Konponbideari begira

Analisiak

ARKUPEAN

Iraganaren mina

 
Zilegi al da noizbait norbait hiltzea? Posible al da iragan hurbilaz, gaur eta hemen, kontakizun partekatua adostea? Nortzuek hartu behar dute kontakizunaren ardura: politikariek, biktimek, adituek, irakasleek...? Garaitu eta garailerik gabeko kontakizuna egin daiteke? Galdera deserosoak.

Etxeko esperientziatik hasiko naiz. Ama duela hiru bat urte hil zen, ia 91 urte zituela. Berak 12 urte zituen gerra lehen pertsonan bizi izan zuenean, Logroñoko herri txiki batean. Etxean urte askoan ezer gutxi kontatu ziguten horretaz; ez aitak, ezta amak ere. Frankismoaren amaieran Gasteizen kaleak eta hormak garrasika hasi ziren. Barruak bor-bor genituen askok. Gurasoak, nire urduritasunaz jabetuta, politikari buruz zerbait hitz egiten hasi ziren. Egia esanda, ohartarazpenak ziren: «Txikito, ez zaitez ezertan sartu, entzun?». Gure garaian ohiko aholkua zen; baina amari erregua erraietatik ateratzen zitzaion.

Hil aurreko azken urteetan hasi zen ama mingaina eta oroimena askatzen. Lolak, gure amak, maiz aipatzen zuen Severianoren izena. Bere osaba kutuna zen: «Besarkatzeko aukerarik ere ez zidaten eman. Logroñora eraman zituzten eta orduz geroztik ez nuen ikusi», errepikatzen zuen behin eta berriz. Severianok 23 urte zituen (Lolak baino 11 gehiago), eta CNTko militantea zen. 1936ko irailaren 2an Guardia Zibilak atxilotu zuen Herrerako mendi magalean, sasian zegoela, beste hainbat herrikiderekin batera. Irailaren 3ko goizaldean miliziano faxistek 27 gizaseme hil zituzten Puente Cañas izeneko eremuan, Logroñotik Vianara doan errepidearen ondoan. Hildakoen artean sozialistak, errepublikazaleak eta anarkistak zeuden; denak, nekazari edota artzainak. Amaren osaba, Severiano, bigarren gazteena zen. Hildako guztietatik 15 Abaloskoak ziren, amaren herrikoak. JesúsVicente Agirrek Aquí nunca pasó nada. La Rioja 1936 liburuan aipatzen duenez, faxistek herri horretako populazioaren %3,34 akabatu zuten hilabete gutxiren buruan eta epaiketarik gabe. Baina herri horretan «inoiz ez da ezer gertatu». 82 urte pasatu badira ere, gertakari hura isilarazia izan da beti. Ez omenaldirik, ez erreparazio-ekitaldirik, ez oroitarririk. Ezertxo ere ez. Isiltasuna, terroreak ezarritako mututasuna. Garaileek ezarritako kontakizunak bizirik dirau.

Zertara dator hau guztia? Herenegun programaren haritik, iraganaren inguruko kontaketa hizpide dugulako berriro. Jonan Fernandezek esan duen bezala, «iraganak mina eta zatiketa sortzen du». Begi bistakoa da hori, baina kontaketak zuzena eta historiarekiko fidela izan behar du. Horregatik, plan horren aholkulari Juan Pablo Fusi historialariak ondorengo hau esateak zur eta lur utzi ninduen. Berripaper honen arabera, hauxe esan zuen Legebiltzarrean: «Unitate [didaktiko] hau existitzen bada, izan da ETA existitu zelako, ETAk sortu zuelako gatazka».

Imajinatzen dut Juan Pablo Fusi bat etorriko dela esatean 1936ko gerra ez zutela errepublikazaleek piztu, baizik eta Gobernu legitimo baten kontra matxinatu ziren militar faxistek. Era berean, aitortu beharko da ETAren sorreran diktaduraren testuinguruak zerikusi handia izan zuela. Ala hori ere asmatua da? Hori onartzeak ez du inolaz ere ETA legitimatzen, ezta haren ibilbidea zuritzen ere; haren sorrera azaltzen du. Beste kontu bat da geroztik erakunde horrek egin duen ibilbidea eta bakoitzak horretaz duen iritzia.

Jonan Fernandezek dio: «Denok onartu behar dugu hiltzea gaizki egon zela». Jakina. Baina krimenen testuingurua azaltzeak historia ulertzeko bidea ematen digu. Ez ditu zilegitzen. Orduan, Herenegun programak zergatik abiatu behar du 60ko hamarkadan eta ez gerra zibilean? Iraganak min ematen digu. Mina handiagoa izango da gertatutakoaren kontaketan lehengo akats berberak errepikatzen badira, garaileen eta garaituen arteko logikan oinarritzen bada, errealitateari bizkarra emanez. Egiak argia du lagun.

Publizitatea