Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Eriak

Osasunarekin jokatzen

Gaitz sendaezinak dituzten presoak aske uzteko instrukzioa moldatu berri du Espainiako Gobernuak. Legea, araudiak eta medikuen hitza ez dira lehentasun

2019-01-05 / Enekoitz Esnaola

Espainiako Estatuan legeak eta espetxe araudiek diote gaitz larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske utz daitezkeela, baina unean uneko gobernuak instrukzio berria ezartzen du. Auzia humanitariotzat jotzen da, baina politikariek eta epaileek eskua sartzen dute, medikuen gainetik jarrita. Afera koiunturala ere bada. Berriki izan da Espainiako Estatuko agintarien azkeneko mugimendua: aste honetan jakin da gobernuak osasun egoera horretan diren presoak baldintzapean libre uzteko irizpideak moldatu egin dituela, PPren gobernuaren 3/2017 instrukzioa indargabetuta. Joan den abenduaren 17an sinatu zuen agindu berria Angel Luis Ortiz Espetxeetako Instituzioetako idazkari nagusiak —6/2018 izenekoa—, eta hil bereko 21ean jarri zuten indarrean.



Baina, bost hilabete lehenago, gobernu berak ezezko erantzuna helarazi zion Jon Iñarritu EH Bilduko senatariari. Ekain hasieran PSOE Moncloara iritsi, eta handik hiru astera haren gobernuari idatziz galdera bat egin zion Iñarrituk, Senatuan: ea bazuen PPren garaiko instrukzioa bertan behera uzteko asmorik. «Uztailaren 24an erantzun zidan: ezetz», esan du EH Bilduko hautetsiak. Erantzunak zekarren 3/2017ak antolaketa eta osasun kontuak aipatzen dituela, horiek ez daudela «kontraesanean» legediarekin, eta ez zutela aldaketarik egingo. Orain bai, egin dute. Aldaketa nagusia da preso gaixoak libre lagatzeko irizpide bakarra ez dela izango bizi itxaropen laburraren iragarpena; esaterako, haien «bizi kalitatea» ere aintzat hartuko dutela dator aginduan.



Pedro Sanchez gobernuburuak ekainean iragarri zuen ETAren desegitearen —maiatzak 3— ondoren «bestelako» espetxe politika bat egingo dutela. Iñarrituk, dena dela, ez du uste asmo horri erantzuten dionik preso eriei buruzko instrukzio berriak. «Zaplanaren kasuak indarra hartu du agenda politiko eta mediatikoan, eta, nire iritziz, horregatik egin du gobernuak aldaketa». PPren aldiko ministro ohia da Eduardo Zaplana, preso dago ustelkeria egotzita, leuzemia dauka, eta arriskuan ei du bizitza. Libre uzteko eskatzen ari da hainbat eragile; haietako askok ez dute neurri bera nahi euskal preso erientzat.



Espainiako Zigor Kodeko 91. artikuluak dio gaixotasun larri eta sendaezina duen preso baten «bizitza arrisku nabarian» badago baldintzapean aske utzi ahal duela epaileak edo auzitegiak. 2012an Auzitegi Nazionalak Josu Uribetxebarria Bolinaga euskal presoa baldintzapean libre utzi izanak —zeukan minbiziagatik, bizi itxaropen laburra iragarri zioten— polemika handia eragin zuen estatuan, eta, euskal presoen artean kasu berriak saihesteko, PPk instrukzio bat ezarri zuen 2017ko otsailean: kaleratzea emateko, gaitz sendaezina zuen presoari gehienez bi hilabeteko bizia iragarri beharko ziotela medikuek. Iñarritu: «Euskal presoen askatasuna ahal zen gehien eragozteko asmoa zuen PPk». Geroztik, ez da euskal preso eririk geratu aske baldintzapean. Eragozpen bera aurkitu du orain parean Zaplanak.



Espainiako Espetxe Araudiko 100.2 eta 104.4 artikuluen bidez ere eman ahal zaie irtenbiderik gaixotasun sendaezinak dituzten presoei; azken batean, irteera baimenak edo baldintzapeko askatasuna lortzeko. 100.2 artikulua: bigarren graduan daudenei, hirugarreneko ezaugarriak ezarri ahal zaizkie —eskumuturrekoa, etxean egon beharra ordu batzuetan...—. Gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero zela erabili izan zuten. 104.4a: hirugarren gradua. ETAk jarduera armatuaren bukaera jakinarazi zuenetik ere —2011ko urria— ez da hobetu euskal preso erien egoera, eta denbora badoa aurrera.



Mediku baten azpimarra



«Gainera, politikariak osasun kontuetan eskua sartzen ari dira», gaitzetsi du Nahia Aia Galdakaoko (Bizkaia) eritxeko mediku eta Osabideak elkarteko kideak. «Eta epaileek dute azken hitza». Aiak azaldu du «uneko orientazio politikoaren» arabera egiten dituztela halako instrukzioak. «Osasunaz ez dakitenak ari dira arautzen».



Osabideko kideak dio ez dela egokia baldintzapean aske uzteko faktoretzat denbora hartzea. «Medikuntzan deuseztatu egin da terminalitate kontzeptua; gaixotasun aurreratuaz hitz egiten da. Medikuok ez dugu gaitzaren denbora kontuetan asmatzen, azkenean aldagai asko izaten baitira gaixo batengan: adina, gorputza, konplikazioak... Instrukzio berrian oso bizialdi motzeko kontzeptua kendu duten arren, oraindik aintzat hartzen da denborazkotasuna. Beraz, bi instrukzioek ideia bera dute: preso gaixoak epe laburrean hiltzeko soilik atera behar direla espetxetik». Aiak nabamendu duenez, gaixotasun sendaezin guztiak hartu behar dira kontuan, ez soilik hilzorian daudenen kasuak.



Badago beste arazo bat, Osabideak elkartekoaren esanetan: estatuko ia erkidego denetan kartzelako medikuak espetxe administraziokoak direnez, «independentzia profesionalaren gabezia» dago. «Txostenetan saihestu egiten dituzte juridikoki garrantzia duten kontzeptu medikoak, eta horrela ezinezkoa da salaketak aurrera ateratzea». Iñarrituk dio Madrilek espetxeetan osasun arloko arazo bat ere baduela, «urtero ehun preso hiltzen direlako osasun arrazoiengatik. Administrazioak esaten du berezko heriotzak direla, baina ez da horrela». Jaiki Hadi elkartearen arabera, 21 euskal preso zendu dira Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta beste hamar, kalera atera eta gutxira, gaitz larriengatik.



Estatuko espetxeetan ia hogei euskal preso daude gaitz sendaezinekin. Zortzik anonimatuan egotea hautatu dute, eta 11ren izen-abizenak publikoak dira —Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde eta Mikel Arrietarena—. 11 horietatik, inor ez dute hirugarren graduan. Sei, bigarrengoan daude, eta besteak, aurrenekoan, erregimen itxian. Eta Euskal Herrian preso hiru baino ez dauzkate —Martin, Gogorza eta Iparragirre; azkenekoa, zentro batean—.



Preso gaixoekin hasi



Kalera Kalera-k eri larri dauden preso denak askatzeko eskatzen du. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak zerrenda egitean «zorroztasun» handiagoa izateko eskatu du, kasu batzuk argiak ez direlakoan. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak estatuko preso eri guztiekiko «berdintasun printzipioa» izatea galdegin du. Haren arabera, aurreko agindua ez zen gizalegezkoa. EAJrentzat ere, «denentzat» balio behar du instrukzio berriak.



Nahia Aia medikuak nabarmendu du «kartzeletako atea zabaltzen hasteko lehentasuna» gaixorik dauden presoek dutela.

Informazio osagarria

Publizitatea