Konponbideari begira

Berriak

'Bateragune auzia'. Estrasburgoren epaia

Modu bidegabean epaituak

Estrasburgoko auzitegiak ebatzi du 'Bateragune auziko' epaiketa ez zela justua izan, Murillo epailea ez zelako «inpartziala» izan. Ebazpenak ez ditu inhabilitazioak eten, baina bide bat zabaldu dezake
<em>Bateragune auziko</em> epaiketako saio bat Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2011ko ekainaren 27an. Lehen lerroan, Zabaleta eta Otegi, eta atzean, Jacinto eta Rodriguez. Atzerago, Diez.
Bateragune auziko epaiketako saio bat Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2011ko ekainaren 27an. Lehen lerroan, Zabaleta eta Otegi, eta atzean, Jacinto eta Rodriguez. Atzerago, Diez. EFE

2018-11-07 / Jon O. Urain

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoi eman die Rafa Diezi, Sonia Jacintori, Arnaldo Otegiri, Arkaitz Rodriguezi eta Miren Zabaletari, eta, beste behin, ebatzi du Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zuela; oraingoan, Bateragune auzian. Funtsean, Estrasburgoko auzitegiko magistratuek ondorioztatu dute ezker abertzaleko bost kideek ez zutela bidezko epaiketarik izan, horiek epaitu eta zigortu zituen Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaimahaiburua ez zelako «inpartziala». Gaur egun, bostak libre daude, Espainiako auzitegiek ezarritako espetxe zigorrak osorik beteta, eta atzoko epaiak ez ditu eten Diezi eta Otegiri ezarritako inhabilitazioak; aitzitik, ebazpenak horretarako aukera zabal dezake.



Epaimahaia osatu duten zazpi magistratuek aho batez eman dute epaia —tartean dago Maria Elosegi donostiarra—. Zazpiek frogatutzat jo dute Espainiak Giza Eskubideen Hitzarmenaren 6.1 artikulua urratu zuela. Horrela dio artikulu horrek: «Pertsona orok du eskubidea bere kausa entzuna izateko modu bidezko eta publikoan, arrazoizko epe batean, auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean».



Murilloren jokabidea dago Estrasburgora aurkeztutako helegitearen mamian. 2010eko urtarrilaren 27an, Murillok Otegi epaitu zuen, orduan preso zegoen Jose Mari Sagardui Gatza-ren omenaldian «terrorismoa goratzea» egotzita. Galdeketan, Murillok Otegiri itaundu zion ETAren indarkeria gaitzesten al zuen, eta hark ihardetsi zion ez ziola galdera horri erantzungo. «Ez didazu erantzungo, ezta? Oso ondo. Banekien. Eser zaitezke», esan zion orduan Murillok.



Auzitegi Nazionalak Otegi zigortu zuen, baina epailearen inpartzialtasun faltaz helegitea jarri, eta arrazoia eman zion Auzitegi Gorenak. Beste epaimahai batek epaitu zuen, eta absolbitu egin zuten.



Otegi eta Murillo 2011ko ekainean egon ziren berriro aurrez aurre, Bateragune auziko epaiketan. Murillo jarri zuten epaimahaiburu. Hark zigortu zituen Otegi eta gainerakoak, eta ez Auzitegi Gorenak eta ez Auzitegi Konstituzionalak ez zituzten aintzat hartu Murilloren inpartzialtasuna zela-eta jarritako helegiteak.



Bestelako iritzia adierazi du, ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Espainiak argudiatu zuen terrorismoaren gorazarreari buruzkoa eta Bateragunekoa bi auzi ezberdin zirela, eta, beraz, Murilloren inpartzialtasuna ez zegoela auzitan. Estrasburgoko magistratuen arabera, ordea, bi auziek badute lotura, gorazarreak ETAri egiten ziolako erreferentzia eta Bateragune auzian «ETA erakundea eta haren jarduera terroristak elementu zentrala» zirelako. Hortaz, Murillok lehen epaiketan adierazitako «aurreiritziak» aintzat hartu behar dira bigarren epaiketan.



Harago doa ebazpena: frogatutzat jotzen du «epaimahaiburuak [Otegiren] aurkako aurreiritzi negatiboak» adierazi zituela eta hori «argiki bateraezina» dela Murillo Bateragune auziko epaimahaiaren parte izatearekin.



Halaber, Espainiak argudiatu zuen Otegik ez beste guztiek ezin zutela beren burua kaltetutzat jo, Murillok Gatzaren omenaldiari buruzko epaiketan esandakoek soilik Otegiri egiten ziotelako erreferentzia. Estrasburgoko epaileek, ordea, uste dute aintzat hartu behar dela bost auzipetuei «erakunde terrorista bereko kide» izatea egozten zietela eta, beraz, «epaimahaiburuaren aurreko jarrerak objektiboki justifika» zezakeela gainerako auzipetuek zalantza izatea haren inpartzialtasunaz.



Bestalde, bost zigortuek ez dute kalte-ordainik jasoko. Epaileek azaldu dute epaiketa justua izateko eskubidea urratua izatea nahikoa dela kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izateko, baina horrelakorik ez zuten eskatu Otegik, Rodriguezek, Jacintok eta Zabaletak. Bai, ordea, Diezek: 40.000 euroko ordaina eskatu zuen, baina epaileek ez dute eskaria aintzat hartu, argudiatuta ez zuela behar bezalako justifikaziorik aurkeztu. Helen Keller epaileak, ordea, boto partikularra eman du, Diezek eskatutako kalte-ordaina neurriren batean eman behar zitzaiola adierazteko.



Inhabilitazioak, indarrean



2009an atxilotu zituzten Otegi, Rodriguez, Jacinto, Zabaleta eta Diez, beste zenbait kiderekin batera, Baltasar Garzon epailearen aginduz, ETAren gidaritzapean Batasunaren Mahai Nazionala berregitea egotzita. Auzitegi Nazionalak hamar urteko espetxe zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi; zortzikoa, berriz, Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari. Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten gero, eta zigorra murriztu zien Otegiri eta Diezi, sei urte eta erdira; sei urtera, berriz, beste hirurei.



Diezi eta Otegiri, ordea, kargu publikoetan jarduteko inhabilitazio zigorrak ere ezarri zizkieten, 2019ko urtarrilera eta 2021eko urtarrilera artekoak, hurrenez hurren —inhabilitazio horrek galarazi zion Otegiri Eusko Legebiltzarreko 2016ko bozetara aurkeztu ahal izatea—. Atzoko ebazpenak ez ditu inhabilitazio horiek bertan behera uzten, baina aukerak ireki ditzake eteteko. Batetik, Otegiren defentsak inhabilitazioen aurkako babes helegitea aurkeztua du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta tramitean dago. Ikusteko dago atzoko ebazpenak zenbaterainoko eragina duen Auzitegi Konstituzionalaren erabakian. Bestalde, defentsari aukera bat zabaldu zaio Auzitegi Gorenean berraztertze helegite bat aurkezteko.



Urteotan, Goirizelaia izan da Otegi, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguezen abokatua, eta Iñigo Iruin Diezena. Atzo, Goirizelaiak nabarmendu zuen «pozik» daudela Estrasburgoko auzitegiaren erabakiarekin, baina esan zuen sakonago aztertu nahi dutela sententzia, zer egin erabaki ahal izateko. «Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela epaiketa inpartzial bat izan. Eta epaileak ez badira inpartzialak izaten, epaiak ere ez. Bostek azken eguneraino bete zuten kartzela zigorra, eta horrek ez du erreparaziorik».



Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak, berriz, esan zuen sententzia «aztertu» beharra dagoela, helegiterik aurkez daitekeen ikusteko. Hala ere, erantsi du epaia «betetzea» dagokiola Espainiari. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak esan zuen epaiak ez duela «ezbaian» jartzen Espainiako justizia, eta «errespetu osoz» hartu behar dela. Helegitea aurkezteko eskatu diote Dignidad y Justiciak eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak gobernuari.

Informazio osagarria

Publizitatea