Konponbideari begira

Analisiak

Zigorren batuketa. Estrasburgoren epaia. ANALISIA

Presioa

 

2018-10-24 / Enekoitz Esnaola

Urbina abokatuak aitortu du «ustekabea» izan dela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez atzera botatzea Espainiako Estatuak euskal presoen zigorrak ez zenbatzeko duen irizpidea. Bazegoen klima baikor bat: Espainiako Auzitegi Nazionaleko, Goreneko eta Konstituzionaleko magistratu batzuek zenbatzearen aldeko iritzia agertu izan dute, eta eremu politikoan eta hedabideetan epaia aldekoa izango zelako informazioa zebilen. Ebatzi du Europak: ez du egin Madrilen aurka. Gaur-gaurkoz, kolpea da auziko presoentzat eta haien senideentzat. Denera 50en bat preso dira inplikatuak —zigorra jadanik beteta edota murriztuta, kondenaren arabera joango lirateke kartzelatik irteten—; gehien-gehienek urte ugari daramate gatibu Frantziako eta Espainiako estatuetako espetxeetan, eta asko dira dagoeneko adin bat daukatenak.



Espainiako Erresumak lasaitua hartuko zuen orain. 2013an gogorra egin zitzaion Parot doktrinaz Europak emandako epaia. Jarrera irekia duten ETAren biktima batzuek ere aitortu izan dute min hartu zutela ebazpenarekin. Baina Paroteko preso haiek ez ziren atera harrokeriaz; askok egin dute, gatazkaren ondorioetan konponbidea lortzeko xedez, ETAren bukaeraren alde, eta asko aritu dira EPPKren estrategia berritua sustatzen eta babesten, eta hala jarraitzen dute. Zigor metaketaren aferako presoak ere pauso horien alde agertu izan dira —hor daude EPPK-koen bozketen emaitzak—.



Mendeku gosea duenak baizik ez dezake ontzat jo zigorrak ez batzea —Sortuk, dena dela, uste du Europa ez dela mamian sartu, eta ezin dela ulertu Madrilen tesia babestu duenik—. Parot doktrinarekin, auziko 60ren bat euskal presoek legez zegokien baino urte gehiago egin zituzten kartzelan. Antzekoa ari da gertatzen orain, Frantziako urteak ez dituelako aintzat hartzen Espainiak.



Presoen helegite baten kasuan Estrasburgoko auzitegiko Areto Handiak nekez botako luke atzera oraingo erabakia, atzo defentsa abokatuek aitortu bezala. Beste aukera bat da eremu judizialetatik Luxenburgoko auzitegira jotzea, baina nekez ikusiko da, adibidez, espainiar epaileren bat bere estatuaren aldeko ebazpen bat auzitan jartzen Europan.



Urbinak aipatu duen beste aukera bat da Kongresuaren bidez 7/2014 legea erreformatzea, kartzela urteak auziko preso guztiei zenbatzeko eta ez soilik, Madrilek erabaki bezala, 2010 ostean zigortutakoei. Baina erreforma ere nekez gertatuko da. Kontua ez da alderdi bat edo bestea, PSOE edo PP, edo C's. Estatu ikuspegia izanda hartzen dituzte erabakiak haiek. Parot doktrinako jukutria PSOEren garaikoa da, Gorenaren 2006ko sententzia bat da —eta orduko ministro batena da «ingeniaritza juridikoa» esaldia, inputazio berriak «eraikiko» zituztela esanez—. Beste estatu bateko kartzela urteak aintzat hartzeari buruzko Europako erabaki esparrua 2008koa da, baina PSOEren gobernuak ez zuen ezarri, eta gero PPrenak bihurritu egin zuen, 2014an. Hor da urrunketaren adibidea ere: baten edo bestearen gobernuak ez du betetzen etxeko araudia — Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1. artikulua—.



Auzitegi Nazionaletik Luxenburgora jo-ez erabakitzeko garaian, Grande-Marlaskaren jokabidea oso garrantzitsua izan zen aurrera ez jotzeko, eta orain «poztasun juridikoa» azaldu du, epaile zenean ebatzi denaren alde egin zuela argudiatuta. Barne ministroa da egun. ETAren biktimen elkarte Covite edo AVT ere kontent dira, eta gobernuak espetxe politikan, oroz gain, haiekin elkarlana nahi du, eta konplikaziorik ez.



Eroso dabil Moncloa —hura bakarrik?—. Currinek euskal alderdiei eta gizarte zibilari ohartarazi die Madrili «presioa» egiteko. Joan den larunbateko manifestazioan jauzi bat egin zen kualitatiboki, baina ez kuantitatiboki, eta balegoke zer hobetu: herritar dinamikaren proiekzioa, «premiazko» aldarrikapenen azpimarratze handiagoa —afera honetako presoek ere baliatzeko—...



Egun, presoek dute presioa.

Publizitatea