Konponbideari begira

Berriak

Bigarren gradua: haiekin bai, han ez

Espainiako Estatuan lehen graduko ia euskal preso guztiak bigarren graduko moduluan daude, espetxean elkarbizitza normala izanik, baina ez dituzte erregimen arruntean jartzen
Orain Presoak herritar dinamikaren manifestazioa, joan den urriaren 20an, Donostian. Gradu progresioa ahalbidetzea izan zen eskaeretako bat.
Orain Presoak herritar dinamikaren manifestazioa, joan den urriaren 20an, Donostian. Gradu progresioa ahalbidetzea izan zen eskaeretako bat. JON URBE / FOKU

2018-11-03 / Enekoitz Esnaola

Espainiako Estatuan preso bat lehen graduan sailkatzeko erabakiak objektiboki arrazoitua izan behar du, eta, hango Espetxeetako Lege Organiko Orokorraren 10. artikuluaren arabera, bi arrazoi daude presoari lehen gradua ezartzeko. 1: presoa oso arriskutsua izatea espetxeko bizikidetzarako. 2: presoa ez egokitzea kartzelako erregimen arruntera; hots, espetxe barruko arauak urratzea. Baina badu Espainiako espetxe sistemak kontraesan bat: estatuan gatibu diren EPPK-ko %90 pasatxo lehen graduan dauden arren, mugak muga, ia denek bigarren gradukoen bizimodua daramate, haien moduluan baitaude, baina estatuak ukatu egiten die bigarren gradua. EPPK-ko kideen abokatuek diote «espetxeko lege bidea eta bakarkakoa egitea oztopatu» nahi dietela. Gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 214 lagun daude Espainiako Estatuko kartzeletan, eta horietatik hamabost baino ez dauzkate bigarren graduan. Beste 199ak, aurrenekoan, eta horietatik 28, bakartuta, Etxerat-en informazioaren arabera.

Lehen graduan sailkatutako euskal presoak bigarren graduko moduluan eta erregimen horretako preso arruntekin egotea ohikoa da hamaika espetxetan. Egunerokotasunean badaude alde batzuk: bigarren gradukoek kartzelako atarian egoteko lau ordu gehiago dituzte —zortzi ordu egunean; lehen gradukoek, lau, edota espetxe jarduera gehiago dituzte aukeran —ikastaroak, liburu denda, kiroldegia…—. Baina modulu horietan preso sozialen eta EPPK-koen arteko «elkarbizitza normala» da, abokatuek diotenez, eta, horren ondorioz, deitoratu dute «gezurra» dela euskal preso horiek ezin dutela egokitu erregimen arruntera eta espetxe barruko bizimodurako arriskutsuak direla —gainera, ETA desegina dago joan den maiatzetik—.

Abokatuek darabilten beste argudio bat: garai batean, EPPKren estrategiagatik asko izaten ziren kartzela barruko protestak, grebak eta beste, eta, horren ondorioz, euskal presoek espetxe administrazioaren zigorrak jasotzen zituzten, baina, egun, kolektiboaren jokabidea beste bat da, eta ez dago zigorrik. Espetxeko Tratamendu Batzordeak presoen jokabidea aztertzen duenez gradua aldatu edo ez erabakitzeko, jarrera hori ere kontuan hartu beharko litzateke, abokatuen iritzian.

Tratamendu Batzordeak hiru hilean behin egiten du presoaren azterketa, eta, lehen gradua erregimen itxia eta salbuespenezkoa izanik, egoera horrek behin-behinekoa edo denboran mugatua izan behar du. Hainbat euskal eragilek gaitzetsi du EPPK-ko kideei sistematikoki ukatzen dietela bigarren gradurako progresioa.

Beste faktore batzuk

Ezker abertzaleak Kalera aldizkariaren atzeneko zenbakian salatu du espetxe sistemak euskal presoen gradu garapenerako ez dituela kontuan hartzen haien egokitzapen «positiboko» zenbait osagai: zigorraren hiru laurdenak betetzeko zorian egotea edo erdia pasa beteta egotea; lehen aldiz egotea preso; espetxe barruko zigorrak ez izatea; familiaren babesa izatea; hezkuntza eta prestakuntza maila; adikziorik eza; egotzitako delituen antzinatasuna... Ezker abertzaleak dio Madrilek bigarren gradua ukatzeko halako faktoreak baztertu, eta ebazpen administratiboetan eta judizialetan azpimarra jartzen duela delitu eta zigor motan, esaten duela presoak ez duela ETArekin hautsi, ez dela damutu, ez daukala biktimekiko erreparazio asmorik, autoritateekin ez duela kolaboratu, barkamenik ez duela eskatu... «Kontu horiek ez dute zer ikusirik presoak erregimen arruntarekiko duen egokitzapenean edo haren arriskugarritasunean». Duela hiru aste, antzeko txostena aurkeztu zuen Foro Sozial Iraunkorrak, Gasteizen, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatu Bazkuneko dekano ohiaren bitartez.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak gradu aldaketarako urratsak egiteko eskatu izan die EPPK-ko kideei, eta deitoratu ditu Madrilek haiei bigarren gradua ukatzeko emandako ezezkoak, baina gradu progresioa, urrunketa politikaren amaiera ez bezala —«hurbiltzeak ez du aurretiko baldintzarik betetzea eskatzen»—, «eragindako minaren errekonozimendu kritikoarekin» lotu izan du.

Presook bigarren graduan baleude —erregimen arruntean—, irteera baimenak lortzeko aukera izango lukete: asteburuetan edo jai egunetan. Urtean, gehienez, 36 egun hartu ahal dira, urte osoan modu proportzionalean. Erregimen arruntean badira baldintzak espetxe onurak lortzeko: kartzela zigorraren laurden bat beteta izatea eta portaera ona edukitzea. Tokiko Tratamendu Batzordeak hartzen du erabakia, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak berresten.

Halaber, bigarren graduan egonik, hirugarren gradurako progresiorako aukera lukete, irteera baimenak ez ezik baldintzapeko askatasuna ere eskuratu ahal izateko. Lege baldintza zorrotzekin egingo lukete hirugarren gradura pasatzeko: 7/2003 legearen ondorioz, «terrorismo» delituengatik zigortutako presoei exijitzen dizkietenak dira helburu eta bitarteko terroristak alboratu dituztela argi uzteko, estatuko agintariekin modu aktiboan kolaboratzeko, indarkeriaren arbuioa egiteko, biktimei barkamena eskatzeko, edota erakunde terrorista eta haren inguruarekiko harremanen etetea frogatzeko.

Aurreneko graduaren aferan, EPPK-koen abokatuek estatuko organo judizialei eta administratiboei eskatu diete espetxe legedia ezar dezatela, «horren arabera euskal preso politiko guztiak lehen gradutik atera eta bigarrengoan jartzeko, benetan bakarkako legebidea egiteko».

Egoera makurragoan daude lehen graduan bakartuta dauzkaten kolektiboko 28 kideak, neurri zorrotzagoak eta baldintza gogorragoak ezartzen dizkielako espetxe administrazioak. «Preso horiek bizimodu normaleko moduluetan ez badituzte jartzen, zaila izango da egokitzeko duten gaitasuna aztertzea», dio ezker abertzaleak Kalera-n.

Publizitatea