ENBAXADA BILA
Jarreren aldaketa
2019-01-13 / Martxelo Otamendi Egiguren - BERRIAko zuzendaria
Azken urteotan bezala, atzo egin zen Bilbon urtarrilaren hasieran euskal preso politikoen eskubideen alde egin ohi den manifestazioa. Manifestazio handia, milaka eta milaka lagun bildu zituena, beste behin preso horien oinarrizko eskubideen urraketa gelditzea eskatu zuena: urruntzearen bukaera, osasun egoera larrian dauden presoak etxeratzea, hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzea...
Aurten, bigarrenez, Baionan ere egin da manifestazioa, egun berean. Adostasun handia dago Ipar Euskal Herrian, eta ez preso politikoen auzian bakarrik, erakunde publikoen eta gizarte taldeen artean. Gainera, era gorabeheratsuan, baina zabalik dauka euskal ordezkaritza instituzional-sozial horrek komunikazio bidea Frantziako Gobernuaren Justizia Ministerioarekin. Harreman hori publikoa da, ez da ezkutatzen, eta, normala denez, elkarri egiten diote aitortza.
Alde ederra Pirinioetatik behera gertatzen denarekin. Ipar Euskal Herrian dagoen elkarlana ez da oraindik lortu Hego Euskal Herriko eragile politikoen, sindikalen eta sozialen artean, nahiz prozesu hori bultzatzen ari diren gizarte taldeak lan iraunkor eta diskretoa egin. Espainian, nahiz Sanchez presidenteak kargu hartu eta 10 eguneko epean hiru aldiz esan espetxe politika aldatuko zuela, ez dira bete oraindik sortu zituen espektatibak, asko mantsotu dutelako preso politikoen oinarrizko eskubideen gauzatzea. Espainian mantsotu, eta Frantziakoa mantsoarazteko ahalegina egin.
Espainiako Gobernuak askoz behartuago ikusiko luke bere burua espetxe politika aldatzera, Iparraldean bezala Hegoaldean ere eragile guztien arteko elkarlan sendoa osatuko balitz. Giza eskubideen alorreko auzi bat da, oinarrizko eskubideen auzia. Iraganeko jarrera batzuek aldatu beharko lukete, egoera aldatu denez.