Genero ikuspegia gatazken kontakizunean. Euskal gatazka
ZAURIAK GATAZKAREN (H)EGIETAN
Feminista izatea, eta emakume gisa euskal gatazkan izandako bizipenen kontzientzia hartzea, biak batera egin dituzte Sandra Barrenetxeak, Sara Majarenasek eta Ekhiñe Eizagirrek. Militantziaren, klandestinitatearen eta kartzelaren horma zurrunetan arrakalak nola ireki ere ikasi dutela diote. Bideoa albistearen amaieran.
2018-12-23 / Maider Galardi F. Agirre
Bide luzea egina dute Sara Majarenasek, Sandra Barrenetxeak eta Ekhiñe Eizagirrek dagoeneko. Hirurak izan dira gazte mugimenduko kideak, eta hirurak ETAko kide izateaz akusatuta atxilotu eta espetxeratu zituzten. Halaber, hirurak dira emakumeak eta feministak. Orain arte, ordea, haien bideek ez dute bat egin, nahiz eta elkar agurtu dutenean nabari den halako konplizitate bat. Izan ere, beti izan dute intuizioa andre izateagatik beren militantzia ez dela bera izan. Hari horri nola tiratu eta nola harilkatu beste bizipen batzuekin, norberak bizi izandakoa nola kolektibizatu, etxe barruko eta kanpoko zauriak taldean nola osatu, bakoitzak bere kasa egin du gogoeta, eta bakoitzak erabili ditu estrategia propioak egoerari aurre egiteko. Euskal gatazka betean aritu dira, baina ertzetan kokatu dituzte orain arte. Mahai bueltan eseri, eta beren bideak eta bizipenak gurutzatzeari ekin ahala, nabari dute nola gatazka askok gurutzatzen dituzten haien istorioak ere. Eta, hegietatik, hartu dute erdigunea: «Hemen gaude hiru emakume, gure zauriez hitz egin dezakegu, eta indartsuak gara», hasi da Majarenas.
Indartsuak bai, baina «aitortza eta erreparazioa» ere beharrezkoa dutela ohartarazi du Barrenetxeak. Haren ustez, emakume militante izateagatik indarkeria matxista jasan dutela ez diete aitortu, ez kanpoan, ez etxe barruan: «Jasan dugun biolentzia sexualizatua da, baina kosta egiten da ingurune hurbilean onartzea. Alderantziz ere bai. Beste gatazka baten parte izan garenez, gizarteak ez gaitu indarkeria matxistaren biktimatzat hartzen». «Kontraesan horiekin aritu gara», gogoeta egin du Eizagirrek, eta Majarenasek argi esan du: «Matxismoa egiturazkoa denez, geruza guztietan jasan dezakegu indarkeria, eta emakume guztiok jasan dezakegu; militantzian, gure espazioetan, komisarian, kartzelan, bikote harremanetan... hor dago». Beren larruan bizi izandakoa kontatu dute segidan: zer den andrea izatea militantzian, atxiloketan, torturan, espetxealdian eta berriro aske gelditzean. Ziklo oso bat beren begietatik.
Ezberdin berdinak
Gazte ekin zioten Barrenetxeak, Eizagirrek eta Majarenasek beren bide militanteari, Jarrai gazte antolakundean, auzoko gaztetxean, gazte asanbladan... eta urte luzez ez dute jarduteko moduan desberdintasunik nabaritu beren kide gizonezkoekin. «Nire auzoan, sekulako parekidetasuna ikusten nuen; sentitzen nuen denon ahotsak berdin balio zuela eta denon lana berdin baloratua zegoela. Ez nuen inoiz desberdintasunik sentitu», dio Majarenasek, taldeko dinamiketan gizon-emakumeen arteko desorekarik nabaritzen ez zuela azpimarratuz. Barrenetxeak zehaztu egin du: «Ez nuen uste desberdina nintzenik. Uste dut nabaritzen duzula, baina zuk pentsatzen duzu zure arazo pertsonala dela, ez egiturazkoa. Pentsatzen duzu ez dakizula hitz egiten, ez dakizula gauzak esaten, urduri jartzen zarela...».
90eko hamarkadan, ezker abertzaleak abian jarri zuen prozesu feminista, eta Barrenetxea izan zen diagnostikoa egiteaz arduratu ziren kideetako bat: «Hor ohartu nintzen nik bizi nuena askotan errepikatzen zela beste andre batzuekin». Eizagirrek baiezkoa eman dio: «Balio maskulinoek ezaugarritu dute gure militantzia. Aritzeko, jarduteko eta harremanak izateko modu jakin batzuk ikasi eta barneratu ditugu». Poliziaren jazarpenik ez zutenean, baina baita klandestinitatean ere, militantzia eredu maskulino horri eutsi diotela azaldu dute hirurek. Horretaz espetxean ohartu zela kontatu du Majarenasek: «Konturatu nintzen ez nuela ikusi errealitatea. Badirudi gatazkak gizon aurpegia duela, eta baloratua izateko zuk ere gizon mozorro hori hartu behar duzula. Bestelako sentsibilitateak, zaintzak... albo batera utzi behar dituzu besteen pare izateko».
Eizagirrek bestelako bilakaera izan du, aurretik herriko asanblada feministan eta Bilgune Feministan ibilia baitzen. Ondoren hartu zuen klandestinitatera jotzeko erabakia, eta ibili da erakunde mistoetan ere. Nabaritu du desberdintasuna andre izateagatik: «Sentitu dut kontzienteki altuago hitz eginda kasu handiagoa egingo zidatela, edo, nahiz eta eroso ez egon, posizio batzuk hartuta aintzatetsiagoa nintzela». Oroitarazi du feminismoak tresnak eskaini dizkiola horri aurre egiteko eta, batik bat, militantzian lan diferenteetan jarduteko: «Feminismoa sekulako tresna izan da. Asko balio izan dit ezker abertzalean baloratua sentitzeko, klandestinitatean eta espetxean kideak zaintzeko, arazo indibidualez harago kontzientzia kolektiboa hartzeko, eta baita orain ere, lur hartzeko». Joan den urteko azaroan askatu zuten, Frantzian, eta urtebete da egunerokora berregokitzen ari dela.
Jarduteko modu zurrun horiek militantzia eredu maskulinizatuari dagokiela nabarmendu dute hirurek. «Behar desberdinetatik hitz egiten dugu; behar emozionalak ditugu guztiok, eta hori alboratuta egon da urte luzez», azaldu du Majarenasek: «Berunezkoak bagina bezala jokatu dugu. Maskulinitate horiek aldatu behar ditugu; ezin dugu galarazi sentimenduak eta emozioak azaleratzea». «Jakina», segitu du Barrenetxeak: «Hori gezurra litzateke, eta kaltegarria da guztiontzat. Bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat. Baina asumitu genuen atxilotu ahal gintuztela, hortik atera behar zela ahalik eta osatuenik, eta segitu behar zela. Uste dut aldaketa handia egin dugula, eta hori emakume feminista askori esker egin da».
Honela gogoratu du Barrenetxeak Guardia Zibilak atxilotu zueneko lehenbiziko aldi hura, 2006koa: «Torturatu ninduten, eta astebete egon nintzen kartzelan. Atera eta hiru astera, militatzen ari nintzen berriro, ezer pasatu izan ez balitz bezala. Nik hori nahi nuen: ezer pasatu izan ez balitz bezala egin aurrera. Harri bat izango banintz moduan. Oso balio maskulinoa da hori, eta arriskutsua, min handia sortu duelako militantzian». Bi aldiz atxilotu dute Barrenetxea; bigarren aldiz, 2010ean, Ekinen auziagatik. Eizagirre eta Majarenas ere atxilotu zituzten, ETAko kide izatea leporatuta.
Biolentzia sexualizatua
Egindako ibilbide politikoaren ondorioz, atxiloketak, bakartzea eta espetxealdia bizi izan dituzte Eizagirrek, Majarenasek eta Barrenetxeak. Nork bere erara egin die aurre egoera horiei, baina andre izateagatik «biolentzia sexualizatua» eta indarkeria matxista jasan dutela salatu dute hirurek.
Eizagirre 2013ko maiatzean atxilotu zuen Frantziako Poliziak: «Beste gizonezko kide batekin atxilotu ninduten ni, eta, aldi berean, beste lau gizon atxilotu zituzten Frantziako beste txoko batzuetan. Atxiloketa Frantzian izateak halako lasaitasun bat eman zidan». Ukatu egin du, ordea, Frantziako inkomunikazio aldia bortitza ez izatea. Etxea miatzen ari zitzaizkiola, bortxaz estutu zioten matrailezurra, DNA proba hartzeko. Aitortu du, gainera, irain matxistak jasan zituela: «'Begira zer-nolako kuleroak dituen!', esaten zidaten».
Atxiloketak iraun bitartean, torturak jasan zituztela salatu dute Barrenetxeak eta Majarenasek. Lehenak, gainera, iaz izan zuen epaiketa, torturatu zituen guardia zibilen aurkakoa. Biek azpimarratu dute atxiloaldian «elementu funtsezkoa» izan dela sexismoa: «Atxiloketaren hasieratik erabiltzen duten tresna bat da. Nago poliziaren eskuetan tratu txarrak jasan ditugun andre guztiok bizi izan ditugula eraso sexualak. Kontua da gure iruditerian horrek ez duela halako pisurik». «Militante moduan bai, baina emakume moduan ere suntsitu egin nahi ninduten», gogoratu du Majarenasek: «Osorik zen planteamendua sexista. Ez zidaten galdetzen zer egiten nuen: galdetzen zidaten norekin egiten nuen txortan, erakundeko [ETAko] zer buruzagiren prostituta nintzen. Eta mehatxatzen ninduten bortxatu egingo nindutela: 'Biluzi zaitez, orain etorriko da ez dakit nor, eta bortxatu egingo zaitu', esaten zidaten».
«Bortxaketaren mehatxua etengabea da», nabarmendu du Barrenetxeak: «Badakite hori totema dela emakume batentzat, nahiz eta bortxaketa batetik atera zaitezkeen. Baina lortzen dute zu blokeatzea». Mehatxuez harago jo zuen Guardia Zibilak Barrenetxearen bigarren atxiloketan. Epailearen aurrean jarritako salaketan azaldu zuenez, Poliziaren autora sartu orduko jaitsi zizkioten galtzak eta kuleroak. Gero, ukituak egin zizkioten, eta jarrera hori etengabea izan zen inkomunikazio aldian.
Baina hori soilik ez, emakume gisa auzitan behin eta berriro nola jarri zuten azaldu du: «Nire etxea miatzen ari zirela, behin eta berriro esan zidaten etxea oso zikina nuela, eta andre gisa etxea txukun edukitzea zegokidala. Gainera, auzitan jarri zuten nire militantzia. Zeinekin oheratzen nintzen galdetu zidaten. Engainatu bat nintzela esaten zidaten, eta, niri jarraitzen hilabeteak pasatu zituztenez, bazekiten nire bizitza sexualaren berri, eta hori ere kritikatu zuten. Badakite ongi nondik higatu». Mugarria izan zen aldi hura Barrenetxearentzat: «Emakume garbiak izan behar dugu, onak, ama eredugarriak, obedienteak...». Bere alderdi militantea nola deseraikitzen zuten sentitu zuen orduan: «Elementu horiek ez dira gertatzen gizon baten atxiloketan. Agerikoa da».
Barrenetxeak denbora gutxi egin zuen atxiloketen ostean espetxean, baina Majarenasek hamahiru urteko zigorra bete du, eta Eizagirrek lau urtekoa. Espetxearen izaera patriarkalaz ere jardun dira.
Espetxe bat, hirutan kartzela
«Gizonak baino gaiztoago izango bagina bezala hartzen gaituzte kartzelan, ez dugulako bat egin egokitutako rolarekin». Hala deskribatu dute espetxea. Majarenasek areago jo du: «Andre presoentzat gordetzen dute espetxearen azken zirrikitua: tokirik txikiena, ezkutukoena, itzaltsuena...». Kartzelak egitura androzentrikoak direla azpimarratu dute. Alegia, ezarritako arau legal baina baita sinbolikoei ere izkin egiten dieten horiek «bideratzeko» funtzioa du espetxeak, haien esanetan. Hortaz, Majarenasek eta Eizagirrek ohartarazi dute ezen espetxean estereotipoen arabera are gehiago «emakumetzen» dituztela egotzitako rolak dela zaintzailea, dela ama izatea, arduratsua izatea eta legearen barruan jokatzea betetzen ez dituzten andre horiek.
Gainera, euskal preso izanda, zigorra hirukoitza ere badela nabarmendu dute: soziala, penala eta sinbolikoa. Hala jaso du Sare euskal presoen giza eskubideen aldeko plataformak ere, aurten argitaratutako txosten batean. 36 dira espetxean dauden euskal preso emakumeak, eta batez beste Euskal Herritik 680 kilometrora daude espetxeratuta. Horietatik hamalau, gainera, bakartuta daude, kiderik gabe, eta gehienetan gizonezkoen kartzeletan egokitutako guneetan.
«Errealitatea da emakume izate hutsagatik euskal presoak urrunduago eta bakartuago daudela», ohar egin du Eizagirrek. «Ez da hori eskatzen duguna, baina urruti nahiko balituzte ere, guztiak sartuko lirateke edozein espetxetako emakumeen moduluan», gehitu du Majarenasek. Frantzian, esaterako, Bake Bidean-ek Parisekin abiatutako negoziazioak etenda, atzeratu egin da euskal preso emakumeen hurbilketa. Gainera, gutxi dira emakumezkoentzat egokitutako kartzelak, eta amentzako modulua dutenak bi bakarrik ditu Espainiak: Madrilgo Aranjuez espetxea eta Picassentekoa (Valentzia, Herrialde Katalanak).
Majarenas bi modulu horietan izan da, hain justu. Izar alaba jaio ondorengo lehen hamasei hilabeteak Aranjuezen egin zituen, eta ondorengo urte eta erdia, berriz, Picassenten, harik eta bikotekide ohia haurra hiltzen saiatu zen arte. Ondoren, Alcobendasko (Madril, Espainia) etxe tutoretzapeko batera eraman zuten, hamahiru urte eta erdiko espetxe zigor osoa bete arte. Apirilean gelditu zen libre.
Aski ezaguna egin zen Majarenasen kasua, eta, PPk izan ezik, Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiek eskatu zuten Izar eta Majarenas elkarrekin egon zitezen eta Euskal Herrira gerturatu zitzaten. Hainbat mobilizazio egin ziren Majarenas libre uztea eskatzeko. «Presio horri esker», ama-alabak ez zituzten banandu, baina, zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, ez zuten askatu. Hala ere, Majarenasek uste du berea ez dela salbuespena izan: «Emakumeok egoera horietan zaurgarriak gara, are gehiago espetxean. Esango nuke ama diren beste kide batzuk ere badirela egoera horretan». Gainera, bere bikotekide ohiaren erasoaz gain, espetxeetako amentzako moduluetako bizi baldintza «itogarriak» ere salatu ditu.
«Gure izaera militantea ez da kontuan hartzen amentzako moduluetan. Soilik ama izatearen funtzioa betetzen dugu. Haurraren zaintzaz harago, andre horrek ez du egitekorik espetxean», azaldu du Majarenasek. Ez ikastarorik, ez kirola egiteko aukerarik... apenas egin dezaketen ezer: «Asko jota, joste tailerrak izaten ditugu», azpimarratu du; «rolak oso markatuta daude». Espetxeetako zaindariek garbitasunarekin duten «obsesioa» ere muturrekoa dela dio: «Nire kide bati partea jarri zioten ohea ez zegoelako beren gustura eginda; beste askotan, kargu hartzen ziguten haurren adur zapiak zikinak genituelako». Halere, hori ikusirik, otzandu ordez, eutsi egiten ziotela dio: «Jarraitzen genuen ikasten, gure izaera politikoa azpimarratzen eta militatzen».
«Erresistentziarako gaitasuna» azpimarratu du Eizagirrek ere. Besteak beste, Fleury-Merogisko espetxean (Frantzia) egin zuen protesta, 2014an. Senideekin izandako bisita baten ostean, biluzarazi egin zuten espetxeko zaindariek ohikoa izaten da hori Frantziako espetxeetan, Eizagirreren arabera, baina, orduko hartan, giltzariak eskatu zion ahoa irekitzeko, ilea astintzeko eta bizkarra eta oinak erakusteko. Eizagirrek uko egin zion, eta falta jarriko ziotela esan zioten. Berriro jantzi, eta, indarrez biluziko zutela esan ziotenean, Eizagirrek aurre egin zion egoerari: «Pentsatu nuen nire gogoaren kontra biluziko nindutela eta ez zela bidezkoa; orduan, erabaki nuen ni neu biluztea, baina pasilloaren erdian. Espetxezain gizonezkoak zeuden, eta ezin dituzte emakumeak biluzik ikusi. Korrika hasi ziren alde batera eta bestera». Hamar minutu egin zituen horrela, protesta egiteko.
Gorputza erdigunean jartzearen garrantzia nabarmendu du: «Nire logika zen nire gorputza erabili zutela ni iraintzeko eta ni zapaltzeko. Kontrara, nik egoera salatzeko erabili nuen nire gorputza. Erresistentzia tresna gisa oso indartsua da gorputza espetxean». Bestalde, lan kolektiboen indarra ere azpimarratu du, eta horren adibide jarri du 2016an Fresnesko (Frantzia) kartzelako baldintzak hobetzeko emakume presoek abian jarri zuten protesta. Horren ondorioz, Itziar Moreno euskal presoa bakartu egin zuten, eta Iratxe Sorzabalek eta Eizagirrek berak erabaki zuten zigor ziegara joatea, protesta gisa. Kartzela bereko gainontzeko euskal preso gizonezkoek gose greba abiatu zuten, salbuespenezko egoera hori salatzeko. Gutxieneko baldintza batzuk lortu zituztela oroitarazi du: «Zabor poltsa bana ematea, arratoiak hiltzea, kiroldegiko materiala berritzea... horrelako oinarrizko baldintzak eskatzen genituen, eta lortu genituen, baita Itziar bakartzetik atera eta beste kideekin ipintzea ere».
Eizagirrek gogora ekarri du baldintza horiek hobetu bai baina bestelako muga batzuk ezarri zizkietela, espetxe sistemaren «inpunitatearen eta androzentrismoaren adierazle»: «Ordainetan, txosten bat egin zuten nola jantzi behar genuen esanez. Ezin genuen sorbaldarik erakutsi, ezta belaunik ere. Arropa gardenak eta zapiak ere ezin genituen jantzi. Gure gorputzaren gaineko epai morala etengabea zen».
Inpunitatea
Izan ere, Eizagirrek, Majarenasek eta Barrenetxeak, nork bere ibilbidea eta bere esperientzia izan arren, hirurek azpimarratu dute Frantziako eta Espainiako espetxe sistemaren eta sistema judizialaren inpunitatea. Emakume izanda espetxean ez ezik epaitegietan ere sentitu duten babesgabetasuna salatu dute Majarenasek eta Barrenetxeak.
Barrenetxeak epailearen aurrean salatu zituen bigarren atxiloaldian (2010) jasandako torturak eta sexu abusuak, eta 2017ko maiatzean izan zuen bera torturatzeaz akusatutako lau guardia zibilen aurkako epaiketa. «Beharra sentitzen nuen emakume gisa salatzeko hori gertatzen zela inkomunikazio denboran. Torturarekin lotzen ditugu poltsa eta bainuontzia, esaterako, baina gutxi lotzen ditugu sexu abusuak torturarekin». Horregatik, epaiketa «mugarria» izan zela nabarmendu du: «Sekulako motxila kendu nuen gainetik. Aurpegia ikusi nien, eta mamu hori kendu nuen azkenean. Egia da sistema judiziala erabat arrotza dela, eta sentitu nuela epaileek ez zidatela sinisten, baina jendeak kalean eskerrak ematen zizkidan, eta hori sekulakoa izan zen niretzat».
Epaileak absolbitu egin zituen Barrenetxea torturatzeaz eta sexu abusuak egiteaz akusatutako poliziak. Eta, herra apur bat izan arren, gaia mahai gainean jartzeak eta argitara emateak lasaitua eman ziola aitortu du. Hala ere, badu sistema judizialari zer leporatu: «Nire aurreikuspenak baxuak ziren, eta horregatik ez nintzen haserretu, baina badugu zer hausnartu. Emakume batek indarkeria matxistagatik epaileengana jotzen duenean, berriz biktimizatzen dute epaitegian. Uste duzu zu babestea dela instituzio horren funtzioa, baina sekulako kolpea hartzen duzu». Barrenetxearen ustez, bere lekukotasunak sinesgarritasuna izan zuen gizartean, baina sentitu zuen epaitegietan ez ziotela sinetsi: «Erreparazioa nahi badugu, beharrezkoak dira kondena horiek, besteak beste. Noiz aitortuko dute biktimak garela, eta noiz jarriko dituzte tresnak jaso behar dugun erreparazioa jasotzeko?».
Majarenasek ere sentitu du, indarkeria matxistaren biktima izan ostean, ez duela instituzioen babesik jaso. Are, salatu du trabak jarri dizkiela espetxe sistemak eta sistema judizialak. Izan ere, 2017ko urtarrilean Majarenasen bikotekide ohia Izar alaba hiltzen saiatu aurretik ere, ohartarazi zuen espetxean arriskuan zegoela alaba: «Tratu txarrak jasaten genituen lehenago ere, eta nik aurretik esana nion espetxeari ezin nuela nire haurra gizon horren eskuetan utzi. Emakumezko kartzelazain batzuk salbu, ez zidan inork sinetsi, eta ematen zidaten gomendio bakarra zen espetxealdia amaitzeko gelditzen zitzaidan urtebetea irauteko».
Ondorengo bidea ere ez da samurra izan, haurra 3 urte betetzear baitzen, eta, adin horretatik aurrera, banandu egin behar dira ama eta haurra. Gainera, erasoaren ondoren, alaba ospitalean zegoela, Valentziako Generalitateak bere gain hartu zuen haurraren zaintza, eta instituzioak hartzen zituen ebakuntzen inguruko erabakiak: «Hori da adierazle nagusia. Instituzioek, ni babestu beharrean, berriro eraso egin zidaten, eta, gainera, beste edozein preso izan banintz, segituan aterako ninduten kartzelatik. Badaude trikimailuak horretarako». Libre utzi beharrean, Alcobendasko etxera bidali zituzten Majarenas eta alaba, eta salatu du han ere «indarkeria matxista jasan» behar izan zuela, instituzioek berarekin izandako tratuagatik.
Osatze kolektiboa
Zauriak zauri, inguruko babesari esker, prozesu osoa aurrera eramatea lortu dute Barrenetxeak, Eizagirrek eta Majarenasek, baina ohar egin dute emozioen eta zaintzen kudeaketa ezinbestekoa dela espetxearen ostean ere «lur hartzeko». Alegia, barruko minak «kolektibizatu» behar direla uste dute hirurek. Honela dio Eizagirrek: «Ohartu naiz espetxetik irtetean harrera taldea hor dagoela eta badituela zerbitzu batzuk, baina ez dugula tarterik hartzen tripetan zauritu gaituen horri guztiari erreparatzeko». Barrenetxeak ere bat egin du: «Mugimendu moduan gai izan gara sekulako proiektu kolektiboak sortzeko, baina zaintza kolektibo horrekin ez dugu ezer egin 50 urtean. Ez gara gai izan tresna kolektibo bat sortzeko». «Hori dut nik faltan», esan du Majarenasek: «Espetxean babes handia izan dut, baina badirudi ateratzean dena ongi dela, eta ez duzula babes hori behar».
Hiruren ustez, besteak beste feminismoak tresnak eskaini ditu gabezia horri aurre egiteko. Gainera, gertatutakoa argitara ematearen garrantzia nabarmendu dute Eizagirrek, Barrenetxeak eta Majarenasek: «Isiltasunez beteriko historia bat dugu atzean. Akaso, orain arte ez dugu aurpegia eman, baina orain eman behar dugu, historia hori guztia aldarrikatzen dugulako eta erraietatik kontatu beharra dugulako», zehatz, Majarenas.
[youtube]https://youtu.be/f0qCPcBDP8E[/youtube]