Konponbideari begira

Berriak

Etxerat-ek «begirunea eta enpatia» agertu die biktima denei

«Barkamena» eskatu die ETAren biktimei. «Bizikidetzari» egindako «ekarpena» aurkeztu du.
Etxerat elkarteko kideak, atzo, Donostian. Mahaian daudenek irakurri zuten adierazpena: Ibon Garatek eta Peru del Hoyok.
Etxerat elkarteko kideak, atzo, Donostian. Mahaian daudenek irakurri zuten adierazpena: Ibon Garatek eta Peru del Hoyok. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

2019-03-02 / Enekoitz Esnaola

Adierazpen berritzaile eta mamitsu baten berri eman du Etxerat elkarteak, hedabideen aurrean: euskal gatazkako «bortxaren era guztietako biktimekiko aitorpena, begirunea eta enpatia» agertu ditu, eta «barkamena» eskatu die ETAren biktimei, haien «minaren aurrean isiltasuna» gorde duela eta «urrun» egon dela aitortuta. Donostian egin du agerraldia euskal presoen eta iheslarien senideen eta lagunen elkarteak, Miramar jauregian. Sarrera testu baten ondoren dator adierazpena, bi orrialdekoa, «bizikidetzari ekarpena» egiteko taxututakoa azkeneko asteetan. Urteetako prozesu baten ondorioa da.



Etxerat-ek salatu du «urte askoan» sentitu izan duela gizartearen zati baten eta haren ordezkari politikoen «indiferentzia», eta horrek bere burua «babestera eta besteen minaren aurrean isiltasuna gordetzera» eraman duela, baita «besteengana hurbiltzeko eta haiei enpatia adierazteko gai ez izatera» ere. Ondorioz, «zinez eta benetan barkamena» galdegin du, bere «urruntasunaren bidez areagotu» egin ahal izan duelakoan «ETAren biktimek jasan behar duten mina».



Aitortu du espetxe politikaz «ETAren biktima asko aurrerapauso bat» ematen ari direla, bestelako eredu bat aldarrikatzen ari direla onartuta. «Eskertu nahi diegu sufritzen dugunokiko agertzen duten enpatia eta eskuzabaltasunez egitea». Ohartarazi du «salbuespeneko» espetxe politikaren «biktima potentzialak» direla oraindik euskal presoen senideak eta lagunak, eta gogoratu du «sakabanaketaren ondorioz» hamasei lagun hil direla.



Aurrera begiratu nahi du Etxerat-ek, eta eskatu du belaunaldi berriek «gatazka politikoaren ondorioak» ez ditzatela pairatu. Hartarako, garrantzitsua deritzo «elkar entzuten» jarraitzeari. «Zubiak eraiki beharra daukagu, kontakizun poliedriko batera hurbiltzeko. Benetako bakerantz eta bake iraunkorrerantz doan bidea babesten duen gizarte bati guztion artean egin diezaiokegun ekarpenik onena da».



Donostiako agerraldian Etxerat-eko bost kide izan dira: Ibon Garate, Peru del Hoyo, Gorka Garcia, Patrizia Velez eta Urtzi Errazkin. Hain zuzen ere, Garatek eta Del Hoyok irakurri dute dokumentua; aurrenekoaren anaia Ruben Garate, espetxe batera egindako bisita batetik bueltan zela istripuz hil zen, 2000n, eta Del Hoyoren aita Kepa del Hoyo, Badajozko (Espainia) kartzelan zendu zen, 2017an, bihotzekoa izanda, ziegan bakartuta zegoela.



Jauregi: «Pauso handia»



Beste mota bateko biktima da Maria Jauregi —haren aita Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohia ETAk hil zuen, 2000n—, eta txio batean azaldu du «pauso handia» dela Etxerat-ek agiri horren bidez emandakoa.



Nekane Altzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak Donostiako agerraldian izan dira, eta ondoren adierazi dute «urrats garrantzitsua» izan dela. Paul Rios Lokarri-ko koordinatzaile ohiari, berriz, «oso eraikitzailea» iruditu zaio elkartearen adierazpena.



Covite biktimen elkarteak Etxerat-i eskatu dio barkamena eskatzen hasi aurretik «irmo» gaitzesteko «ETAren terrorismoa». Etakideen jarduerarekiko «konplizitatea» izatea egotzi dio.



Prozesu baten fruitua



Etxerat-en agiria, ekitaldian esan dutenez, elkarteak «bizikidetza sendotzeko eta gatazka politikoa ebazten laguntzeko» daraman prozesu baten fruitua da. Badira urte batzuk elkarbizitza sustatzeko lan bati ekin ziola. Esate baterako, ETAk 2011ko urrian jarduera armatua bukatu zuela iragarri baino urtebete lehenago, Gernikako Akordioaren sinatzaileetakoa izan zen. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza planari ekarpenak egin izan dizkio; Foro Sozialeko kide «aktiboa» da; eta mota desberdineko biktimak elkartutako jardunaldietan parte hartu izan du.



Iazko urrian, beste urrats bat egin zuen Etxerat-ek: Fernando Buesa fundazioaren topaketetara joan zen, Gasteizera. «Konbentzituta geunden, ezberdintasunak izan arren, elkarri entzun behar geniola eta zubiak eraiki behar genituela, aurrera egiten saiatzeko, batzen gaituen horretan oinarrituta», esan du, dokumentuaren sarrera gisako azalpenean. «Hori da bizikidetzari egin diezaiokegun ekarpen nagusia, iraganeko bidegabekeriak errepikatzea ezinezko egingo duen etorkizun bat eraikitzeko».

Informazio osagarria

Publizitatea