Konponbideari begira

Berriak

Gatazkaren konponbidea. Martin Ugalde Foroa

Kartzeletako korapiloaren unea

Luhusoko armagabetze saiotik bi urtera, eta epaileak elkartzeko debekua kendu ondotik, BERRIAk lehen aldiz batu ditu jendaurrean Jean Noel Etxeberri eta Mixel Berhokoirigoin. Eginiko bidea balioetsi dute, baina ohartarazi pauso gehiago falta direla. «Aniztasuna» eta «konfiantza» jo dituzte giltzarri.
<b>Martxelo Otamendi, Jean Noel Etxeberri <em>Txetx</em>, Mixel Berhokoirigoin eta Enekoitz Esnaola, atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Martin Ugalde Foroan.</b>
Martxelo Otamendi, Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin eta Enekoitz Esnaola, atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Martin Ugalde Foroan. GORKA RUBIO / FOKU

2018-12-20 / Jon O. Urain

Arrisku bat hartu genuen Luhuson, eta, hala egin bagenuen, auzia bururaino eramateko izan zen». Bi urte igaro dira 2016ko abenduaren 16ko armagabetze operaziotik, eta, harrezkero euskal gatazkaren konponbidean urrats esanguratsuak egin badira ere, beste pauso batzuk falta direla nabarmendu zuen atzo Mixel Berhokoirigoinek, Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ohi eta Luhusoko armagabetze saioan parte hartu zuten bakegileetako batek.



[Youtube]https://youtu.be/TnI39ysqFBI[/Youtube]



Saio haren ondotik, inputatuta daude lau bakegile: Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx Bizi-ko kidea, Beatrice Molle kazetaria eta Stephane Etxegarai bideogilea. Epaileak Hego Euskal Herrira igarotzeko eta euren artean elkartzeko debekua ezarri zien, baina kendu egin zien ondoren debeku hori. BERRIAk atzo batu zituen Etxeberri eta Berhokoirigoin, aurreneko aldiz jendaurrean, Martin Ugalde Foroan, 2016ko abenduko saioaz eta harrezkero gertatutakoez mintzatzeko. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetaria eta Luhuso: ETAren armagabetze baten kontakizuna liburuaren egilea izan zuten moderatzaile. Liburutegiko sotoa erabat bete zen bi lagunen azalpenak entzuteko. Besteak beste, bertan izan ziren hainbat eragiletako ordezkariak: Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea, Xabi Anza ELAko zuzendaritzako kidea, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramailea...



Prozedura judizialak zabalik jarraitzen du Luhusoko bakegileen aurka; ez dakite auzi saioa noiz izango den, edo izango den ere; esan zieten dosierra urte amaierarekin itxiko zela, eta, beraz, berehala beharko luke horrela. Hain justu, 2015ean ETA armagabetzen hasteko saio baten harira, Parisko Auzitegiak bost lagun zigortu zituen atzo; epai «gazi-gozoa», Berhokoirigoinen ustez. Izan ere, zigorra prokuradoreak eskatutakoa baino apalagoa izan arren, «bakegintzan» ari zirela gogorarazi zuen, ez «atentatu bat prestatzen».



Luhusoko armagabetze saioa gogoratu du Etxeberrik, eta azaldu nolatan sartu ziren zeregin horretan: «Ikusten genuen egoera arrunt blokeatua zela, bost urte zirela ETAk borroka armatua utzi zuenetik eta, harrezkero, ez zela eleketaren biderik ireki gatazkaren ondorio guztiak kudeatzeko». Blokeo hori hausteko saioa izan zen 2016ko abendukoa: «Pentsatzen genuen: zenbat denbora gehiago jarraituko dugu horrela? beste bost urtez?». Baita lortu ere: saio horretatik lau hilabetera gauzatu zen ETAren erabateko armagabetzea. Horretarako, Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa giltzarri izan zen, Berhokoirigoinen iritziz: «Frantziako Estatuak erakutsi zuen nolabaiteko onarpena; gauza batzuk egiten utzi du, eta autonomia hartu du Espainiaren aldean».



Kultura politikoa, «transbertsaltasuna, konfiantza ereitea»: «lan luze baten emaitza» izan zen Luhuso: «Une batean, hori ulertu duten pertsonak izan dira: egin da balantze bat, zer zuten irabazteko eta zer galtzeko. Eta, finean, egin zen. Ez zen matematikoa hala gertatuko zenik, baina lortu zen».



Presoen auzia, etenda



Armagabetze osoak ahalbidetu zuen Frantziako Gobernua euskal presoen auzian ere elkarrizketetan sartzea. Zenbait preso gerturatu ditu, baina, joan den astelehenean Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak jakinarazi zuenez, etenda dago elkarrizketa hori. Berhokoirigoinek, ordea, nahiago izan zuen balioetsi solas mahai hori eratuta dagoela: «Panorama aldatu da; sakabanaketaren iazko eta aurtengo argazkia ez da bera, baina ez da nahikoa». Mahaia berriro bil dadin, «aktibatzeko» deia egin zieten herritarrei, oroitarazita urtarrilaren 12rako, manifestazioak antolatuta daudela Bilbon eta Baionan. Horietan «aniztasuna» lortzea ezinbesteko jo zuten, presoen auzia «azkartzearekin» batera: «Denbora gure kontra doa».



Adostasunaren eraikuntza horretan, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariaren rol «biziki aktiboa» txalotu zuen Etxeberrik: «Fermuki babestu ditu gure aldarrikapenak».

Publizitatea