Konponbideari begira

Analisiak

ARKUPEAN

Zenbatu, izendatu, aitortu

 
Eskela konbentzionala zen itxuraz, hildakoaren argazki eta guzti. Edukia, ordea, ez zen ohikoa. Hasteko, izenaren azpian —Felix Goya Urbieta— «desagertua» jartzen zuen, eta hurrengo lerroan zehaztapen hau zetorren: «Gaur, 29.220 egun bete dira DESAGERRARAZI zutela». Hortik aurrera, familiakoen izenak azaltzen diren tokian, kontakizuna egiten zuen testuak: nola 1936ko irailean, emaztearekin eta seme-alabekin batera, Nafarroako Eulatetik deserriratu behar izan zuen. Nola Tolosatik igarotzean erreketeek atxilotu zuten gizona. Nola azaroaren 13an Ondarretako kartzelan sartu zuten... Hortik aurrera, bere arrastoa galdu egin zuen familiak. Emazteari esan zioten aske utzi zutela. Azken datua, Goyaren fitxan ageri omen dena, «Llamas epaile bereziaren esku» geratu zela. Bukatzeko, salaketa zekarren eskelak: «... ez dago Administraziorik, ez Erakunde Publikorik, ez Gobernurik familiari aurkitzen lagunduko dion inolako argibiderik eman dionik». Duela bi urte, 2016ko azaroaren 15ean argitaratu zen eskela hori BERRIA eta Gara egunkarietan.

Batzuetan zulo beltzean galtzen dira gerrako biktima izendunak. Beste batzuetan zenbatu gabe geratzen dira. Eta badira izena osten zaienak ere. Gure herrian —Ormaiztegin— 36ko gerran izan ziren fusilamenduei buruzko testigantzak biltzean, lau fusilatu zenbatu genituen. Gerora, beste bi fusilaturen berri eman zidan aditu batek, izen eta guzti; halako batean topatu nituen elizako paperetan —izenik ez— Olaztiko bi fusilatuak. Orain arte zenbatutako sei fusilatuetatik —frankistek erailak denak— bat geratu zaigu izenik gabe: Santoñakoa omen zen gazte bat... zenbaki hutsa, betiereko anonimatura kondenatua.

ETAk zenbatu ditu bere biktimak: 758 hildako. Bide batez, orain arte aitortu gabeko bi gertakari bere gain hartu ditu: Tolosan 1981ean egindako hiru lagunen erailketak —poliziak zirelakoan— eta Madrilgo Rolando kafetegiko atentatua, hamahiru heriotza eragin zituena, 1974an. Berrogeita lau urte behar izan ditu ETAk Correo kaleko ekintza haren erantzukizuna bere egiteko. Garai hartan, eztabaida izan zen, antza, erakundearen barruan, atentatua aitortu ala ez. Izan ere, helburu omen zituzten Poliziaren Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioak apenas harrapatu zituen leherketak; bai, ordea, eguerdi hartan kafetegian zegoen jende soila. Biktimak zenbatzerakoan, izenak ere ipini ote dizkio ETAk, berak eraildakoen zerrendari?

Iñigo Cabacasen hilketan ez dago ez zenbatu beharrik, ezta biktima izendatu beharrik ere. Falta dena aitortzea da; erantzuleak identifikatu eta dagokien zigorra ezartzea behar luke izan auzibidearen helburua. Urriaren 15ean epaiketa hasi zenetik hona ikusi dena, ordea, ertzainen esku garbitze lotsagarri eta sumingarria izan da, eskolako patioko liskarren estiloan. Fiskalak ertzainen artean —eta testiguen artean— egon omen diren kontraesan horietan oinarritu du bere ondorioa: ez dago deliturik. Noren eskutan gaude? Galdera pizten dizun jokabide deitoragarria, bai ertzainen aldetik eta baita fiskalaren aldetik ere. Ertzainetako batek onartu du Jaurlaritzako abokatuekin eta Ertzaintzako nagusiekin bildu zela testigantza prestatzeko. Sei urte luze hauetan —hasi Rodolfo Ares Barne sailburu zenetik eta gaur egunera arte— nabarmen geratu da Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren arduradunen aldetik egon den erresistentzia —boikota ez esatearren— 2012ko apirilaren 5eko iluntze hartan, Bilboko kalezuloan gertatu zena argitzeko.

«Gogoratu behar da poliziak herritarrentzat lan egiten duela, eta ez herritarren kontra». John Finnieren hitzak dira, Eskoziako parlamentaria gaur egun, hango poliziaren ofizial ohia. Beste hau ere esan du Berdeen parlamentariak Cabacas auziaren harira: «Poliziak kontuak eman behar izateak sendotzen du herritarren konfiantza». Gurea, hankapean dago azken aspaldian.

Publizitatea