Konponbideari begira

Berriak

ATZEKOZ AURRERA

Gizarte sareek besarkatuta

Jendetzak eman dio ongietorria Alfredo Remirezi, '@erreharria' txiolariari, urtebeteko espetxe zigorra bete ondoren. Presoen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko asmoa berretsi du. Bideoa albistearen amaieran.
Amurrioko udaletxearen aurreko plazan egin diote ongietorria.
Amurrioko udaletxearen aurreko plazan egin diote ongietorria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2018-11-04 / Jon Rejado

Egun on Euskal Herria #Batgutxiago». Mezu labur horrekin hasi zuen eguna @erreharria erabiltzaileak, Twitterren. Alfredo Remirez Marañonek sare sozialean zabaldu zituen hitzok atzo, Zaballako espetxea (Araba) utzi eta gutxira, urtebeteko kartzela zigorra bete ondoren. Ordurako emanak zituen besarkadak eta musuak espetxearen hesien beste aldean zain zituen senide eta lagunekin. Ez ziren egunean jasoko zituen azkenak izango. Iluntzera arte, ehunka pertsonak eman zioten ongietorria, bai Amurrion egin zioten egun osoko festan, bai Interneten.



Eguerdiko hamabiak pasatuta heldu zen Remirez Amurrioko udaletxearen aurreko plazara, oinez, Larrinaga kalearen erditik. Jendetza zuen zain, korridore bat osatuz, ongietorria emateko. Txalapartaren soinuarekin, suzirien eztandekin eta bengalen koloreekin egin zioten harrera, urtebeteko espetxealdiaren ostean. «Ni kartzelan sartzeko erabili zuten aitzakia zen gizarteratu behar nindutela; ez dakit zer gizarte zuten buruan, argi baitago nahiko ondo gizarteratuta nagoela», hausnartu zuen udaletxe aurreko plazan, harrera egin zioten ehunka lagunen aurrean.



Espetxean emandako urtean aurretik zituen ideiak «berretsi» dituela nabarmendu zuen. «Gizarteratu behar nindutela esan zutenean, uste dut ni berriz heztea zutela buruan, baina kontrakoa lortu dute», gaineratu zuen. Hamabi hilabetez bizitakoak xehatu zituen. «Sakabanaketa salatzeagatik sartu nintzen espetxean, eta urrundu egin ninduten». Basauriko espetxetik (Bizkaia) Darocara (Zaragoza, Espainia) eraman zuten zigorraren hirugarren hilabetean, eta, abuztuan, Zaballara gerturatu zuten (Araba). «Urruntze madarikatuak» eragiten dituen istripuak ere gogoan izan zituen: hain justu, haren familiak istripua izan zuen Darocara egindako lehen bidaian.



Remirezek eskerrak eman zizkien familiari eta lagun guztiei, baita espetxera bisita egin ziotenei zein bisitan joateko asmoa izan zuten guztiei ere. Gainera, espetxean sartu zenean zituen ideien alde lan egiteko borondatea berretsi zuen. «Espainiako estatuari gauza bakarra baino ez diot esan nahi: ezin zenuten hobeto egin. Bihartik aurrera, beste bi esku daude hemen, euskal presoen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko, espetxeetan bakar bat ere geratzen ez den arte».



Harrera beroa Twitterren



Amurrioko harrera beroa bezala, Twitterren ere askok eta askok eman zioten ongietorria. Hamaika txokotatik eta hamaika hizkuntzatan helarazi zizkioten agur mezuak. Kontuan izatekoa da Espainiako Auzitegi Nazionalak Remirezek aipatu sare sozialean idatzitakoak baliatu zituela hura espetxeratzeko. 2009an, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten, 2005eko Amurrioko jaietan preso baten irudia erakusteagatik. Bi urte baino gutxiagoko zigorra izanda, ez zuen espetxean sartu behar izan, baina, bost urte baino lehen beste delituren bat eginez gero, preso sartzeko aukera zuen. Bada, 2017ko otsailean sare sozialetan «terrorismoa goratzeagatik» zigortu zuten, 2012 eta 2014 bitartean idatzitako txioengatik, eta 2009an jarritako zigorra betearazi zion Auzitegi Nazionalak.



Egun osoan jaso zituen agur mezuak Twitterren, baita Amurrion ere. Harreraren osteko poteoan, asko ziren lepoa luzatzen zuten ibiltariak, Alfredo Remirezen bila. Ongi inguratua egon zen goiz osoan, baita bazkalorduan ere: babarrunak prestatu zituzten 250 pertsonarentzat, eta udaletxearen aurrean jarritako mahaietan ez zen leku bakar bat ere gelditu libre.



Eguerdian hasi, eta iluntzera arte izan zen festa, ongietorri mezu, besarkada, bazkari eta kontzertu artean. Une oro, Julen Ibarrola herrikidea gogorarazteko mezuak izan ziren. Terrorismoa goratzea leporatuta, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten, 2014ko udan errotuladore batekin egindako pintaketa bategatik. Hiru hilabete barru bukatuko du zigorra: iragarri dute beste festa bat prestatzen ari direla, ospatzeko.


[youtube]https://youtu.be/4lplSuknNNQ[/youtube]

Publizitatea