Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak

Bide orria adostu, Madrilen eragiteko

Espainiako Gobernuarekin espetxe politikaz aritzeko lantalde bat eratzea adostu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ETAk bere desegitearen berri eman zuenean. Euskal Herriko gehiengoaren eskaerak Madrilera eramatea ezinbestekoa dela uste dute hainbat eragile sozial eta politikoek.
Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu lehendakaria, maiatzaren 4an Bertizko jauregian eginiko agerraldian.
Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu lehendakaria, maiatzaren 4an Bertizko jauregian eginiko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU

2018-07-04 / Edurne Begiristain

Hego Euskal Herriko eragile sozial eta politiko gehienek uste dute «abagune berria» ireki dela euskal presoen afera beste norabide batean jartzeko. Hegoaldean inoiz ikusi ez den gehiengo sozial, politiko eta sindikala eratu da bestelako espetxe politika baten alde: besteak beste, presoen urruntzearen aurka azaldu dira Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta sindikatu guztiak, eta baita Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere. Gehiengo zabal horren eskaerak Madrilen bideratzeko urratsak ere egiten ari dira, baina hori formalki nola gauzatuko den ikusteko dago.



Ipar Euskal Herrian lortu dute eredu bat. Bertan eratu dute askotariko ordezkaritza bat presoen auzian Frantziako Gobernuari urratsak egin ditzala eskatzeko. Taldea osatzen dute ordezkari instituzionalek —Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria buru— eta giza eskubideen alorreko eragileek. Hegoaldean, lantalde bat sortzeko asmoa ere mahai gainean jarri da. ETAk bere desegitearen erabakia publiko egin eta hurrengo egunean Bertizko Jauregian (Nafarroa) eginiko agerraldi bateratu batean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoak hiru gobernuen arteko lantalde bat sortzea galdegin zioten Espainiakoari.



Eskatu zioten aintzat hartzeko Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan gai horri buruz dauden gehiengoak, eta hiru erakundeen artean adostasuna lortzeko lau oinarri ezarri zituzten: presoei espetxe bide legalak garatzera dei egitea, presoak euren bizilekuetara hurbiltzea, gaixo daudenei eta 70 urtez gorakoei «irizpide humanitarioak» ezartzea, eta gizarteratze politika bat bultzatzea. Artean, Mariano Rajoy zen Espainiako gobernuburua, eta hark argi utzi zuen ez zuela espetxe politika aldatzeko asmorik.



Horri buruzko lantaldeaz ezer gutxi jakin zen ordutik, harik eta ekainaren 2an Moncloako maizterra aldatu zen arte. Ekainaren 25ean, Pedro Sanchez gobernuburu berria Urkullu lehendakariarekin batzartu zen, Madrilen, eta kartzela arloaz aritzeko lantaldea osatzea adostu zutela zabaldu zuen Jaurlaritzak, ohar batean —Espainiako Gobernuak ez du halakorik baieztatu orain arte—. Gero, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi zuen Jonan Fernandez Bizikidetza idazkaria izango dela Jaurlaritzaren mintzaideen taldeko burua, eta harekin batera arituko direla beste batzuk, gaiak «askotariko alorrei» eragiten dielako.



Lantalde hori martxan jartzekoa dela adierazi diote BERRIAri lehendakaritzako iturriek, baina diotenez, Espainiako gobernu aldaketaren ondorioz, «denbora» beharko dute lanean hasteko. Nafarroako Gobernutik ere xehetasunik apenas eman duten. Sanchezekin noiz bilduko zain dago Barkos. Nolanahi ere, Bertizko akordioaren «izpirituari» eusten diotela adierazi dute Nafarroako Gobernuko iturriek.



Aukera horren inguruan, zuhurrago mintzatu da Tontxu Rodriguez PSE-EEko senataria Espainiako Gorteetan. Berak dakienez, Urkulluk eta Sanchezek izan zuten bileran ez zuten adostu espetxe politikaz aritzeko lantalde bat sortzea. Rodriguezen arabera, gaiaz hitz egin behar da, baina Sanchezi dagokio horiek bideratzea, eta alderdi guztiekin biltzea. «Baita biktimekin ere».



Gehiengo transbertsalak



Espetxe politika aldatzeko erabakia Madrilen dago, eta han jarri behar da orain fokua. Baina hori nola artikulatu behar den galdetuta, iritzi ezberdinekoak dira egunkari honek kontsultatu dituen eragile politiko eta sozialak.



Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramaileari ez zaio beharrezkoa iruditzen lantalde bat sortzea urrunketa politika aztertzeko, «legea bete baino ez delako egin behar». Balizko beste neurriei buruz ere uste du legea «zurrun» beteta konponduko litzatekeela presoen afera. «Guk ez dugu eskatzen onurak emango dizkien legerik onartzea, indarrean dagoena betetzea baizik».



Ipar Euskal Herriko eredua hegoalderako «guztiz baliagarria» dela uste du, berriz, Antton Lopez Ruiz Sortuko Presoen Aldeko Batzordeko kideak. «Hori litzateke Hego Euskal Herrian eratu beharreko ordezkaritza, EAEko eta Nafarroako bi presidenteen lidergopean». Nolanahi ere, nabarmendu du, lidergoak gorabehera, funtsezkoena dela Madrilera «Euskal Herrian babes instituzionala izango duen«herri akordioa» eramatea. Hori bideratzeko «ordezkaritza partekatua» sortzearen aldekoa da ezker abertzalea, baina ez lioke oztoporik jarriko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gidatuta egingo balitz, Lopezek dioenez.



Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailearen ustez, berriz, Madrilen eragiteko «bide orri» bat definitzen ari da Euskal Herrian, eta Hegoaldeko gehiengo zabal batek honezkero adostu eta zuzendu dizkio «eskaera argiak» Madrili. Oso garrantzitsutzat jo du Euskal Herrian presoen hurbilketaren alde gehiengo «transbertsal eta bateratzaile bat sendotzea», eta nabarmendu du «adostasun handia» dagoela Foro Sozialak apirilaren 29an proposatutako «premiazko agenda» betetzearen inguruan.



Orain erronka, haren iritziz, izan behar du Madriletik bertatik ere aldarrikapen berberak exijitzea Sanchezi. Azaldu duenez, espetxe politika aldatzearen aldeko «iritzi korronte» bat sortzeko eta sendotzeko lanean ari da Foro Soziala, eta norabide horretan «lehen urratsa» izan da Bartzelonako Udalak ekainaren 29an onartutako adierazpena.



Etxerat-ek ere «egoki» ikusten du espetxe politika aldatu aldera erakundeek lantalde bat sortzea, «baina beti ere presoen eta euren senideen beharrak aintzat hartzen badira», Patricia Velez elkarteko bozeramaileak azpimarratu duenez. Haren ustez, Bartzelonako Udalaren adierazpena «abiapuntua» izan daiteke Madrilen eragiten hasteko.

Publizitatea