Konponbideari begira

Berriak

Zigorren batuketa. Estrasburgoren epaia

Espainiako Gobernuak Ā«poztasun juridikozĀ» hartu du erabakia

Grande Marlaska Barne ministroak gogorarazi du bera Auzitegi Nazionaleko epaile zenean zigorrak metatzearen kontra agertu zela. Eusko Jaurlaritzak adierazi du «beste gauza bat» espero zuela
Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo, Senatuko kontrol saioan.
Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo, Senatuko kontrol saioan. FERNANDO VILLAR / EFE
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bere erabakiaren berri eman eta gutxira egin zituen atzo adierazpenak Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak. Erabakian sakontzeko astirik gabe, beraz, baina Espainiari arrazoia eman izana «poztasun juridikoz» hartzen duela nabarmendu zuen. Arrazoia: Marlaska bera Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaile zela, zigorrak metatzearen kontra agertu zela auzi horretan, ponente modura. «Ondorio nagusia da ez dela inola ere urratu oinarrizko eskubiderik», hausnartu zuen Marlaskak, eta nabarmendu zuen Espainiako Gobernuak beti kasu egin izan diela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenei. Madrilen egin zituen adierazpenok, Frantziako enbaxadoreak Espainiako Polizia eta Guardia Zibila saritzeko antolatutako ekitaldi batean sartu aurretik.



Oso bestela erreakzionatu zuen Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak. Estrasburgoren erabakia jakin eta gutxira mintzatu zen hura ere; epaia «errespetuz» hartzen dutela esan zuen, baina «beste gauza bat» espero zutela. Erkorekak adierazi zuen Estrasburgoren erabakia «zirrikitu bat» dela euskal presoei aplikatu zaien «salbuespenezko» espetxe politikan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren apustua «esparru arau emailearen aldaketa» dela nabarmendu zuen Erkorekak, horrela «giroa baretu» eta «Euskadiko normalizazio politikoa errazteko». Jaurlaritzako eledunak argitu zuen bere garaian Espainiako Auzitegi Gorenak zigorrak metatzeari buruz emandako 186/14 epaiarekin «sintonia» handiagoan legokeen epai bat espero zutela Estrasburgotik, «han aintzat hartzen baitziren Europako Batasuneko beste herrialde batean betetako zigorrak».



Estrasburgok emandako epaiarekin «ezados» agertu zen EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban ere: «Terrorismoaren amaierarekin, ETA desagertuta, ez dauka inolako zentzurik salbuespen neurriak aplikatzen jarraitzeak». Hori dela eta, Espainiako Estatuari eskatu zion espetxe legedia «sen onez» aplikatu dezala eta zigorrak metatzearen inguruko Europako zuzentaraua «egokiago» molda dezala, Frantziako espetxeetan emaniko urteak ere kontuan hartuak izan daitezen. Hori eskatzeko, lege proposamen bat erregistratu zuten atzo bertan jeltzaleek.



EH Bilduk, berriz, salatu egin zuen euskal presoei zigorrak luzatzeko eta askatasunera heltzea oztopatzeko Espainiako Estatuak erabiltzen duen «ingeniaritza juridikoa». «Salbuespenezko legediak eta salbuespenezko interpretazioak bertan behera geratu behar dute. Frantzian betetako zigorrak aintzat ez hartzea bezalako jukutriek presoen, familiaren eta lagunen mina eta sufrimendua areagotzeko balio dute bakarrik. Erabaki hau presoen aferari mendeku ikuspegi batetik begiratzen diotenek soilik txalotuko dute». Sortuk, bestalde, auziaren mamian ez sartzea egotzi zion Estrasburgori: «Ebazpenak ez du giza eskubideen urraketa hau geldiarazi. Giza eskubideak urratzen jarraitzen du Espainiako Erresumak, eta berak sortutako tranpa juridikoa epaitu gabe gelditu da». Hala ere, orain arte bezala jarraitzera deitu zuen Sortuk: «Presoen eskubideen defentsan lanean jarraitzea ezinbestekoa da, kontsentsu zabalak sortuz, salbuespenezko egoera hau lehenbailehen amaitzeko».



Kontrako norabidean mintzatu ziren PSE-EE eta PP. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiaren iritziz, «positiboa» da Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia eta bertan esatea «Espainiako Erresumak modu egokian eta zuzenbidea errespetatuz aplikatzen dituela zigorrak».



Alfonso Alonso EAEko PPren presidentearentzat, epaia «mezu bat» da Espainiako justiziaren funtzionamendua zalantzan jartzen dutenentzat. «Ongi funtzionatzen duela eta giza eskubideak defendatzen dituela».

Informazio osagarria

Publizitatea