Konponbideari begira

Analisiak

Euskal presoak. ANALISIA

Immobilismoak

 
<em>Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea</em> martxara deitzen hainbat euskal eragile, Bilbon, 2014ko urtarrilean.
Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea martxara deitzen hainbat euskal eragile, Bilbon, 2014ko urtarrilean. L.JAUREGIALTZO / FOKU

2019-01-10 / Enekoitz Esnaola

Bukatu zen ETA erakunde modura, baina asko kostatzen ari da Espainiako Estatuan (ere) euskal presoen auzia konponbidean jartzea.



1997: Eusko Legebiltzarra eta EPPK. 1997a, gatazka armatua eta errepresioa, puri-purian. Baina, ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahitua zeukala, martxoaren 4an Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko ordezkaritza bat Alcala-Meco espetxera (Madril) joan zen, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena Txikierdi EPPKren mintzaidearekin biltzera. Espetxeetako Instituzioek (Barne Ministerioa) eman zuten batzartzeko balekoa, eta, handik lau egunera, Jose Antonio Rubalkaba (EAJ), Jone Goirizelaia (HB), Jasone Irarragorri (EA) eta Javier Madrazo (IU-EB) legebiltzarkideak joan zitzaizkion Txikierdiri. Kartzelako bulego batean bildu ziren, lau ordu eta erdiz. Pixka bat lehenago —otsailaren 20an— onartu zuen Eusko Legebiltzarrak presoak Euskal Herri ingurura hurbiltzeko plana, eta EPPKren mintzaideari esplikatu nahi zioten Rubalkaba batzordeburuak eta konpainiak. Txikierdik beste txosten bat entregatu zien. Bi ordezkaritzak ez ziren ados jarri, baina, behintzat, han bazegoen harremana, aitortza eta elkarrizketa. Gaur egun, 22 urtera, jadanik ETArik gabe baina oraindik 275 preso daudela, gaurko euskal ordezkari politiko/publiko goren askoren afana katalan presoekin biltzea da. Ezker subiranismotik kanpo, Foro Soziala baino ez da joaten EPPK entzutera. Eta badago zer entzuna eta zer esana.



1999 eta 2014: EAJ. EAJk euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio batera lehen aldiz 1999an deitu zuen; atzo hogei urte. Lizarra-Garazi garaia zen, eta HB, EA, AB, IU-EB, Zutik, Batzarre eta zazpiak izan ziren deitzaileak. Bi aste lehenago iragarri zuten Bilboko manifestazioa, abenduaren 24an, prentsaurreko batean. «Gatazka politikoa gainditu eta Euskal Herrian demokrazia eta bake jokaleku bat behin betiko kokatzeko prozesu hau lagundu eta sendotzeko egin beharreko urratsak, euskal gizarteak pairatzen duen sufrimendua desagerrarazteko helburuak bultzatzen gaitu». Leloa: Euskal presoen eskubideen alde. Manifestazioaren egunean hedabideen aurrean mintzatu zen Xabier Arzalluz EAJren EBBko burua: «Bakea lortzea da gure helburua, eta lortu egingo dugu. Besteak mugitzen ez badira, hor konpon. Kartzeletan hainbeste urtetan dagoen egoera ari gara salatzen. Azkenean, kalera ateratzea erabaki dugu, guztion artean protesta egiteko». Ez zen EAJ martxara konbentzituta joan, baina bazituen akordio batzuk, eta joan zen. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako gaurko lehendakaria ere bazen mobilizazioan. Oholtzatik, deitzaileek: «Egungo egoeran sobera daude immobilismoak». 2014ko martxan ere, EAJ deitzaileetakoa, Tantaz Tantaren mobilizazioaren debekuari erantzuteko alderdi eta sindikatu abertzale nagusiekin batera. Leloa: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Erreakzio traketsa izan zuten manifestari batzuek, oihuka hartu baitzituzten buruzagi jeltzaleak. EAJ harrezkero ez da joan presoen manifestaziora, eta etzikora ere ez da azalduko. 1997ko otsaileko plan hartan bezala, gerturatzeetarako 250 kilometroko egitasmoarekin segitzen du, Madrilen pausoaren zain, aldi berean Euskal Herrian ekintza batasun zibil eta demokratiko handia sustatu gabe.



1986-2012: Covite, PSOE... Gaixotasun sendaezinengatik libre utzi ondoren hil ziren zortzi euskal preso ohiren zerrendaren berri eman du Covitek. 1986an libre utzi eta 1987an zendu zen preso baten kasua dakar lehen tokian. Zerrendan, aske utzi zuten azken preso eria: Josu Uribetxebarria Bolinaga, 2012an. Harexen kasuak eragin zuen zalaparta politiko eta mediatikorik handiena. Ia urtebete zen ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuela. Betiko menia eman eta bi hilabetera heldu zen Moncloara Mariano Rajoy, baina ez zuen euskal preso eriekin Zigor Kodea eta espetxe araudia ezarri —Uribetxebarria, epaile batek askatu zuen—. ETA desegin berritan iritsi zen Pedro Sanchez presidentetzara, baina gobernu instantziek zazpi hilabeteotan ez dute euskal preso eririk askatu, ezta inor Euskal Herriratu ere tratamendu hobea jasotzeko. Gaixotasun sendaezina dutenen kasu oro Coviterekin-eta kontsultatuko dute. ETAren ostean ere, oso eraginkor segitzen dute aznarismoak sortu edota elikatutako lobby-ek. PSOEri berari, izan ere, ez datozkio gaizki presio batzuk urrats azkarragoak ez egiteko.



2018: PSE-EE. Iazko maiatzaren 28an Tontxu Rodriguez PSE-EEko senatariak EAErako espetxe eskumena eskatu zuen, Senatuan. Lurralde Administrazioetako estatu idazkari Roberto Bermudez de Castroren (PP) agerraldia baliatu zuen eskaera egiteko. Rodriguez: «Interes politikoa baino ez da falta». Ondoren, En Jake ETB2ko programan mintzatu zen, irmo. Moncloan Rajoy zen, baina ekainaren hasieratik Sanchez denetik euskal sozialistak isilik samar dabiltza gai horretan ere. Fernando Grande Marlaska Barne ministroak esana du eskumenaren afera ez dagoela «momentuko agendan». Halaber, Kongresuko indar harremanen «ezegonkortasuna» aipatuz dabil PSE. Gogoz kontra bada ere, nahiko luke beste espetxe politika bat, baina Madrilen aurrean ausardia eta ahots propio nahikorik gabe ikusten da.



Ondorioak. ETAri su-etena emateko eskatzen zioten. Betiko eman zuen (2011). ETAri armagabetzeko eskatzen zioten. Desarmatu zen (2017). ETAri desegiteko eskatzen zioten. Bukatu zuen ETAk ibilbidea (2018). Espetxe legedia segitzeko galdegiten zioten EPPKri. Ari da, batik bat duela urtebetetik. Hitz ematen zuten halako kasuetan aldatuko zutela kartzela politika, edo egingo zutela bat eragiteko. Hala ere, «ETAko» presoen aurkako salbuespen politika ez da amaitu. Ezker abertzaleari kostatu egin zaio bide hau hartzea, agian berandutzeraino, baina hartu du. Ordea, ikusitakoak ikusita, ondoriozta daiteke eragile zenbait, bakoitza bere erara, ezker abertzaleari iraganagatik faktura pasatzen dabilela, eta egindako eskaera haiek ETAren bukaera bilatzeko zirela soilik, ez, kasuan, presoena konpontzeko. Eta, presoen zama arintzen hasteke, ondoriozta daiteke ezker independentismoaren proiektua blokeatu nahian dabiltzala, kasurako 2011 bukaeraz geroztik Madrilek lortu zuen bezala.

Publizitatea