi elkarteak. Gainera, 2014an eta 2017an biriketako tronboembolismoa izan zuen; biriketako infartua, alegia. Jaiki Hadiren arabera, azken bost urteetan 27 aldiz eraman dute ospitalera. Espetxean bizitzen ari zen egoera salatzeko, Gogorzak gose greba bat egin zuen 2016an.

Jaiki Hadik salatu du Gogorzak etxean behar duela bere gaixotasunari aurre egiteko. Kartzelak eritasun mentaletan duen eraginaz ohartarazi dute kaleratutako azken txostenean: «Gogorzaren gaixotasunak toki lasai eta egoki bat eskatzen du bere obsesio eta antsietateak baretzeko».

Hogei euskal presok dute gaur egun gaixotasun larriren bat, Jaiki Hadiren arabera. Sarek eta EH Bilduk, horien denen askatasuna eskatu dute Gogorzaren kaleratzeare berri izan ostean.

Balorazio «positiboa»

EH Bilduko Julen Arzuagak esan du Gogorzaren irteera «duina» izan dela, eta hala behar duela gainontzeko presoekin ere. Sare plataformak, berriz, «positibotzat» jo du Gogorzaren kaleratzea. Errenteriako erakundeek eta herritarrek egindako lana ere eskertu du plataformak: «Erakutsitako aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoak izan dira». Larri gaixo diren gainontzeko euskal presoak ere aska ditzatela eskatu dute, eta igandean Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizazioetara deitu dute hainbat herritan ostiralerako.

Publizitatea