Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Pedro Sanchezen urte erdia

Madrilek beste 30 presori iragarri die bigarren graduan jarriko dituela

Kartzeletako tratamendu batzordeak duela hilabetetik proaktiboagoak dira EPPK-koen eskaera eta konpromisoekiko. Azaroan lau hurbilketa izan dira, aurrez gradua aldatuta. Beste lau jakinarazi ditu
<b>Pedro Sanchez, iragan ekainaren 2an, Madrilen, Espainiako gobernuburu kargua hartzen.</b>
Pedro Sanchez, iragan ekainaren 2an, Madrilen, Espainiako gobernuburu kargua hartzen. FERNANDO ALVARADO / EFE

2018-12-01 / Enekoitz Esnaola

Azkeneko asteetako berrien arabera, badirudi Espainiako Gobernua hasi dela espetxe politika berri baterako lehen pausoak ematen, urriak izan arren. Azaroan lau euskal preso Euskal Herri inguruko espetxeetara lekualdatu ditu, aurretik bigarren graduko erregimenean jarrita haietako hiru —bestea, joan den urteko martxotik zegoen hala—, eta joan den astelehenean Madrilek iragarri zuen beste lau gerturatuko dituela. Haiek ere bigarren graduan jarriko ditu lehenago. Eta, BERRIAk jakin ahal izan duenez, kartzeletako tratamendu batzordeek duela lau bat astetik hona EPPK-ko beste 27-30 presori jakinarazi diete lehen gradutik bigarrenera pasatzeko proposatuko diotela Espetxeetako Instituzioetako Idazkaritza Nagusiari, eta, horrek onartu eta azaroko iragarpenetako irizpideari jarraituz gero, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako mugetatik 300en bat kilometroren barruan dauden presondegietara mugituko dituzte. EPPK-ko kideek «kaleratze prozesuan» legediari jarraitzeko emandako pausoek ere nolabait baldintzatu dute Madril proaktiboagoa izatera.


Ekainaren 1ean onartu zuen Kongresuak Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburuaren kontrako zentsura mozioa, eta Pedro Sanchez (PSOE) izendatu zuten presidente berri. Bihar urte erdi hartu zuen kargua. Handik bi astera iragarri zuen, TVEko elkarrizketa batean, «bestelako espetxe politika bat» egingo zuela, ETA «demokraziak garaitua» eta maiatzetik «desegina» zenez. Garai haietan, alderdi sozialistako hainbat goi karguk hitz egin zuen irtenbide zehatzen alde. Sanchezek berak zioen gaixorik daudenak eta 70 urtetik gora dituztenak hurbilduko lituzketela lehenik. Odol deliturik gabekoen aldeko neurriez ere mintzatu ziren. 60-70 presoz ari ziren. Gaur arteko datuak bestelakoak dira: hiru Euskal Herriratze —EPPKn ez dauden bi eta txiolari bat, denak abuztuan—, eta sei gerturatze —bi irailean, lau azaroan—; egun batzuetarako bi irteera baimen —irailetik hona—; eta EPPK-koen artean, jendaurrean esan denez, bigarren gradurako zortzi aldaketa —eta Langraiz bideko bat eta inongo taldetan ez den bat bigarrenetik hirugarrenera—. Haien artean, hiru dira gaixorik daudenak, eta inor ez 70 urtetik gorakoa. EPPKren ustez —azaroa baino lehenagoko aipua da hau—, «eskasa» da balantzea.



Ciudadanos eta, batik bat, PP oso gogor hasi ziren Sanchezen asmo berrien aurka, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak irailaren 28an esan zuen agintaldiko lehen ehun egunak ETAren biktimen elkarteekin egoteko baliatu zituztela, «sozialki ere giroa aldekoa» izateko. AVT eta Covite landu zituzten. Gustura amaitu zuten lana. Loza: «Giro ona dago jada, eta badira baldintzak gerturatzeak modu progresiboan egiteko». Urrian ez zen delako hurbilketarik izan. Lozak berak urriaren 31n adierazi zuen gerturatzeei eta bigarren gradurako aldaketei buruzko «albiste onak» egongo zirela, eta dei egin zuen «espetxe politikan proaktiboak» izatera. Asteotan izan da gobernu instantzien aldetik mugimendu batzuen berri, publikoki zein, kazeta honek dakarrenez, pribatuki.



Gerturatu, gero gizarteratu



Lozak udatik aitzina esandakoa ere ikusten da: EPPK-koak lehenik Euskal Herri ingurura ekarriko dituzte —Zuera (Aragoi) eta Villabona (Asturias) aipatzen zituen, baina kartzela gehiagotara ari dira aldatzen—, gero, onuren bidez, «gizarteratze» fasean sartzeko eta etxeratzeko.



Datuak datu, berritasun nagusia da tratamendu batzordeak modu objektiboagoan hasi direla euskal preso bakoitzaren egoera aztertzen. EPPK-k bide berria hasita ere, oraintsu arte sistematikoki eman zaie ezezkoa gradu aldaketa eskaerei. Foro Sozial Iraunkorrak duela zazpi aste zioen EPPK-ko kideek lehen gradutik bigarrengora pasatzeko eskaerei erantzundako 46 auto judizial bildu zituela uztaileko, abuztuko eta irailekoak eta ezezkoak zirela 44, oraindik ere ETAko kidetzat jotzeagatik edota legean ez dauden baldintzak eskatzeagatik. Duela hilabete ingurutik, jarrera aldaketa bat sumatu dute presoek. Tratamendu Batzordeak eta Espetxeetako Instituzioak ari dira baiezkoak ematen, eta, ondoren, gerturatzeak egiten: azaroan lau gauzatze egon dira, beste lau iragarpen ere bai, eta beste 30en bat euskal presori batzordeek jakinarazi berri diete gradu progresioa —batzuk jadanik bigarrengoan daude—. Hurrenkeran, hau da prozedura: tokiko batzordeak gradu aldaketa proposatu Espetxeetako Instituzioei, hark onartu, eta, ondotik, hark berak presoa lekualdatzeko agindu. Aipatutako kasu horiek guztiak gauzatu artean ezker abertzaleak zuhurtzia izan nahi du.



Ezker abertzaleak 2010ean (Zutik Euskal Herria) estrategia aldatu ondotik, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2013ko abenduan iragarri zuen taldeko kideek legediari jarraitzeko prestasuna zutela, marra gorri gisa damua eta salaketa jarrita, eta, beste barne eztabaida baten ostean, iazko uztailean berretsi egin zuen bide berria %87 izan zen parte hartzea, eta aldeko botoa, %73—. Iazko urte bukaera aldera hasi ziren kolektiboko presoak —nahi dutenak— legediko urratsak egiten, eta, Espainiako Estatuko kasura joz, denak ere, gutxienik, espetxeko lanak egiteko eta bigarren gradura pasatzeko eskatzen. Horrez gain, Zaballako (Araba) kartzelan batzea galdegin zuten. «Kartzelak husteko» prozesurik balego, kolektiboak iragarri zuen ontzat joko zituela aurrerapausoak —«batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea behin betikoa ez izanda ere»—. Bidea urratzeko, eta bakoitza bere hautuak eginez, presoak agertzen ari dira indarkeria ez erabiltzeko konpromisoa, bide demokratiko eta baketsuekiko engaiamendua, ETAren biktimekiko erantzukizun zibilerako prestasuna eta eragindako minaren aitortza —2013an ere adierazi zuen EPPK-k—, edota ari dira esaten ETAren bukaeraren eztabaidan «lagundu» dutela.



Norberak ezezkoak behin baino gehiagotan jaso ostean, lehen graduko preso batzuek PIT tratamendurako banakako programa eskatu izan diete kartzela arduradunei, eta horiek aitortu diete haientzako ez dutela halakorik. Orain aste batzuk hasi dira batzordeak beste jarrera bat agertzen. Barne Ministerioa edo haren instantziak nabarmentzen ari dira presook zigorraren bukaeran daudela, hiru laurdenak konplituak dituztela, gradu aldaketa eskatua zutela —eta, hortaz, legedia onartzea esan nahi duela horrek—, indarkeria erabiltzeari uko egin diotela, eragindako mina aitortu dutela edo erantzukizun zibilerako asmoa agertu dutela. Odol deliturik gabeak direla ere esan dute. EPPK prest dago bide horri segitzeko, baina Madrili exijitzen dio uzteko «salbuespen» legedia, eta arruntari eusteko.



Espetxe eremuan ebatzi



Graduz aldatu edo gerturatu dituzten—iragarritakoak barne— edo baimenak eman dizkieten EPPK-koak dozena bat kartzelatan zeuden/daude —kolektibokoak estatuan 42tan dauzkate—. Seinale, beraz, ez dela kartzela bateko edo besteko kontua, itxura orokorrekoa baizik.



Gobernuak espetxe eremura mugatu nahi du kontua. Hots, haren ordezkariek esaten dute espetxe administrazioko prozedurari segituz ebatzi behar direla kasuak, tratamendu batzordeek eta Espetxeetako Instituzioek aztertuta. Ez lukete nahiko auzitegiek pisua izaterik. Dena dela, Sanchez Moncloan denetik, kasu batzuk Auzitegi Nazionalean ebatzi dira. Batetik, uztailean Marta Igarrizi, abuztuan Xabier Agirreri eta urrian Mikel Otegiri Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak eman zien bigarren gradua, kartzeletako batzordeek eta Espetxeetako Instituzioek eskaerak ukatu ostean. Bestetik, Ekaitz Ezkerraren irteera baimenaren kasua ere auzitegira heldu da: Burgosko (Espainia) Tratamendu Batzordeak eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak ukatu egin zioten, baina urrian onartu egin zion Auzitegi Nazionaleko zigor salak, eta, azaroan, Espetxe Zaintzak.



Azaroko urratsek segida badute, baina luzatu gabe, baliteke urte hasiera aldera Espainiako Estatuan EPPK-ko 50en bat lagun bigarren graduan egotea, eta gerturatuta. Bide berri batzuk jorratzeko egokiera legoke: onurenak.


Salbuespen neurrien amaiera eskatuko dute abenduaren 22an

Informazio osagarria

Publizitatea