Konponbideari begira

Berriak

Estatuen zigilua ETA osteari

Frantziako eta Espainiako gobernuek ETA «garaitu» izana irudikatu dute Madrilen eginiko ekitaldi batean. Biktimen memoria gordetzeko beharra azpimarratu dute Sanchezek, Philippek eta Urkulluk
Frantziako eta Espainiako segurtasun indarretako buruzagiak, erdian Edouard Philippe eta Pedro Sanchez dituztela, atzo Moncloan eginiko ekitaldian.
Frantziako eta Espainiako segurtasun indarretako buruzagiak, erdian Edouard Philippe eta Pedro Sanchez dituztela, atzo Moncloan eginiko ekitaldian. MARISCAL / EFE

2018-10-02 / Jon O. Urain

ETAk aurtengo maiatzaren 3an eman zuen bere ibilbidearen amaierari buruzko erabakiaren berri, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek beste bost hilabete behar izan dituzte ETAren bukaera ofizialtzeko. Atzo egin zuten hori, Madrilen. Bi gobernuek ekitaldi bat antolatu zuten Moncloan: izenburu ofiziala, Borroka Antiterroristarako Lankidetza Espainiar-Frantziarraren Ekitaldia; xedea, Parisek Madrilen esku uztea ETAren 8.000 bat dokumentu eta material, eta, entrega horren bidez, erakunde armatua zenaren amaierari estatuen zigilua jartzea.

Hitzordua 16:30erako zuten jarria, eta hamar minutuko atzerapenarekin abiatu zen ekitaldia. Aretoan, ikus-entzule gisa, ia denak prest ordu horretarako: Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta biktima elkarte batzuetako ordezkariak, besteak beste —gonbidatutako hogei elkarteetatik hamasei joan ziren—. PPko inor ez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria aretoan sartzen azkenetakoa izan zen; justu Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea heldu baino segundo batzuk lehenago eseri zen Urkullu, Gonzalezen aldamenean. Nafarroako Gobernuko ezein ordezkarik ez zuen parte hartu.

37 minutu iraun zuen ekitaldiak, eta Sanchez izan zen hitza hartzen lehena. Nagusiki, ETAren biktimen oroimena babesteko beharra azpimarratu zuen, «memoriarik ezaren tentazioari» aurre egiteko: «Ezin ditugu galdutako bizitzak berreskuratu, baina bai haien memoria». Sanchezek Cristina Cuesta ETAk hildako Enrique Cuestaren alabaren hitzak gogora ekarriz ekin zion hitzaldiari: «Eutsi genuen, eta irabazi». Erantsi zuen «adostasun politikoari» esker garaitu dutela «proiektu totalitario bat», eta baita «eraginkortasun polizialari eta judizialari esker» ere. Ildo horretan, aparteko eskertza egin zion Frantziako Estatuari, ETAren aurkako jardueragatik.

Antzera jardun zuen Philippek, nabarmenduta ETAren aurkako «garaipena» ospatzeko ekitaldi bat zela atzokoa. Halere, aitortu zuen «sentimendu nahasiak» zituela. Gogoan izan zuen Miguel Angel Blanco ETAk hildako PPko zinegotziaren hilketa, horrek Espainiako eta Frantziako gizarteetan eragindako asaldura, eta berariaz aipatu zuen hiru lagunen lana: Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiarena, Laurence Le Vert epailearena eta Helene Davo magistratu ohi eta Justizia Ministerioko kabineteko zuzendariordearena. Le Vert eta Davo Madrilen izan ziren atzo, eta Sanchezek Isabel Katolikoaren Ordenaren domina eman zien biei.

Hizketaldiak amaituta, Philippek agiri bat eman zion Sanchezi, ETAren agirien lagin gisara; Frantziako Poliziako arduradun batek eman zion aurrena Philipperi, hark Sanchezi, eta Sanchezek Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako bi buruzagiri. Sanchezen hitzetan, dokumentazio horren helburua izango da biktimen memoria gordetzea eta argitzeke dauden atentatuak argitzen laguntzea. Bi dantzariren aurreskuarekin amaitu zen ekitaldia.

Bizikidetzaren «muina»

Hasieran, Urkullu ez zen joatekoa, ostiralean bertan jaso baitzuen gonbidapena, baina Madrilgo ekitaldian egotea erabaki zuen azkenean. Ekitaldiaren ondoren, sare sozialetan zabaldu zuen bere balorazioa: «ETAren aldia bukatuta, hamarkadetan izandako terrorismo adierazpenen eta indarkeriaren behin betiko desagertzearen ondoren, biktima guztien aitorpena eta erreparazioarekiko konpromisoa berresten dugu. Beraien memoria etorkizuneko bizikidetzaren muinean egon behar da».

Madrilgo ekitaldian ez zuten parte hartu alderdi politikoetako ordezkariek, baina ohar bat zabaldu zuten EH Bilduk eta EH Baik. Horien arabera, ETAk bere burua desegin zuenetik bost hilabete igaro eta gero, Euskal Herria «bake integrala lortzetik urruti» dago, eta Ipar Euskal Herriko bakegileek erakutsi zuten badela «bide bat» baketzean pausoak emateko: «Herritarrek oinarri-oinarritik egindako lana eta horri babes eta sostengua ematen dion klase politiko arduratsua eta konprometitua. Soilik horrela, ikuspegi integral batekin eta indarrak elkar hartuta lan eginez lortzen da aurrera egitea eta iraganeko klabe zaharkituetatik ihes egitea». Izan ere, horien iritziz, bakea ez da «erreala» ez bada «integrala».

Koalizioek salatu dutenez, «oraindik ere bada gatazka eta bere konponbidea etekin politiko eta elektorala erdiesteko helburua dutenak; batez ere, Espainiako estatuan». Zehazki, uste dute batzuek «gatazkaren irtenbidea galtzaileen eta garaileen logikan ulertzen» dutela eta hori «sozializatu» nahi dutela. Testuinguru horretan kokatu dute Madrilgo ekitaldia, eta Urkulluk parte hartu izana «desegokia eta ulertezina» iruditzen zaie, «logika horrekin bat egitea esan nahi duelako eta, modu horretara, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bake integralaren eraikuntzari bizkarra ematen diolako».

Urkulluk ez zuen parte hartu maiatzaren 4an, ETAk bere amaiera iragarri eta biharamunean, Kanbon (Lapurdi) eginiko topaketan. Ordukoa preseski aipatu gabe, EH Bilduk eta EH Baik kritika egin diote Urkulluri, Arnaga jauregira joan ez baina Madrilgo ekitaldian parte hartzeagatik: «Are ulertezinagoa iruditzen zaigu jokabide hori, bake integralaren eta elkarbizitzaren aldeko bestelako ekimenetan parte hartzeari uko egin dionean».