Konponbideari begira

Berriak

Nazioarteko talde laguntzaileen fasearen bukaera

HNTk datorren astean amaituko du orain zazpi urte hasitako bidea. Euskal Herrira etorriko dira Currin, Spektorowski eta Kendall. Gaur zortzi konferentzia bat egingo dute, Aieten. Bideoa albistearen amaieran.
Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall HNTko kideak, 2014ko urrian, Donostian.
Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall HNTko kideak, 2014ko urrian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

2018-10-10 / Enekoitz Esnaola

HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ere bukatu du euskal gatazkaren konponbiderako hartu zuen konpromisoa, «mandatuaren parterik handiena osatuta», haren arabera. Datorren astean emango dio, hain zuzen, zazpi urte pasako ibilbideari amaiera, Euskal Herrian. NEB Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak iaz utzi zuen, eta Henri Dunant zentroak, aurten. HNTren agurrarekin, itxi da nazioarteko talde laguntzaileen fasea.



Datorren asteartetik ostegunera arte egingo dute bisita Euskal Herrira HNTko kide Brian Currinek, Alberto Spektorowskik eta Raymond Kendallek, «euskal gizarteari, instituzioei eta haien ordezkari politikoei taldearen jardueraren azkeneko balantzea aurkezteko». Gaur zortzi izango dute egun nagusia, Donostian, HNTren beraren agurra eta Aieteko Nazioarteko Konferentziaren zazpigarren urtemuga dela-eta topaketa bat izango baita Aiete jauregian, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak antolatuta.



Hiru haiek ez ezik, Silvia Casalek, Pierre Hazanek eta Nuala O'Loanek ere osatu dute taldea. 2011ko otsailaren 14an eman zuten HNTren sorreraren berri, «Euskal Herriko normalizazio politikoa lortzeko» eragileen arteko harremanak erraztea eta ahalbidetzea helburutzat jarrita. ETA artean jarduera armatuaren bukaera iragartzeke zegoen —2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen—, baina urte hartako urtarriletik su-etenean zegoen. Gainera, menia horren aurreko berriak ziren ETAk eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakiaz plazaratutako jakinarazpena —2010eko iraila—, eta ezker abertzalearen estrategia aldaketaren Zutik Euskal Herria adierazpena —2010eko otsaila—. Jakinarazi ez zen funtsezko erabaki bat ere bazegoen: ETAren jardunik ez zegoen 2010eko otsailetik, eta nazioarteko erraztaile eta bitartekariek bazekiten hori. Bestalde, ezker abertzalea legez kanpo joa zuen Espainiako Estatuak, baina Sortuk estatutuak 2011ko otsailaren 7an aurkeztu zituen, HNT plazara atera baino astebete lehenago. Testuinguru horretan sortu zen, beraz, Harremanetarako Nazioarteko Taldea, bakea eta normalizazio politikoa bultzatzeko xedez.



Currin zen HNTren bultzatzailea eta koordinatzailea, baina ez zuen ezezaguna euskal gatazka. Ezker abertzaleak aurretik ezagutzen zuen hura: 2007an egin zuten aurreneko bilera, Donostian. 2009an Lokarri herritar sarearekin lankidetzan hasi zen Currin, euskal gatazkaren konponbidean parte hartzeko. Urte hartako urrian, esaterako, Bake prozesua nola suspertu? hitzaldia eman zuen Donostian, Kursaalean, Lokarrik gonbidatuta, eta Batasunaren apustu berriaren alde mintzatu zen. «Ezker abertzalearen proiektu berria gauzatzen bada, eragin handia izan dezake euskal gizartean», iragarri zuen hitzaldian, aretoa lepo zela. «Aurkitu itzazue proiektu berria babesteko moduak. Barneratzailea da».



Artean HNTrik ez zegoela, Currinek berak eman zuen aurrerapauso bat, ezker abertzalearen «urratsa aitortuz» Bruselako adierazpena sustatu zuelako Madrilen presioak pairatu arren. 2010eko martxoaren 29an aurkeztu zuten, eta sinatzaile ziren Jonathan Powell —gero ere jardun du lanean—, Desmond Tutu, Mary Robinson eta nazioarteko beste hemezortzi kide ezagun. ETAri su-eten iraunkor eta egiaztagarriaren eskaera egin zioten, eta, Espainiako Estatuari, balizko meniari baikor erantzuteko. 2011ko urtarrilaren 8an eman zuen su-etena ETAk; lehendabiziko aldiz, egiaztagarria.



Lanak banatuta



Gero egiaztatze lana ez zuen, ordea, HNTk hartu, talde berri batek baizik: NEBek, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak. 2011ko irailaren 28an aurkeztu zuten, udan askotariko kontraste lanak egin ostean. Hain zuzen, Currinek proposatu zuen NEBen sorrerarako Ram Manikkalingamen izena, hark antolatu eta gidatu zezan egiaztatze batzordea. Halaxe gertatu zen.



HNTren sorreratik ere maiz bisitatu du Euskal Herria Currinek, kideekin batera bilerak eta elkarrizketa «diskretuak» izateko. Lokarriren agerraldietan —kasurako, haren bukaera ekitaldian, 2015ean—, edota foro sozialetan eta bake forumetan ere izan da, jendaurrean. «Denbora honetan guztian, euskal gizartea bakebidean eta gatazkaren konponbidean laguntzen saiatu gara», zioen atzo HNTk, hedabideei bidalitako oharrean. 2011ko urriaren 17an Aieten egindako Nazioarteko Konferentzia nabarmendu du, «bakerako une erabakigarria» izan zelako. ETAren bukaera prozesuan ere parte hartu duela adierazi du. «Ohore bat izan da».



Ez zen Currin, ez HNTko beste inor, Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetakoa, baina bai sustatzaileetakoa, eta dokumentuak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zien «gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko». Geroztik Ipar Euskal Herrian behin baino gehiagotan izan dira HNTko kideak aldarrikapen horiek eginez. Hain segur, 2014ko otsailaren 28an bizi izango zuten Euskal Herriko ibilaldiko esperientziarik surrealistena, Baionan: Bake Forumaren bezperan, Frantziako polizia etxera deitu zituztelako Currin, Casale, Hazan, Kendall eta Spektorowski, deklaratzera, Laurence Le Vert frantziar epaileak aginduta. Urte berean, urrian, Baionako adierazpenaren aurkezpenean izan zen Currin, Aietekotik aurrera Lokarrirekin sukalde lana egin ondotik. 2015eko ekainean Parisen egon zen, Asanblea Nazionalean, euskal gatazkari buruzko Bake Konferentzian. Duela bi urte nabarmendu zuen Euskal Herrian egon behar zuela «bake prozesuaren grabitate zentroak».



HNTren aroan bukatu da ETA, eta Sorturen legeztatzea ere iritsi da —2012ko ekainean—. Euskal presoen auziak segitzen du konpontzeke, Parisek eta Madrilek aurten mugimendu batzuk egin dituzten arren. «Min egiten dit sakabanaketa oraindik ere preso politikoei aplikatzen zaiela ikusteak», adierazi zuen Currinek Parisko konferentzian. Iaz, Iruñean: «Presoak irtenbide gisa ikusi behar ditugu, eta ez arazo gisa».



NEBek iazko uztailean jo zuen bere ibilbidea bukatutzat, hiru hilabete lehenago ETAren desarmatzea gertatu ondotik. Parte hartze aktiboa izan zuen NEBek armagabetze prozesuan, baita azkeneko ekitaldian ere, Baionakoan. Iazko uztailean, agur oharrean, «osatutzat» eman zuen lana.



Henri Dunant zentroak aurten bukatu du egitekoa, ETAk maiatzaren 3an, hantxe egindako ekitaldi batean, bere ibilbidea amaitu ostean. Genevan (Suitza) egoitza duen zentroa, gutxienez, 2005etik ari zen euskal auzian lanean, eta gustura amaitu du funtzioa, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak ere egiaztatu berri duenez: uztailaren 3an Henri Dunanten izan zen —2005-2007ko prozesutik ezagutzen ditu zentrokoak—, eta ikusi zuen egoitzako toki esanguratsu batean ETAren desegitearen agiria jarria dutela, lau hizkuntzatan, koadro banatan —euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez—, eta aitortu zioten euskal auzikoa izan dela euren ibilbideko lanik garrantzitsuena.



HNT, Kanbon azkenekoz



HNT ere, beraz, bukatzera doa. Maiatzaren 4an egin zuten Currinek, Kendallek eta Spektorowskik euren atzeneko agerraldi publikoa Euskal Herrian: Kanbon (Lapurdi), ETAren desegite iragarpenaren biharamuneko Nazioarteko Topaketan. Hurrengo astean azalduko dira azkenekoz, HNTko kide modura bederen.



Gaur zortziko topaketak bi zati izango ditu. 16:00-17:30ean konferentzia bat egingo dute: HNTk ibilbidearen eta bukatzeko arrazoien berri emango du, eta euskal alderdi politiko eta sindikatu nagusiak taldearen lanaz mintzatuko dira. 18:00etan, ekitaldi politikoa: Currinek, Eneko Goia Donostiako alkateak, Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak eta Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzaileak hitz egingo dute.


[youtube]https://youtu.be/Yo8DT0XIlOU[/youtube]

Publizitatea