40 euskal presoren txostenak eskatu ditu gobernuak
2018-05-18 / Berria
Bigarren graduan diren eta larri gaixo dauden 40 bat euskal presori buruzko txostenak eskatu zizkien Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak espetxe batzuetako zuzendaritzei, otsailean, atzo hedabide batzuek zabaldu eta gobernuak berak baieztatu zuenez. Presook gizarteratzeko bidean emandako pausoez galdetu zien, datu basea eguneratzeko. Hala ere, gobernuak dio ez duela espetxe politika aldatuko: «Terrorismoaren kontrako borrokan elementu saihetsezina izan den espetxe politika atzoko bera da gaur, eta bihar izango den bera».
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak ez die garrantzirik eman Espainiako Gobernuaren txosten eskaerei. «Presoen egoerari buruzko informazioa gaurkotzeko ohiko barne prozedura bat dela ulertzen dugu». Jose Luis Pascual estatuko espetxe instituzioen administrazioko taldeetako arduradunaren ustez, eskaeren atzean euskal preso batzuk hurbiltzeko asmoa egon daiteke. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du gustatuko litzaiokeela hedabideetan atera den berria Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko koordinazioaren seinale bat izatea. Ibarrak iritzi dio «erabat bateragarriak» direla ETAren biktimen memoria eta euskal presoen «birgizarteratze» prozesua.