Konponbideari begira

Berriak

Torturaren indarkeria erantsia

Emakumeekiko torturaren ezaugarriak jorratu dituzte hiru biktimak, Donostian. Baliabideak eskatu ditu Foro Sozialak ikertzen jarraitzeko
Pego, Altzelai, Azkarate, Gete eta Gallastegi, atzo, Donostian eginiko mahai inguruan.
Pego, Altzelai, Azkarate, Gete eta Gallastegi, atzo, Donostian eginiko mahai inguruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

2018-11-10 / Jon O. Urain

Lau eguneko infernua» bizi izan zuen. Une oro, begiak estalita izan zituen. Biluzi egin zuten. Asfixia eragin zioten poltsa buruan jarrita, konortea galtzeraino. Anaia ondoko gelan zegoela eta gauza bera egiten ari zitzaizkiola sinetsarazi zioten. «Torturetan okerrenetarikoa» izan zen hori. «Mehatxuak, oihuak eta kolpeak etengabeak» ziren. Ez daki non igaro zituen lau egunak. Maiz egin zizkioten ukituak. «Hark hiesa dauka, eta kutsatuko zaitu», esaten zioten. Lau hankatan jarri zuten, biluzik. Loa galarazi zioten lau egunez eta lau gauez. «Esan zidaten hiltzea nahiago izango nuela. Une hori iritsi zen; hil nahi nuen, hori bukatzeko». Pistola jarri zioten, bere buruaz beste egin zezan. Eman zion. Ez zegoen balarik. Barre egin zuten. Epailearen aurrera eraman zuten. «Eskatu beharko dut polizia etxeko burukiak aldatzeko, denak baitzatozte lepoko minez», esan zion Juan del Olmo epaileak. 2002a zen. 18 urte zituen.

Miren Azkarate Badiolak atzo Donostiako Emakumeen Etxean emandako testigantza da. Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta, mahai ingurua egin zuten, Nik sinisten dizut: Emakume torturatuen egia izenburupean. 50 bat lagunentzako eserlekuak prest zeuden aretoan, baina ilara gehiago jarri, eta halere hainbat lagun geratu ziren zutik esandakoak entzuteko. Azkaraterekin batera, Kristina Gete Etxeberriak eta Leire Gallastegi Ormazabalek kontatu zuten jasandakoa.

Tortura patroi bat azaleratzen duen hiru testigantza eman zituzten hirurek; elementu komun askorekin, baina nork bere bereizgarriekin eta nork bere ahotsetik. Esaterako, «infernua» etxeko igogailuan bertan hasi zitzaiela; hirurak biluzi zituztela, umiliatu; Gurutze Iantziren torturak gogorarazi zizkietela Geteri eta Gallastegiri. Getek baino ez daki Tres Cantosko polizia etxean eduki zutela, bidean galdu eta poliziek galdetu egin behar izan zutelako.

Hitz etenak izan ziren Geterenak. Kostata amaitu zuen bizitakoaren kontakizuna, negarrez. 27 urterekin atxilotu zuten. «Orain jakingo duzu zer den ona», esan zioten berehala. Hogei urte igaro dira, eta ezin du ahaztu Tres Cantosko usaina: «Ziega batera eraman ninduten, biluzi egin ninduten; bost egunez egon nintzen biluzik. Oihuak entzuten nituen». Poltsa egin zioten, ito arte. Makila batekin bortxatu zuten: «Kalabozoan, zure gorputzetik ateratzen zara. Zure gorputza hor dago, baina zu hortik kanpo zaude». Eskerrak eman zizkien urteotan sinetsi diotenei, eta gaineratu inoiz ez dela berandu beste alde batera begiratu izana aitortzeko.

Gallastegi, berriz, 2001eko otsailean atxilotu zuten. Ez da gai atxiloaldiko xehetasun ugari gogoratzeko: «Zutik izan ninduten asko, paretaren kontra. Argia beti piztuta zegoen, eta etengabea zen ama atxilotzeko mehatxua». Aukeran eman zioten: elektrodoak edo makila bat. Bigarrena hautatu zuen, zergatik azaldu ezinik.

Hirurei arrasto luzea utzi die torturak. Azkaratek ez du barka eskerik nahi, baina bai egina aitortzea: «Ez guardia zibilek. Honen guztiaren atzean erantzukizun politikoak daude, epaileak, auzi medikuak, hedabideak».

Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak egin zuen sarrera. Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) txostenaren egileetako bat da Pego, eta dokumentuaren genero interpretazioa egin zuen atzoko mahai inguruan. Ikerketan jasotako 4.113 tortura kasuetatik 651 emakumeei egindakoak izan dira, eta 3.415 torturatutik 581 izan ziren emakumeak. Zenbakiez harago joan zen, ordea. Generoaren arabera tortura mota ezberdinak egon direla ondorioztatu du Pegok; haren hitzetan, «bultzakada gehiago, iletik tira egite gehiago, indarkeria sexual gehiago, umiliazio gehiago» egin zaizkie emakumeei. Garrantzitsutzat jo zuen giza eskubideen urraketan genero ikuspegia izatea, egiaren bilaketa «egokiagoa» egin ahal izateko: «Zer gertatzen da genero aldea ukatzen dugunean? Biktimen parte bat alde batera uzteko arriskua dagoela. Kaltetuen parte bat ikusezin bihurtzen ari garela».

Gallastegik ez zuen parte hartu txostenaren prozesuan, ez zuelako «indarrik» izan horretarako, baina galdera bat geratu zaio: «Ez al da nahikoa torturatuak izan garela esatea?».

Aitortzaren beharra

Foro Sozial Iraunkorraren izenean mintzatu zen Nekane Altzelai, eta torturek eragindako oinazea aitortzeko beharra azpimarratu zuen: «Ziurtasun osoa dugu kontatu diguten horrek guztiak aintzat hartua behar duela izan euskal gatazka deritzonaren testuinguruan gertatu den ororen memoria osatu ahal izateko». Izan ere, uste du biktimen testigantzak entzutea «aitortzarako potentzial izugarria duen tresna» dela, «hitzen bidez suntsitu baitaitezke urte luzeetan gure lubakietan ezkutuan egotera behartu gaituzten muga ikusezinak».

Altzelaik azaldu duenez, torturari buruzko txostena «guztiz esanguratsua» izan da «bizikidetzaren eraikuntza bidean», eta «ezinbesteko» jo du ikerketa lan horrekin jarraitzea, «biktima bakoitzari eskaini eta ziurtatzeko dagokion egia jakiteko eskubidea». Era berean, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die segi dezatela «beharrezko baliabideak» jartzen txostenaren gisako egitasmoei laguntzeko.

Publizitatea