Euskal presoak
Davok aitortu du biktimen elkarteek eragina dutela Frantziaren espetxe politikan
Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak Mediabask-i esan dio euskal ordezkaritzarekiko elkarrizketa ez dagoela blokeatua.
Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak abenduaren 14an adierazi zuen "etenda" dagoela Parisekin duela urtebete pasatik daukan elkarrizketa. Davok Mediabask-i esan dio bere iritzian elkarrizketa ez dagoela blokeatua, eta azpimarratu du ministerioaren jarrera hasierako bera dela: legedia oinarri hartu eta euskal presoen kasuz kasuko azterketa —ezarritako zigorra, arrisku maila, kartzelako jarrera...—.
Euskal ordezkaritzak Frantzian preso dauden hamar euskal emakumeak kartzela batean batzea ere galdegin du —haientzako modulurik ez dago Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen—, baina Parisek ez du pausorik eman oraindik. Rennesen batzea litzateke aukera bat, baina, Davok dioenez, ez dago eskaera formalik.
Garikoitz Aspiazu (Arles), Jakes Esnal (Saint Martin-de-Re) eta Aitzol Iriondo (Moulins) bakarrik daude euren espetxeetan, eta Davok adierazi du Justiziak aurkitu beharko duela aterabideren bat. DPS estatusaz ere mintzatu dira elkarrizketan: oraindik hamabi presori ez diete kendu, eta Justizia Ministerioko arduradunak esan du aferak garapen baikor bat izan dezakeela. Baldintzapeko askatasunez, azaldu du ministerioak ez duela erabakitzeko ahalmenik.