Konponbideari begira

Berriak

Sindikatuen aldarriak: Euskal Herriratzea, gradu progresioa eta eriak libre

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek agerraldia egin dute elkarrekin, eta ondoren CCOOk bat egin du eskaerekin. Guztiek dei egin dute datorren larunbateko manifestaziora joateko
ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldeko kideak, atzo, Bilbon.
ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldeko kideak, atzo, Bilbon. BERRIA

2018-10-16 / Enekoitz Esnaola

Hego Euskal Herriko sindikatuek berriz ere egin diote Madrili espetxe politika errotik aldatzeko aldarria: ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek prentsaurreko bateratu baten bidez eta CCOOk prentsa ohar baten bitartez, euskal presoak Euskal Herriratzeko, lehen gradutik bigarrengorako progresioa ahalbidetzeko eta larri gaixorik direnei hirugarren gradua emateko eskatu dute. Guztiek dei egin dute larunbaterako Orain Presoak dinamikak Donostian antolatu duen manifestaziora joateko, eta martxaren aurretik Miramar jauregian «bakea eta elkarbizitzaren» alde egingo den ekitaldian ere izango dira.

«Gizarteari eta, bereziki, langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen betiko konponbidea lortzeko lana egiteko deia egiten diegu», esan dute, Bilbon, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek. «Presoen arazoa konpontzea, bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzateke».

Foro Sozialaren ekimenez elkartu dira prentsaurrekora. Joan den ekainaren bukaeran, berriz, manifestu bat kaleratu zuten orain Bilbon batutakoek eta CCOOk. Azkeneko horrek atzoko oharrean dio besteek egindako eskaerekin bat datorrela, baina ez prentsaurrekoan emandako «fikziozko batasun sindikalaren irudiarekin», nabarmendu baitu halakorik ez dagoela langileentzako «garrantzitsuagoak» diren alorretan.

Bilbon elkartu diren sindikatuek hiru neurri eskatu dituzte. «Duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla-eta» galdegin dute gaitz larriak edo sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua emateko —legearen arabera, irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskatu ahal izango lituzkete hala—, «edo espetxetik ateratzeko». Espainiako eta Frantziako gobernuei euskal preso guztiak Hego Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko exijitu diete, «espetxe zigorra sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko». Eta preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak «benetan» aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatu dute, «espetxe legediak zehazten duen moduan».

17:00etan hasiko da larunbatean Donostiako manifestazioa, Antiguako tuneletik. Martxaren amaierako ekitaldian, Bulebarrean, Mixel Berhokoirigoin bakegileak eta Orain Presoak herritar dinamikako bi lagunek hitz egingo dute. Miramarko topaketari, berriz, 16:00etan ekingo diote, eta, euskal sindikatuez gain, eragile politikoak eta sozialak ere egongo dira bertan.

Publizitatea