Konponbideari begira

Berriak

Zigorren batuketa. Estrasburgoren epaia

Estrasburgok ebatzi du ez dela eskubiderik urratu zigorrak ez batuta

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak azaldu du Espainiako legerian ez zela zigorrak batzea aukera gisa jasotzen Arrozpide-eta zigortu zituztenean. Abokatuen iritziz, «lege aplikazio maltzurra» babestu da
Elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herri eta hiritan, Estrasburgoko auzitegiaren epaiaren harira. Irudian, Donostian eginikoa.
Elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herri eta hiritan, Estrasburgoko auzitegiaren epaiaren harira. Irudian, Donostian eginikoa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

2018-10-24 / Jon O. Urain

Inor gutxik espero zuen ebazpena eman zuen atzo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Epaimahaiak, aho batez, ebatzi du Espainiak egoki jardun duela hiru euskal presori aintzat ez hartuta Frantzian betetako zigor urteak. Estrasburgok arrazoia eman dio Espainiari helegitean jasotako hiru ustezko urraketetatik bitan, baina kargu hartu dio auzitara jo zuten presoei bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea ez bermatzeagatik. Magistratuek ohar bat egin dute, gainera: ez dela euren eginkizuna zehaztea Europak 2008an zigorrak batzeaz emandako zuzentaraua zuzen txertatu ote zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Santiago Arrozpide Sarasola, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika Garmendiaren helegiteak ziren atzoko ebazpenean aztertutakoak; epaia presoen aldekoa izan balitz, ordea, hamalau bat preso gera zitezkeen libre, eta 40 ingururen zigorra murriztuko zatekeen. Ez zen horrelakorik gertatu. Hiru presoen abokatuek aurkeztutako helegitean, salatu zuten Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hiru artikulu urratu zituela: bosgarrena —askatasunerako eskubidea—, seigarrena —bidezko prozesu judizial bat izateko eskubidea— eta zazpigarrena —legerian oinarritu gabeko zigorrik ez jasotzeko eskubidea—.

Bosgarren eta zazpigarren artikuluak ez direla urratu ebatzi dute zazpi epaileek, aho batez —tartean, Maria Elosegi donostiarrak—. 43 orrialdeko ebazpena osatu du epaimahaiak, eta, nagusiki, bi argudio erabili ditu. Batetik, Arrospidek-eta «arau hauste penalak egin zituztenean eta zigorrak pilatzeari edo mugatzeari buruz erabaki zenean» Espainiako zuzenbideak ez zuela «arrazoizko neurri batean» jasotzen beste estatu batean betetako zigor urteak aintzat hartzeko aukera, eta «kausalitate harremana» dagoela zigorren eta espetxealdiaren artean: «Gortearen iritziz, eskatzaileen zigorrak eman zirenean eta ondoren, eskatzaileek galdegin zutenean Frantzian betetako zigorrak batzeko, Espainiako zuzenbideak ez zuen aurreikusten Frantzian betetako zigorrak aintzat hartuko zirenik».

Izan ere, 1995eko Zigor Kodearen arabera, Espainian preso batek 30 urte bete zitzakeen gehienez kartzelan; 30 urte horiek soilik Espainiako espetxealdikoak diren edo muga horrek beste estatu batzuetan betetako zigorrak aintzat hartu behar dituen, hor zegoen gakoa. Estrasburgok ebatzi du hiru presoak zigortzerakoan bigarren aukera hori ez zuela jasotzen Espainiako legeriak.

Azalpen hori bigarren argudioarekin lotu dute magistratuek. Horien arabera, Frantziako eta Espainiako zigorrak batzeari uko eginda, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen moldatu preso batek gehienez bete dezakeen espetxealdia —30 urte—, eta, beraz, presoek bete beharreko zigorrak ezin ziren jo «aurreikusi ezintzat», zigorrak jaso zituztenean ez baitzegoen zigorrak batzeko aurreikuspenik Espainiako araudian.

Zigor «aurreikusgarria»

Justuki, aurreikusgarritasun horrek bereizten ditu zigorrak batzearen auzia eta Parot doktrinarena, Estrasburgoko auzitegiak argudiatu duenez. Izan ere, epaileek uste dute Auzitegi Gorenak Parot doktrinaren bidez ezarritako jurisprudentzia kontuan hartuta, zigorrek «aurreikusgarriak» izateari utzi ziotela eta, beraz, Giza Eskubideen Hitzarmena urratu zutela. Hala ebatzi zuen auzitegiak Ines del Rioren kasua aztertzean, eta ebazpen horrek baliogabetu zuen doktrina osoa.

Aitzitik, auzitegiak prozeduraren alorrean eman die arrazoia presoen abokatuei, ebatzi baitu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, presoen babes helegitea baztertuta, «karga neurrigabea» eragin ziela. Helegitea aztertzea baztertzeko, Auzitegi Konstituzionalak argudiatu zuen presoek ez zituztela agortu Espainiako prozedura judizial guztiak. Estrasburgok, ordea, azpimarratu du hori «inkoherentea» dela Auzitegi Gorenak gaiaz emandako ebazpenekin. Horregatik, Espainia zigortu du Arrozpideri 2.000 euro eta Plazaolari eta Mujikari mila bana euro ordaintzera.

Auziaren muinean Europako Batzordearen 2008/675 zuzentaraua dago. Europak 2008an onartu zuen esparru arau horren arabera, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. Europak hartutako esparru erabakiak derrigorrean bete beharrekoak dira Europako Batasuna osatzen duten estatu guztientzat. Kasu honetan, ezarritako irizpidea betetzeko epea ezarri zuen: 2010eko abuztuaren 15a. Ordurako, estatu bakoitzak bere legean txertatu behar zuen araua. Espainiak, ordea, ez zuen txertatu 2014ra arte.

Araua indarrean sartzearekin batera hasi zen Auzitegi Nazionala zenbait presori irizpide berria ezartzen. Horrela laburtu zizkieten zigorrak, besteak beste, Rafael Carideri, Mujikari, Arrozpideri eta Plazaolari, eta, ondorioz, libre geratu ziren azken biak. PPk, ordea, legea aldatu zuen, zehaztuz onura ez zitzaiela ezarriko 2010eko abuztuaren 15a baino lehen zigortutakoei. Arrozpide 2015eko urtarrilean atxilotu zuten berriro, eta Plazaola, irailean.

Abokatuak, harrituta

Haizea Ziluaga eta Iker Urbina, hiru presoen abokatuak, harrituta azaldu ziren epaiarekin. Hura argitaratu eta ordu eta erdira, Gipuzkoako Abokatuen Bazkunaren egoitzan agerraldi bat egin zuten, eta Urbinak ez zuen sorpresa ezkutatu: esan zuen «ziurtasun juridikoa» zeukala epaia aldekoa izango zela, eta aitortu zuen «ustekabea» izan zela kontrakoa jasotzea, estatuko instantzia judizialaren eremuan ere irudipen bera sumatu zuelako. Izan ere, Auzitegi Nazionalak epai kontrajarriak eman zituen doktrina berria ezartzen hasi zenean, eta Auzitegi Gorenean ere desadostasunak izan zituzten gaia aztertzerakoan.

Urbinak salatu zuen Europako auzitegiak babesa eman diola «Espainiaren lege aplikazio maltzurrari»: «Lege horrek asmo politikoa du atzean». Abokatuen iritziz, «Europako araudiaren urraketa» da erabakia.

Haatik, erantsi zuen oraindik ere aukerak dituztela. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatu zion «legea desberdin ezartzeko», horretarako «marjina» eta «ibilbidea» badela iritzita. Espainiako Kongresuko talde politikoei ere mintzatu zitzaien, mugitzeko eskatzeko. Euskal presoei Frantziako urteak batu ahal izateko, 7/2014 legeko salbuespenak kentzea galdegin zuen, legea bera erreformatuta. Bestetik, auzibidean jarraitzeko aukera dago; orain Estrasburgoko Areto Handira jotzeko aukera dute, eta hiru hilabeteko epea dute horretarako. Beste 40-50 eskaera dituzte Giza Eskubideen Auzitegian, baina ez dute espero aldaketarik.

Horrez gain, Luxenburgoko Justizia Auzitegira jotzeko aukera ere badagoela esan zuen Urbinak, baina hori ez dagokiela presoen abokatuei, baizik eta instantzia judizialei edo Europako Batasunekoei.

Informazio osagarria

Publizitatea