Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

Kongresuak ez du onartu tramiterako presoen zigor batzeen lege erreforma

Torturaren biktimak aitortzeko txosten bat egiteari ere ezezkoa eman dio ganberak.

Mikel Legarda EAJko diputatua, gaur, Espainiako Kongresuan. ©
Mikel Legarda EAJko diputatua, gaur, Espainiako Kongresuan. ©

2018-12-18 / Enekoitz Esnaola

Espainiako Kongresuak ez du euskal presoei Frantziako kartzela urteak batzeko 7/2014 legea erreformatuko, ez baitu tramiterako onartu EAJren lege proposamena, gaurko saioan erabaki duenez. PPk eta Ciudadanosek tramitazioaren kontra bozkatu dute, eta gailen izan dira. PSOE abstenitu egin da, eta, EAJz gain, EH Bilduk, Unidos Podemosek eta Kataluniako taldeak alde agertu dira. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak joan den urriaren 23an ebatzi zuen Espainiak ez duela eskubiderik urratu zigorrak ez batuta.



EAJtik Mikel Legarda diputatuak defendatu du lege proposamenaren tramitazioa. Europaren 2008/675 zuzentaraua bete egin behar dela esan du; hau da, Espainiak aintzat hartu behar dituela euskal presoen Frantziako zigorrak. Espainiak zuzentaraua ez zuen txertatu 2014ra arte, eta, gainera, zehaztu zuen onura ez ziela ezarriko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigortutako presoei. Legardak esan du zigorra luzatu nahi diela Madrilek, eta uste du zuzentaraua ez betetzea "atzerakada bat" dela "Europaren eraikuntzarako". Gogoratu du Espainiako auzitegietan izan zirela desadostasunak.



Proposamena tramiterako onartzeko PSOEren botoan zegoen gakoa. Alde agertzea, nahikoa zatekeen. Gregorio Camara diputatua mintzatu da haren aldetik, hitzaldi tekniko-juridikoan, eta hitzartzean ez du argitu zer boto emango zuen PSOEk. Saioaren bukaeran jakin da: abstentzioa. Camarak adierazi du Europak esaten duela "errespetatu" egin behar direla estatuetako erabakiak. Aitortu du zigor batzeez erabaki desberdinak egon zirela duela lau urte Espainian, baina nabarmendu du 7/2014 legeak Kongresuaren %92ko babesa jaso zuela. PSOEko diputatuak iritzi dio halako lege bat moldatzeko hobe dela Luxenburgoko Justizia Auzitegira jotzea Espainiako instantzia judizial batek.



Marian Beitialarrangoitiak (EH Bildu) iritzi dio Europaren zuzentarauaren kontrako neurri bat dela Espainiarena, "zigorrak luzatzeko eta euskal presoen askatasuna zailtzeko" delako. Haren arabera, "ingeniaritza juridikoa" egin zuen Madrilek 2014an, eta "salbuespen" legedia ezabatzeko eskatu du. Gainera, salatu du Fernando Grande Marlaska egungo Barne ministroaren "maniobra bat" izan zela Espainiako auzitegien aldetik gaia Estraburgora ez eramatea. Bestelako espetxe politika bat nahi dutela esaten dutenek lege erreformaren alde egin beharko lukete, Beitialarrangoitiaren esanetan.



Jaume Moyak (Unidos Podemos) adierazi du "lotsagarria" dela Espainiako Justizia sistema. Europak hainbat isun jarri dizkiola oroitarazi du.



Juan Carlos Girautak (C's) gaitzetsi egin du EAJren jarrera, proposamenarekin Europako epaiaren aurka aritu delakoan. "Lotsagarria da". Girautak esan du ETAk indarkeria bukatzeak ez duela "saririk merezi", eta euskal presoek "onuretarako aukerak" izateko hiru baldintza ezarri ditu: "Erakunde terroristari uko egitea; damua agertzea; eta 379 kasu argitzeko Justiziarekin kolaboratzea".



Leopoldo Barreda PPko diputatuak galdetu du "zer zor" dien EAJk Frantzian zigorra betetzen ari diren "etakideei". Lege proposamenarekin "helburu politiko bat" du EAJk, Barredak azaldu duenez: "Preso haiek lehenago irtetea aske". Europako ebazpenaren alde mintzatu da. "Ez diegu ezer zor terroristei. Lotsagarria da proposamena".



Santiago Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendia euskal presoen helegiteak aztertu zituen Estrasburgok urriaren 23an. Epaia presoen aldekoa izan balitz, hamalau bat preso gera zitezkeen libre, eta 40 ingururen zigorra murriztuko zatekeen. Europak ebatzi zuen ez zela urratu haien askatasunerako eskubidea, ezta legedian oinarritu gabeko zigorrik ez jasotzeko eskubidea ere. Hala ere, zioen Espainiako Estatuak presoei ez ziela bermatu bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea.



Torturaren biktiemen aitortzari, ez



Bestalde, Espainiako Kongresuak baztertu egin du torturaren biktimak aitortu eta haiei ordain emateko txosten bat egitea ere. EAJk aurkeztu du neurria. Horrez gain, torturatzeagatik zigortuak izan direnei jaso dituzten kondekorazioak kentzeko eskatu du proposamenak. Unidos Podemosen, ERCren eta PDeCATen babesa jaso du. Kontra bozkatu dute PSOEk, PPk eta Ciudadanosek. EH Bildu abstenitu egin da.



Mikel Legarda EAJko diputatuak azaldu duenez, proposamenak ez du helburu indarkeria mota desberdinak edota biktimak parekatzea, zuzenbide estatua indartzea baizik eta "giza eskubideen egiazko kultura bat eraikitzea". Horretarako, elkarbizitza normalizatzea eta iraganari buruzko irakurketa kritikoa egitea ahalbidetuko duten urratsak behar direla nabarmendu du.



PPk Legardari erantzun dio ETAko kideek ETAk berak aginduta salatzen zituztela torturak. PSOEk ziurtatu du zuzenbide estatu batean botere judizialak zehaztu behar duela nor den torturaren biktima. Ciudadanosek ere argudio bera hartu du oinarri eta Espainiako Gobernuari eskatu dio Eusko Legebiltzarrak onartutako Polizia gehiegikerien legea errekurritu dezala Auzitegi Konstituzionalean.

Publizitatea