Konponbideari begira

Berriak

Presoen urruntzeari amaiera emateko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

PP ez beste guztiak horren alde agertu dira. Eragindako mina aitortzeari «egoki» iritzi diote

2018-06-14 / Gotzon Hermosilla

PPk izan ezik, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek sustatu dute EH Bilduk aurkeztutako adierazpen bat, euskal presoen urruntzearekin «desadostasuna» agertu eta «espetxe politika berria» eskatzeko, «zeinak modua jarriko lukeen zigorrak errotze lekuetatik urrun ez betetzeko». Urruntzea ez ezik, presoen bakartze politika ere gaitzetsi du legebiltzarrak. Xabier Rey euskal presoaren heriotzaren harira aurkeztu zuen EH Bilduk legez besteko proposamena, eta Giza Eskubideen Batzordean eztabaidatu eta onartu dute.

EH Bilduren jatorrizko testuaz gain, hari EAJk eta PSE-EEk aurkezturiko zuzenketa ere onartu du legebiltzarrak. Zuzenketa horretan, talde parlamentarioek azaldu dute beharrezkoa dela «bizikidetza politiketan» aurrera egitea, eta horretarako «egokia» litzatekeela «eragindako mina aitortzea». Puntu honetan PPk ez du kontrako botorik eman aurrekoan bezala, eta abstentziora jo du; gainerako talde guztiek aldeko botoa eman dute.

EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek gai honetan dagoen «adostasun zabala» nabarmendu du, eta mina aitortzearen inguruko aipamena onartu izanari ere «aurrerapauso» iritzi dio. EH Bilduko Julen Arzuagak, berriz, esan du ez dagoela aitzakiarik indarrean dagoen espetxe politikari eusteko, eta «bizikidetza eta normalizazio politikoan» aurrera egingo bada «ezinbestekotzat» jo du espetxe politika hori amaitzea.

Arzuagak kargu hartu dio PPri presoen urruntzea «txalotzeagatik», eta gogorarazi die Xabier Reyren heriotzaren ondorioz aurkeztu zutela legez besteko proposamena: «Espetxe politika hori izan zen Reyren bizia ebaki zuen labana», erantsi du.

Elkarrekin Podemosen izenean, Pili Zabalak esan du presoei ezartzen dieten «salbuespen politika» bertan behera utzi behar dela «behingoz». Gogora ekarri du ETAk duela sei urte eten zuela bere jarduera, eta aurten desegin egin dela.

PSE-EEko Rafaela Romerok esan du bere alderdia «beti» egon dela presoen urruntzearen kontra, eta neurri hori bertan behera uztea «Espainiako legeria betetzea» baino ez litzatekeela izango. «Legea betetzea ez da amore ematea», erantsi du.

PPko Carmelo Barriok, aldiz, «EH Bilduri laguntzea» leporatu die EAJri eta PSE-EEri, eta esan du urruntzea «legezkoa» dela.

Publizitatea