Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

Madrilek bertan behera utzi du Rajoyren instrukzioa, gaixo dauden presoen ingurukoa

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak baieztatu duenez, gobernuak arindu egingo ditu gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoak aske uzteko baldintzak. Sarek eta Eusko Jaurlaritzak eskatu dute irizpide horiek preso guztiei ezartzeko.

Sortuk Basauriko espetxera egindako martxa, gaur. ©Aritz Loiola, Foku
Sortuk Basauriko espetxera egindako martxa, gaur. ©Aritz Loiola, Foku

2018-12-31 / Hodei Iruretagoiena

"Jakin dugu Espetxe Agintaritzak baduela agindu bat dioena soilik hilzorian daudenean askatuko dituztela euskal presoak". 2017ko martxoan Ibon Iparragirre euskal presoaren kasuaren harira egin zituzten adierazpenok Sareko kideek. Hilabete lehenago onartu zuen Mariano Rajoyren gobernuak 3/2017 insktrukzioa, gaitz larriak dituzten presoak aske uzteko baldintzak gogortzeko. Orain, Pedro Sanchezen gobernuak bertan behera utzi du agindu hori, eta beste irizpide batzuk ezarri ditu kasu horietarako, El Correo egunkariak jakinarazi eta Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak baieztatu duenez. Ministroak zehaztu du "betiere kontrol judizialpean" hartuko dituztela erabakiak.



Informazio horren arabera, presoen bizi itxaropena baldin bazen orain arteko irizpide bakarra, bestelako elementuak ere kontuan hartuko dituzte orain, protokolo berri batekin. Besteak beste, gaixo dauden pertsonek kartzelan duten "bizi kalitatea" hartuko lukete aintzat.



Horretarako, dokumentu bat prestatu dute, presoen osasun egoera aztertzen duten medikuek horren araberako diagnosia egin dezaten. Hiru aukera jasotzen ditu agiriak, osasun egoeraren sailkapena egiteko: presoa "hilzorian" ote dagoen; "epe motzera" egoera okertu daitekeen -sei hilabete eta urtebete artean-; edo "epe ertainera" ote letorkeen arriskua -urtebete eta bost urte artean-, horixe zehaztu beharko dute medikuek. Gainera, 0 -heriotza- eta 100 -bizi arrunta egiteko moduko osasun egoera- arteko puntuazioa ere eman beharko diete pazienteei.



El Correo-ren arabera, Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi Angel Luis Ortizek hilaren 17an sinatu zuen "gaitz oso larri eta sendaezinengatik medikuen txostenak egin" eta kartzela zigorren "etetea tramitatzeko" instrukzio hori, 6/2018 izenekoa. Espetxeetako zuzendariek kartzeletako Tratamendu Batzordeei edo Espetxe Zaintzako epaileei igorri beharko dizkiete medikuen txostenak, baina orain arte bezala, Espetxe Erakundeek izango lukete azken hitza.



Gaur egun, 21 euskal preso daude gaitz larri eta sendaezinekin, Jaiki Hadi elkartearen azken datuen arabera -horietatik 13k egin dute publiko beren egoera-. PSOEren gobernuaren instrukzioa, ordea, Espainiako Gobernuko bozeramaile ohi eta Lan ministro ohi Eduardo Zaplanaren kasuak oihartzuna hartu duenean iritsi da -leuzemia du, eta atzera bota berri diote askatasun eskaera-. Grande-Marlaskak ukatu egin du gobernuaren agindu berriak haren kasuari erantzuten dionik, PPko kide ohia behin-behineko espetxealdian dagoela argudiatuta.



Zaplana kasuaren itzala



Sarek zuhurtziaz hartu du erabakia, eta Zaplanaren kasuaren itzala ikusi du neurri horren atzean, ohar bidez azaldu duenez. Begi onez ikusi dute erabakia hala ere: "Espero dugu urte luzez gaixo dauden presoen egoera konpontzeko tresna izango dela indargabetze hau, eta ez soilik Zaplanaren kasuari aterabidea ematekoa". Sanchezen gobernuak "praktikan" ere aldaketak egitea espero du mugimenduak, eta bide horretan, dei egin dei herritarrei urtarrilaren 12ko mobilizazioetan parte hartzeko.



Ildo beretik hitz egin du EAJren BBBko buru Itxaso Atutxak ere, Radio Euskadin: "Denentzat bete dadila legea". Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek ere eskari bera egin du: "berdintasun printzipioa" errespetatzeko eta "salbuespenik" ez egiteko irizpide horiek ezartzean. EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak ohartarazi du, dena den, Espetxe Erakundeek izango dutela azken hitza, eta arau berriak ez duela bermatuko presoen eskubideak betetzea.



Espainiako presidente Pedro Sanchezek ekainean iragarri zuen "hurbildu" egingo zituela gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak. Presoen senideek eta haien eskubideen aldeko elkarteek, ordea, gaitz larriak dituztenek aske behar dutela azaldu izan dute beti.



Jaiki Hadiren datuen arabera, 21 euskal preso zendu dira Espainiako eta Frantziako kartzeletan preso zituztela, eta beste hamar kalera atera eta gutxira, gaitz larriengatik. 2017ko azaroan, esaterako, etxean preso zutela hil zen Belen Gonzalez Peñalba euskal presoa, minbiziagatik. Aurtengo martxoan, Xabier Rey euskal presoa hilda topatu zuten Puerto III (Espainia) espetxeko ziegan.



Urrian, EH Bilduren galdera bati erantzunez, Madirlek adierazi zuen "dagokien arreta" jasotzen ari zirela gaixo dauden presoak.



Sortuk "ausardia" eskatu dio Madrili



Atzo Martuteneko (Donostia) espetxean egin bezala, Sortuk Basauriko (Bizkaia) kartzelara martxa egin du gaur, Kalera dinamikaren barruan. Larri diren presoen inguruan iragarritako aldaketen harira, "ausardia" eskatu dio Ibon Meñika bozeramaileak Grande-Marlaska Barne ministroari, egoera horretan daudenak aske utz ditzaten. "Orain, aitzakia gutxiago ditu".



Errenterian (Gipuzkoa), bestalde, Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta euskal presoak aske uzteko eskatu zuen atzo Sarek. Dozenaka lagun bildu ziren udaletxe aurrean, 11 minutu, hamaika arrazoi daudelako egitasmoari erantzunez. Gaitz larri eta sendaezinak dituzte Gogorzak eta Arrietak.



Errenteriako Udalak ere bat egin du aldarriarekin, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio hirugarren graduan jar ditzala gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoak, "espetxetik atera" ahal izan dezaten.

Publizitatea