Konponbideari begira

Berriak

Aurreneko aldiz, auto judizialaren bitartez

Auzitegi Nazionaleko zigor salak eta Espetxe Zaintzako epaileak aldi baterako irteera baimena eman diote Ekaitz Ezkerra EPPK-ko kideari

2018-11-16 / Enekoitz Esnaola

Bada berritasuna EPPK-ko kide batek egun batzuetarako irteera baimena jasotzea. Ekaitz Ezkerrak jaso du orain, bi aldiz. Kolektiboko hirugarrena da; Xabier Sagardoi eta Alfredo Remirez izan ziren aurreko kasuak, bienak ere aurtengoak. Badu berritasun bat Ezkerrarenak: haiek ez bezala, auto judizial bidez lortu du baimena. Lehen aldian, Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salak eman dio baimena, eta, bigarrengoan, auzitegi bereko Espetxe Zaintzako epaileak, aurreko irizpidea aldatuta. Sagardoiri eta Remirezi euren espetxeko Tratamendu Batzordeak eman zien baimena; Ezkerraren kasuan, kartzela aurka azaldu da beti.

Joan den urrian sei eguneko irteera baimen arrunta jaso zuen, BERRIAk Sorturen Presoen Batzordeko iturrietatik jakin duenez, eta, azaroko beste auto bati esker, berriro erdietsi du kartzelatik egun batzuetarako irteteko balekoa. Donostiarra da Ezkerra, eta Burgosko (Espainia) espetxean da, bigarren graduan. Lau hilabete barru bukatuko zaio kondena.

Sagardoiri apirilean eman zioten baimena —hari ere lau hilabetera amaituko zaio zigorra—. Hiru egunez izan zen kalean, eta, ondotik, beste hiru baimen eman dizkiote. Soriako (Espainia) kartzelan daukate. Remirezek baimen bat jaso zuen, Zaballan (Araba) zegoela. Duela bi aste libre geratu zen, zigorra beteta. Bi haiek ere bigarren graduan zeuden baimenak erdiestean. Espetxe erregimen arrunt horretan daudenek legez dute aukera hori; dena dela, instantzia desberdinak irteera baimenak ukatzen ari zaizkie EPPK-ko beste kide batzuei; besteak beste, Sebas Etxanizi —75 urte beteko ditu laster—.

Castroren irizpide aldaketa

Ezkerraren lehen baimenean, bere kartzelak ez ezik, Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak ere eman zuen ezezkoa. Abokatuak helegitea jarri, eta Auzitegi Nazionaleko zigor salako lehen atalak eman zien baimena. Urriaren 4an atera zuen autoa. Ezkerrak aldi baterako bigarren baimena lortzeko, Espetxe Zaintzako epaileak jarrera aldatu du, eta eman dio aukera —azaroaren 5eko autoan—, espetxea berriz ere aurka agertu zen arren. Castrok auto horretan dio aurreneko baimenean ez zela ezer gertatu, eta, beraz, «koherentea» dela irteeraren irizpidearekin jarraitzea.

Egun, EPPK-ko 211 lagun daude Espainiako Estatuko kartzeletan. Bigarren graduan, hamalau. Hirugarrengoan, inor ez. Bigarren gradura pasatzeko eskaerak egiten ari dira azkenaldian.

Publizitatea