Konponbideari begira

Elkarrizketak

Joseba Enbeita. Euskal preso ohia

«Presoak lehen graduan izatea Madrilen erabaki politikoa da»

Enbeitak dio lehen graduan dauden euskal presoak arazorik gabe egokitzen direla bigarren graduko moduluetara, baina estatuaren oztopoak dituztela egunerokoan eta judizialki.

2018-11-03 / Enekoitz Esnaola

Libre atera den azkenetako euskal presoa da Joseba Enbeita (Bilbo, 1964). 1994an atxilotu zuten, ETArekin lotuta, eta joan den abuztuaren 13an irten zen kartzelatik, Puerto III-tik (Cadiz, Espainia). Lehen graduan egon izan da beti; gehienetan, bigarren graduko moduluetan, preso sozialekin, «arazorik gabe». Euskal presoena «auzi politikoa» dela dio.



Ia 24 urte egin dituzu preso. Beti aurreneko graduan egon zara.



Bai, eta, urte batzuetan, bakartuta ere bai. Navalcarneron egon nintzen lehen aldiz kartzelan, eta bakartuta eduki ninduten urtebete pasan. Valdemoron, Valentzia II-n eta III-n, eta Puerto III-n ere egon naiz preso, eta azkenekoan ere eduki izan naute bakartuta pare bat urtez. Bizi baldintzak gogorragoak dira bakartuta baldin bazaude.



Bigarren gradura pasatzea eragozteko argudio modura, presoa arriskutsua izatea eta erregimen arruntera egokitzeko gaitasunik ez izatea erabiltzen ditu Espainiako espetxe sistemak. Zure esperientziaren arabera, balio al dute argudio horiek?



Ez. Er abaki politiko bat euskal presoak lehen graduan mantentzea. Euskal presoak ez dira arriskutsuak. Kontua da militante politikoak direla, eta horregatik dauzka Madrilek lehen graduan. Egin izan ditugu borrokak, duintasunagatik. Gertatzen da horregatik zigorrak jaso izan ditugula, eta espetxe administrazioak oraindik aipatzen du euskal presoek badituztela zigorrak pilatuta. Horiek ez dituzte kentzen espedienteetatik, nahiz eta kitatzeko epe bat baden, baina Madrilek ez du borondaterik.



EPPK-k 2013an estrategia egokitu zuenetik, aldatu al da kolektiboko presoen jarrera espetxeko eguneroko bizimoduan?



Ildo berrira egokitu egin dira. Esan bezala, egiten dira protestak. Izan ere, espetxeak eta espetxeak daude, eta normala da batzuetan pairatzen den egoerari erantzutea. Geuk Puerto III-n, aurten Xabier Rey kidea hil denean, uko egin genion janariari.



Bigarren graduko moduluan dauden lehen graduko euskal presoen bizimodua nolakoa da?



Nik bizi izandakoa baino ezin dezaket kontatu, eta hori da kolektibokoak saiatzen direla eguneroko bizimodua normaltasunez egiten, kirola egiten... Oraindik badaude eragozpenak. Guk Puerto III-n eskatu genuen kiroldegia erabiltzea, preso arruntek bezala, baina ezezkoa izan da beti erantzuna. Gutako batek epaileari formalki egin zion eskaera hori, baina ezetz hark ere. Baina espetxe arduradunek badituzte kontraesanak: azkeneko udan, esaterako, preso sozialekin batera igerilekura joan ahal izan gara, baina kiroldegira ez. Ikastaroak egiteko ere ezezkoak jasotzen dira. Beste kasu bat: Puerto III-ko gure kide batek espetxeko lan bat egin nahi zuen, batzarra egin genuen taldekook, ondo ikusi zen, eta, gero esan zigutenez, espetxeak ez zuen arazorik ikusi baina Madrildik ezetza etorri zen.



Egunerokoan, bigarren gradukoen aldean zer alde dago?



Atarira ateratzeko orduak, adibidez: bigarren gradukoek zortzi ordu dituzte, eta lehen gradukoek lau, nahiz eta haien moduluan egon. Komunikazioak atxikiak dituzten kolektiboko kideek —ia guztiek dituzte—, astean gehienez zortzi dei egin ditzakete, eta, bestela, hamar. Preso politikoek kontrolatua dute eurei kanpotik bidalitakoa, baita beraiek kanpora bidalitakoa ere; bisitak ere kontrolatuak dituzte. Edota kartzela jardueretan aukera handiagoak dituzte preso arruntek.



Nolakoa da elkarbizitza euskal presoen eta preso sozialen artean aipatutako modulu horietan?



Nik ezagutu dudanaren arabera, ez dago inolako arazorik. Gosaldu, bazkaldu eta afaldu bigarren graduan dauden preso sozialekin batera egiten dute kolektiboko kideek, arazorik gabe. Atarian korrika-eta ere, adibidez, preso arruntekin egiten dute, eta ondo. Nir ustez, oro har, preso politikoak nahiko estimatuak dituzte sozialek, gu beti egon garelako haiek laguntzeko. Preso arrunt askok ez dakite idazten, eta kolektibokoek lagundu egiten diete. Bestelako arazoetan ere jarrera bera dute euskal presoek. Hori ez zaie gustatzen kartzela arduradunei, eta Puerto III-n espetxezain batzuk saiatu izan ziren preso arruntak gure aurka ipintzen, batik bat borroka armatua zegoenean, baina ez zuten lortu.



Zeuk eskatu al zenuen inoiz bigarren gradura pasatzea?



Ez. Ildo aldaketaren ondoren, kideek bai, jakina denez, baina nik urte honen hasieran jakin nuen joan den abuztuan izango nuela irteera data, eta, beraz, ez nintzen hasi helegiteekin. Kolektiboaren 2013ko adierazpenaren ondoren, bai: lagunek bezala, Euskal Herriratzeko eskaera egin nuen, baina neuri ere ukatu egin zidaten.



Kartzelako Tratamendu Batzordeak hiru hilean behin aztertzen du presoaren egoera. Zer esperientzia izan duzu zeuk?



Aurreko ildoan uko egiten genion batzordera joateari. Orain presoak badoaz horra, baina antzerki bat da. Madrilek irizpide jakin batzuk ditu, eta espetxeetako langileek ezarri egiten dituzte.



Duela hiru aste, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatu Bazkuneko dekano ohiak jakinarazi zuen tratamendu batzordeetan autokritikaz-eta galdezka ari direla euskal presoei, lehen gradutik bigarrengora pasatzeko lege baldintza ez izan arren.



Niri ez zidaten halakorik galdetu, baina neu ez nintzen sekula egon psikologoen elkarrizketetan. Izan ere, kolektiboa ildo berria sakontzen hastean, nik jada banuen irteera data ezarria, eta ez naiz halakoetan egon. Gizarte laguntzaileekin egon naiz ni, bizpahiru aldiz. Baina bai, asteotan esan da hori eskatzen ari direla kideei.



Zer lortu nahi du Madrilek?



Preso politikoen damua. Presoen auzia, politikoa da. Berdin dio Espainiako Gobernuan PSOE edo PP egotea, estatu kontu bat baita, eta estatuak badaki kartzeletakoa blokeatzen badu kalean beste gauza batzuk blokeatzen dituela. Hortaz, euskal presoena oztopatu egiten du. Legearen arabera, kideak aspalditik leudeke bigarren graduan, irteera baimenekin-eta, edo hirugarrenean, baldintzapeko askatasunean, baina estatuak ez du hori lortu nahi. Madrilek badaki ezker abertzaleari afera honek denbora eta indarra kentzen dizkiola, eta desgaste bat dakarrela. Horren ondorioz, kideak bahitu politiko batzuk dira.



Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak aste honetan esan du ETA desegiteak ez duela frogatzen EPPK-ko kideek erakundearekin hautsi dutenik.



Epaile hori txotxongilo politiko bat da, eta esaten diotena esaten du. Auto judizialetan esaten dutena da preso politikoak antolatuta daudela —EPPK-n—, eta, ETA jada ez dagoen honetan, kolektiboa bera jotzen dute erakundetzat.



Hiru hilabete pasa daramatzazu kalean. Zer giro ikusi duzu?



Badago kezka bat presoen eta iheslarien inguruan, baina ez dirudi lehentasun bat denik. Ikusi dut kontu hau gehiago mugitzeko gaitasuna. Oraindik asko dago aktibatzeko. Politikoki desblokeatu behar da auzi hau.

Publizitatea