Konponbideari begira

Berriak

Deportatuen eta iheslarien egoera konpondu beharra aldarrikatu dute

Kalera Kalera plataformak haien aldeko eguna antolatu du, lehen aldiz, Tolosan. Coviteko hiru kide ekitaldia boikotatzen saiatu dira
Consuelo Ordoñez Covite elkarteko lehendakaria, atzo, Tolosako ekitaldi nagusian.
Consuelo Ordoñez Covite elkarteko lehendakaria, atzo, Tolosako ekitaldi nagusian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Kalera Kalera plataformak Iheslari eta Deportatuen Eguna ospatu zuen atzo, lehen aldiz, Tolosan (Gipuzkoa). Kolektibo horien egoerari irtenbide bat eman beharra aldarrikatu zuten bertan, eta «aterabide bat» eskatu. Korapilo hori askatzea posible delakoan daude, eta «akordioak lortzera» deitu zituzten alderdi politikoak eta erakundeak. Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria lelopean egin zen eguna, eta jendetza bildu zen. Alondegi plazan egin zen ekitaldi nagusia, eta Covite biktimen elkarteko hiru kide sartu ziren ekitaldia egiten ari ziren karpapera —Consuelo Ordoñez elkarteko presidentea tartean—, han bildutakoei kontuak eskatu eta ekitaldia boikotatzeko asmoz. Ez zuten lortu.

35 urte betetzen dira egunotan GALek Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu, torturatu eta hil zituela, eta horregatik aukeratu du Kalera Kalera plataformak Tolosa haien jaioterria iheslari eta deportatuen aldeko egun hori egiteko. Eguerdiko ekitaldi politikoan bi horiek izan zituzten gogoan, eta Jon Irazola iheslari ohiak hartu zuen hitza, besteak beste, iheslari eta deportatuen auzia «agenda politikotik kanpo» gelditu dela ohartarazteko: «Errepresioak aurpegi asko ditu Euskal Herrian, eta, gatazkaren aktualitatea heriotzek eta presoek irudikatu baldin badute ere, iheslarien arazoa ilunean gelditu da, Euskal Herriko kale eta plazetan presoen argazkien ondoko profil ilunak bezala. Ez ahaztuak, baina bai agenda politikotik kanpo».

Irazolaren esanetan, iheslari eta deportatuen auzia konpontzea posible da, «lege arruntean oinarritutako eta zentzuzkoak diren neurriak aplikatuz». Horretarako lehenengo urratsa Espainiako Auzitegi Nazionalak eman behar duela esan zuen; auzitegi horrek «iheslarien egoera juridikoaz abokatuei ukatzen dien informazioa zuzen eta oztoporik gabe» erraztu beharko lukeela. Bigarren urratsa preskripzio epeak era arruntean kontabilizatzea litzateke, «trikimailurik erabili gabe». Azkenik, torturaren praktikarekin kutsatuta dauden sumario eta txosten juridikoak «indargabetu» behar direla gaineratu zuen. «Neurri hauekin, iheslari eta deportatuen %80ren egoera konpon liteke».

Irazolak nabarmendu zuen Euskal Herrian ez dela bizikidetza eta normalizaziorik izango «preso edo iheslari bat existitzen deno. Soluzioak integrala izan behar du».

Kalera Kalera ekitaldia egiten ari zela sartu ziren bertara Covite biktimen elkarteko hiru kide, Consuelo Ordoñez presidentea buru zutela. Kartelak eskuetan. Haien elkartearen irudia, ziega batena, eta testua: «Itzuli zaitezkete, ostatua eta mantenua dohainik duzue». Tentsio uneak izan ziren, baina haien «probokazioan» ez jausteko eskatu zitzaien bertan zeudenei. «Justizia» eskatzera joan zirela adierazi zuen Ordoñezek.

Sortuk ohar bidez deitoratu zuen haien jarrera. Ekitaldia «lehertzera» joan zirela, haiek bezalako «taldexka ultrek» herri hau «iraganera» eraman nahi dutela, eta «enfrentamendua» eragin. Zera eskatu zien: «Utz diezaiotela biktimak helburu zitalekin erabiltzeari. Ez dira halako ekitaldiak biktimei sufrimendu erantsia eragiten dietenak, baizik eta Covitek biktimekin egiten duen erabilpen partidista eta miserableak».

Publizitatea