Konponbideari begira

Analisiak

Torturari buruzko autokritika, noizko?

 

2018-12-21 / Xabier Makazaga - Estatu terrorismoaren ikertzailea

Espainiar agintariek diote euskal gizarteak ez zuela ETAren biktimekiko nahikoa enpatiarik agertu erakunde horrek biktima gehien eragin zuen garaian, 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koaren hasieran, eta autokritika egin dezala exijitzen diote. Nahita ezkutatzen dute, ordea, nola jokatu zuten beraiek urte haietan, biktima haiekiko enpatia nabarmen oztopatuz, atentatuen eragina gutxiestea zelako haien interes nagusia.



Hemerotekan begiratzea aski da ikusteko «berunezko urte» haietan ez zutela izan, ezta gutxiagorik ere, gerora izandako interesa biktimez hainbeste hitz egiteko. Orduan interesatzen zitzaiena zen atentatuen eragina gutxiestea eta komunikabide handiek ezer gutxi zioten atentatu gehienei buruz.



Horixe salatu zuen, hain zuzen, Asociación de Víctimas del Terrorismo delakoaren fundatzailetako baten alabak, Ana Velasco Vidal-Abarcak: «Urte haietako gobernuen politika atentatuak ezkutatzearena izan zen. Ia egunero gertatzen ziren erailketei buruzko berriak eguraldiaren ondoren ematen ziren. Telediarioaren hogeita bost minutu jada pasatuak zirenean, bost segundoko berri batean esaten zuten, adibidez, 'Altsasun guardia zibil bat erail dute'. Eta kito. Horrela tratatzen zuten terrorismoaren gaia, izugarria zen».



Orduko bi telebista kateek, biak publikoak, hala hitz egiten zuten atentatuez eta tratamendu hura ez zen, inolaz ere, inprobisatua, oso goian harturiko erabakiei erantzuten baitzion. Bereziki, biktimak segurtasun indarretakoak edo armadakoak zirenean. Halakoetan jarraitzen zuten hizpidea ez baitzen familiakoei ahotsa ematearena, haien sufrimendua adieraz zezaten, kontrakoa baizik.



Francisco Berlanga polizia armatuaren alargunari horixe gertatu zitzaion 1979an Iruñean ETAk haren senarra hil zuenean. Izan ere, salatu zuenez, Poliziaren goi kargudunek esan zioten lehen gauza izan baitzen «mesedez, ez hitz egiteko», eta oso minduta azaldu zuen «lehertu egin behar genuen, gure negarra eta oinazea ezkutatu».



Orduan Euskal Herrian zerbitzu sekretuko burua zen Angel Ugarte jeneralaren testigantza ere oso esanguratsua da. Zera baitio Espía en el País Vasco liburuan: «Familiek jan egin behar izaten zituzten beraien malkoak, ia bakardadean. Garai hartan ETAk hildakoak isiltasun geruza baten azpian lurperatzen zituzten. Hori egiten saiatzen ziren, behintzat, boterea zutenak».



Testigantza horiek argi erakusten dute nola jokatu zuten espainiar agintariek «berunezko urte» haietan. ETAren atentatuen eragina gutxiestea zen orduan haien lehentasuna, horretarako biktimen sufrimendua isilaraziz, eta begi bistakoa da horrek zerikusi nabarmena izan zuela garai hartan sentitu zuten bakardadean eta laguntza faltan.



«Berunezko urte» haiek pasatu ondoren aldatu zuten jokabidea. Orduan hasi ziren komunikabideak tarte zabala eskaintzen atentatuei, betiere azpimarratuz eragindako biktima guztiak zeharo errugabeak zirela, zibilak izan edo ez. Eta, bereziki, ahaleginak eta bi egiten hasi ziren jendeak oso hurbileko senti zitzan, haien familia eta lagunen testigantzak jasoaz.



Oso bestelakoa izan da torturaren biktimekiko espainiar agintari eta komunikabide handien jokaera. Zeharo saihestu baitute haien testigantzak ematea eta baita haien senide eta lagunez hitz egitea ere. Eta hori gutxi balitz bezala, beti azpimarratu izan dute torturak jasan izana salatu dutenen erruduntasuna, haiei oso delitu larriak egotziz. Hau da, ETAren biktimen kasuan egin dutenaren guztiz kontrakoa.



Azken hamarkadetan, euskal agintariek beste horrenbeste egin izan dute, kasu berezietan salbu. Egunkaria kasuan egoki jokatu zuten, baina beste milaka tortura kasutan oso maltzur, erabat oztopatuz herritarrek torturatuenganako enpatia izan zezaten.



Jokaera horri dagokionez, oso kontuan hartzekoa da Deustu Unibertsitatean Etika Katedradun izandako Xabier Etxeberriak torturari buruz dioena:



«Hunkitu egingo gaitu komunikabideen bitartez 'ikusten' den torturak, baina ez gaitu hunkituko estalia geratzen denak, arrazoi sendoak izanik ere susmatzeko tortura erabiltzen dela —are gehiago: nolabait ikus ez dadin desira dezakegu, uste badugu horrek mesede egiten digula—.



»Hunkitu egingo gara errugabe bat torturatua izan dela ikustean, baina nekez hunkituko gara espontaneoki 'krimen lazgarriak' egin dituen norbaitek jasandako torturen aurrean —are gehiago: poztu egin gaitezke torturatu egin dutelako—.



»Eta errugabeei dagokienez, sakonago hunkituko gaitu hurbileko sentitzen ditugun pertsonek jasandako torturak, haiek gure bizipen kolektibo berdintsuak dituztelako, eta hotz utz gaitzake urruneko pertsonek jasandako tortura berberak».



Hori dio Xabier Etxeberriak, eta ukaezina da euskal agintariek, bizpahiru kasutan salbu, ez dutela batere lagundu herritarrak torturaren biktimekin hunki daitezen, tortura estali baitute, torturatuek oso delitu larriak egin dituztela azpimarratu, eta jendeak hurbileko senti ditzan ebitatu.



Egia da, hori bai, azken urte hauetan, espainiar agintariek ez bezala, emanak dituztela hainbat pauso torturaren errealitate guztia onartzeko bidean, baina badirudi, oraingoz behintzat, ez dutela inongo intentziorik autokritika egiteko torturari buruz.



Aldiz, espainiar agintariek exijitu dietenean «berunezko urte» haiei buruzko autokritika egiteko, azkar asko egin dute. Behin eta berriro ari dira azpimarratzen orduan oker jokatu zutela ETAren biktimekin, nahiz eta, egiaz, urte haietan gertaturikoaren errudun nagusiak espainiar agintariak izan ziren, eta haiek izan beharko zuketen autokritika egiten lehenak.



Azken batean, begi bistakoa da boteretsuek exijituriko autokritikei azkar asko egiten dietela men, baina ez dutela jarrera berbera autokritika eskatzen dietenek boteretsutik oso gutxi dutenean. Halako eskaerei muzin egin izan diete orain arte eta, horregatik, ez dut torturari buruzko autokritika egingo duten esperantzarik.



Oker egongo ahal naiz!