ETAren amaiera. Mahai-ingurua
PAUSOAK, BEGIRADAK ETA BIDEAK
2018-05-13 / Jon O. Urain
Atzera begiratu eta etorkizunaz hausnartzeko, hiru lagun elkartu ditu BERRIA-k: Garbiñe Biurrun magistratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea, Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea eta Maixabel Lasa Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari ohi eta ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna. Gatazkari eta ondorioei begiratzeko hiru prisma, Tolosako Triangelu plazan (Gipuzkoa) solasean.
ERABAKI BATEN GARRANTZIA
Orain, zer?
GARBIÑE BIURRUN: Gauzak ez dira bat-batean aldatuko, edo esan daiteke gauzak aldatzen hasiak zirela, segur aski 2011tik aurrera. Gizartean badaude saioak, jendea mugitzen ari da, esperientziak daude, esperientzia ofizialetatik kanpo jendea era ezberdinean bizi da. Alde horretatik, aldaketa handirik ez dut ikusten. Ez dut ilusio berezirik sumatzen.
2011ko urriaren 20a izan zen E eguna?
G. B.: Bai. Kontuan hartu behar da gizartearen parte handi bat ez dela inplikatuta egon, eroso bizi izan dela urterik txarrenetan ere. Jende askok ez zuen antzematen; gauza ikaragarriak gertatzen zirela bai, baina bestela, euren bizitzak nahiko arruntak ziren. Beraz, horrek eragiten du gauzak gehiegi ez aldatzea; jende askorentzat, batere ez.
MAIXABEL LASA: Hemendik aurrerakoa ez da askoz gehiago aldatuko. Inportanteena 2011koa izan zen; orduan bizkartzainarekin nengoen, eta hura izan zen aldaketa. Bizikidetza ez da erabat ezberdina izango. Elkarbizitza ez da kalean egunero besarkatzen aritzea, baizik eta desberdinarekiko errespetuz bizitzeko aukera izatea. Badaude esperientziak: Jaurlaritzan, egin genituen hiru esperientzia: biktimen presentzia eskoletan, Glencree eta biktimen eta etakideen arteko topaketak. Glencreekoa orain herri askotan egiten ari diren foroen hazia izan zen. Presoekin topaketak ere oso inportanteak dira niretzat, baina pena izan zen aldaketa bat egon zela gobernuan, PPk ez duelako ezer jakin nahi kontu honekin, eta hori bertan behera geratu zen.
AGUS HERNAN: Mugarri nagusia 2011ko urriaren 17-20 artekoa izan zen, baina maiatzaren 3koa egin beharreko sekuentzia bat izan zen. Armagabetzearen kasuan ikusi genuen: askoz okerrago geunden armagabetzea gauzatu baino lehen; armak hortik zehar galduak, aukera zegoen norbaitek armak hartzeko edo merkatu beltzean jartzeko. Aurrerapauso bat izan zen. Honek ez du gizartea aldatuko, ez dakit bizikidetzan nola eragingo duen ETAren amaieran egunero daudelako iniziatibak, baina sekuentzia horren amaiera beharrezkoa zen gizartearentzat. Eztabaidatu daiteke egindako moduaz. Niri egokitu zait horren bultzatzaileetariko bat izatea, eta oso kontent gaude; gure eskema zen ETA amaitzea modu ordenatu batean, behin betiko eta nazioarteak egiaztatuta. Eta lortu da. Horrelako lasaitasun bat beharrezkoa zen, eta beraz, aurrerapauso bat da. Eszenatoki berri batean gaude. Orain, gauzak pausatzen utzi behar ditugu, konturatzeko zer ondorio ekarriko dituen.
G. B.: Ados, Agusekin: pauso hau eman behar zen, 2011ko erabakiaren eta armagabetzearen ondoren, ofizialki itxi behar zen. Politikoki, ikusiko dugu: esaterako, indarkeriak, borroka armatuak edo dena delakoak balio izan du hainbat ekimen politiko oztopatzeko, eta hemendik aurrera ez da horrelakorik egongo. Hasi gara entzuten ETAren proiektu politikoa deslegitimatu behar dela; ETAk bazuen proiektu politiko bat, baina ez zen ETArena bakarrik, beste eragile politiko eta sozial batzuena ere bada, eta horiek beste bitarteko batzuen bidez lortu nahi dute proiektu hori. Hori ere betekizun bat izango da.
Azkar igaro gara ETAren amaieratik beste gai batzuetara? Etapa hori gaindituta zegoen jada?
A. H.: Hiru asteotan izugarrizko desoreka sentitu dut komunikabideek egiten zuten pressing-arekin: filtrazioak, espekulazioak... norbaitek tesi bat egin beharko luke komunikabideek asteotan izandako funtzioaz eta ondorioez. Gizarteak patxada handiarekin bizi izan du ETA desegitea, jakinik beharrezkoa zela baina ez zuela aldaketarik ekarriko.
M. L.: Aspertuta geunden kontu honekin.
G. B.: Amortizatuta zegoen.
M. L.: Nik ez ditut faltan botako. 2011tik hainbeste denbora...
A. H.: Jonathan Cohen Conciliation Resources erakundeko zuzendariak zioen: «Ez da hainbeste denbora». Hark hori zioen beste prozesu batzuekin alderatuta; Irlandan hamar urte eman zituzten gu gauden egoerara iristeko. IRAk ez zituen armak eman, eta ez zen desagertu, baina, de facto, gertatu zen. Gauza batekin geratu behar gara: denon artean itxi dugu ziklo edo sekuentzia bat. Gizartea konplexua da, aberatsa, eta oso sentsazio ezberdinak daude, baina sentsazio orokorra ona da.
M. L.: Agus, zer diozu azken egunetako pintaketez [ETAri eskerrak emanez]? Eta Andoaingoaz [Inaxio Otaño eta Iñaki Igerategi preso ohiei eginiko ongietorria]?
G. B.: Ikaragarria iruditu zait.
M. L.: ETAren agiria [oinazearen aitorpenari buruz apirilaren 23an argitaratua] kartzelan daudenei zuzendua izan da. Preso batzuk, heroi izateari utzi, eta traidore bihurtu dira, eta, orain, ETAk eskatzen die gauza bera egiteko. Uste dut ETAk hanka sartu duela erabat. Esan du sufrimendu guztiak aitortzen dituela, baina barkamena eskatzean... gatazkarekin harremanik ez zutenen familiakoei. Justifikatu egiten dute egindakoa, eta hain zaila al da esatea: «Egin genuena gaizki dago? Hiltzea gaizki dago, beti»? Agiriak dioenaren eta ekintzen artean kontraesana dago. Inportanteak dira gauza horiek.
MEMORIA ETA
KONTAKIZUNA(K)
A. H.: Hor sartzen gara batzuk errelatoaren bataila esaten dioten horretan. Nola lor dezakegu herri honetan memoria bateratzaile bat eraikitzea, guztiok egoteko nahikoa aseta, guztiok identifikatuak sentitzeko? Izugarrizko erronka da. Oraindik badaude lubakietako posizioak, zuk aipatutakoak dira batzuk. Ados nago lehenik bizikidetzaren inguruan urratsak egin behar direla, preso eta iheslarien inguruan pauso garrantzitsuak eman behar direla, eta, bi elementu horiek bideratzen badira, memoriari eta errelatoari buruzko eztabaida errazagoa izango da. Oraindik oso pil-pilean daude zenbait elementu, eta astero sartzen dira gai berriak eztabaidan. Pintaketei buruz, nire irudipena da azken pintaketak izango direla. Astero dago eztabaida elikatzen duen elementu berriren bat, baina legitimoa da eztabaida. Etorkizunari begira, oinarrizkoa da bizikidetza demokratiko bat eraikitzea, bi elementutan oinarrituta: bakearen kulturan eta giza eskubide guztien errespetuan. Oso zaila izango da atzera begira ados jartzea; errazagoa izango da aurrera begirakoa lortzea, jakinik konplexua dela.
M. L.: Giza eskubideen defentsa hori guk betidanik egin dugu.
A. H.: Baina horren inguruan ez da egon adostasunik.
M. L.: Hiltzea da eskubiderik inportanteena urratzea. Ni oso konforme eta gustura nago orain bizi dugun egoerarekin, 2011tik batik bat, baina gauza horiek denak esan egin behar dira, jendeak jakin egin behar ditu, batez ere berriro ez gertatzeko. Gertatutakoak erakutsi behar digu ezin garela gauza berean erori.
G. B.: Murgilduta geundenean horrelako egoera gogorrean, gehien nahi genuena zen bizkartzainak uztea, egoera aldatzea eta beste inori ez gertatzea gertatutakoa. Amestutako etorkizunean gaude jada. Baina atzean geratu dena ere kudeatu behar da, eta kontatu. Hori zaila da, ez delako inoiz egin. Frankismoa ez da ondo kudeatu; gaizki itxi zen. ETApm-rekin gauza bera egin zen: jarraitu zen frankismoaren eta trantsizioaren eredua: utzi, isildu eta ahaztu. Lehen aldia da armak entregatzen direla. Oso sinbolikoa da hori, eta inoiz ez da gertatu. Eta [ETAren] agirian, nahiz eta oso era baldarrean barkamena eskatu, lehenbiziko aldia da horrelako zerbait egiten dela. Iragana kudeatu beharko da, eta ez dakigu nola. Argi dago ezin direla errepikatu aurreko ereduak: ezin da ahaztu, eta ezin da itxi ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gertatu da, eta hori da erronketariko bat. Badugu abantaila bat: gizarte honen gehiengo oso zabalak nahi du aurrera egin.
M. L.: Egoera honetan ez gara sekula egon. Aurrera begiratzeko garai batean gaude, baina mahai gainean jarri behar dira elementu guztiak. Errelato horretan ez da bertsio bakar bat egongo; zaila izango da, eta mantso egin beharko da.
A. H.: Aurrerapauso nabarmenak eman dira. Duela hiru urte, lehen eta bigarren mailako biktimei buruzko eztabaidan geunden. Orain, elkartzen garen alderdi politiko eta sindikatuekin, puntu komun bat dago: biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea. Ez gara konturatzen zer pauso ematen ari garen. Argazki finkoan bizi gara, baina balantze bat egiten badugu, esaterako, biktimen erreparazioaren arloan, eta ikusten badugu zenbat ekitaldi egiten diren herriz herri, sektoreka, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak... aktore guztien artean izugarrizko urratsa egin da. Beheko kanpalekua da hori, oinarrizkoa, beste urrats batzuk egiteko. Zentzu horretan, gure konpromisoa da erreparazio eta egia dinamikak areagotzea, marko lokaletan. Oinarrizkoa da Jaurlaritzak egiten duena, baina oso garrantzitsua da herri mailan egiten dena, bizikidetza hor eraikitzen baita.
M. L.: Jaurlaritzatik egin genuen lanetako bat izan zen hilketak egon ziren udal guztietara joan, alkatearekin egon, eta esatea gure asmoa zela zerbait fisikoa egotea tokiren batean, biktima horiek gogoratzeko. Urteetan egin genuen hori, eta ez zen sigla kontu bat izan, jarrera pertsonala baizik.
Zer elementu izan behar du memoria barneratzaile batek? Zer rol izan behar dute biktimek aurrerantzean?
M. L.: Erabaki genuenean azaroaren 10a Biktimen Eguna izatea, gure ikuspegitik, hasierako helburua zen ETAren biktimak bakarrik ez hartzea kontuan, denak baizik. Ikusi genuen herri askotan arazoak zeudela ekitaldi bat antolatzeko biktima guztiekin. Inklusiboa izan behar da; egutegian begiratu genuen, eta egun horretan ez zegoen biktimarik. Lan egin behar da, sufrimendua berdina delako. Txosten bat prestatu genuen GAL, BVE, ultraeskuinaren biktimen inguruan, eta konturatu ginen horietako askok ez zutela eskatu kalte-ordainik. Madrilgo [Terrorismoaren Biktimen] legean zerbait aldatu zuten, ezezkoa emateko kasu zehatz batzuei. Niri horrek lotsa ematen dit, nik, Axunek [GALek hildako Joxean Lasaren arrebak], Pilik [GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak] edo Iñaki Garcia Arrizabalagak [Komando Autonomoek hildako Juan Garciaren semeak] berdin sufritu dugulako, terrorismo bat edo bestea.
A. H.: Bi errealitate daude: Euskal Herriko gizartearena eta Espainiako Gobernuaren jarrera. Hemen, jada oso modu naturalean egiten dira biktimen arteko topaketak, eta berehala ikusten duzu biktimen arteko enpatia edo sentimenduen trukea dagoela. Euskal gizarteak zor izugarria du Euskal Herrian bizi diren biktimekin. Ez dut antzematen inolako mendeku edo errebantxa asmorik, guztiz kontrakoa baizik.
M. L.: Gaur [asteazkenean] Maria nire alabarekin hitz egin dut. Elkarrizketa egin diote Radio Euskadin, eta Haritz Aranbururekin [Eugenio Aranburu HBko Mahai Nazionaleko kidearen semearekin] egon da. Esan diot: «Maria, esaiozu nahi dudala ezagutu, eta bere ama ere bai». Berak sufritu du, bere amak ere sufritu du, eta bera ezagutzea eta berarekin egotea enpatia kontua da. Honek ez zuen gertatu behar.
G. B.: Biktimen sufrimendua aitortzea erraza da gaur egun. Baina memoria osatzean, sartu behar dira elementu batzuk: batetik, ezein biktimak ez zuen biktima izan nahi; bestetik, horietako asko kontziente ziren biktima izan zitezkeela, eta arrisku handia hartu zuten beren ideiak defendatzeko. Hori ere aitortu beharra dago; baita hilketa eta indarkeria guztien injustizia ere. Inork ez zuen merezi, inork ez duelako eskubiderik horrelakorik egiteko. Bestalde, biktimak, beren osotasunean, oso eskuzabalak izan dira eta pazientzia handia izan dute; batzuek, beste erremediorik izan ez dutelako. Hala ere, aurreko batean ikusi nuen AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea, Maite Araluze, eta inpresio handia egin zidan: esan zuen oraindik ez direla batere aitortu biktimak. Han geunden guztioi ikaragarria iruditu zitzaigun; inoiz ez da nahikoa izango, baina edozein ideologia politikotatik aitortzen da jada aitorpen publiko eta pribatuak egon direla.
A. H.: Errespetu guztiarekin, baina kezkatzeko elementu bat da hori. Ezin dugu utzi biktima bat bera ere baztertua sentitzen; lortu behar dugu horiek guztiak entzunak eta erreparatuak sentitzea.
Henri Dunant zentroko zuzendariak zioen haien zeregina amaitu dela. Bake prozesua bukatu da? Hemendik aurrerakoa ohiko eztabaida politikoaren parte da?
A. H.: Bake prozesua, kontzeptu gisa, urte askotarako prozesua da. Horrek ez du esan nahi gauzak aldatuko direnik, baina urteak emango ditu bakearen kultura sendo bat eraikitzeak, presoen auzia konpontzeak eta kontakizun ezberdinen arteko adostasun puntu bat lortzeak. Guk, Foro Sozial gisa, ez dugu ikusten geure burua desagertzen. Lan egin behar da oraindik. Jaurlaritzaren planak iraungo du, eta iraun behar du; Nafarroako Gobernua, zailtasunak zailtasun, politika bat martxan jartzen ari da... Inportantea da gero eta eragile gehiagok horren inguruan urratsak egitea. Pausoek, txikiek eta handiek, sendotzen dute egoera.
G. B.: Bake prozesu ofiziala amaitu da. Ez dakit zer den normaltasuna, baina esango nuke 2011z geroztik nolabaiteko normaltasun batean gaudela; bizitza era arrunt batean egiten dugu, Mexikon, Indonesian edo Andaluzian egiten duten bezala; gure adostasunekin eta desadostasunekin... normaltasun hori lortu dugu. Ez zen normala norbait kalean akabatzea, eta ez dira normalak oraindik gertatzen ari diren beste gauza batzuk ere. Horiei ere heltzeko abagunea da; esaterako, presoena.
OHIKO LEGERIA HELBURU
Orain, beraz, presoak?
G. B.: Alor horretan ere saiatzen ari gara egoera normaltzen; beste presoekin erabiltzen diren irizpide juridikoak erabili behar dira. Hori izango litzateke normala. Beste gauza bat da normaltasuna gustuko ez izatea; orduan saiatuko gara errealitate hori saiatzen.
A. H.: Egunotan entzun dugu: «Ez dadila egon pribilegiorik». Ados gaude. Espetxe politika arrunta ezartzea eskatzen ari gara. Datuak hor daude: Espainiako presoen %2 daude lehen graduan, eta, euskal presoen artean, berriz, %95. Beste anormaltasun bat da PP ez egotea [Eusko Legebiltzarreko] Bizikidetza lantaldean. Sektore guztiek egon behar dute hor, ekarpenak egiten.
M. L.: Ez zaie interesatzen.
A. H.: Urratsa egin behar da hor ere. Sektore hori ere [PP] egon behar da.
M. L.: 2011ko maiatza izango zen lehen aldiz Carrascorekin egon nintzenean [Lasaren senar Juan Mari Jauregi hil zuenetako bat da Luis Mari Carrasco]. Kartzelara joan nintzen, bizkartzainarekin.
G. B.: Paradoxikoa, absurdoa.
M. L.: Agus, normala iruditzen zaizu PPk, gobernura iristean, presoen eta biktimen arteko topaketekin egiten ari zen lana etetea? Utzi izan balitz bide hori garatzen, lan egiten...
Beti esan dut presoek zigorrak etxetik gertu bete behar dituztela. Presoa askatasunik gabeko toki batean dago, hemen edo Sevillan egon. Ados nago hori konpontzearekin.
A. H.: Gaurko zigorren eta horien aplikazioaren arabera, azken presoa 2054an irtengo da. Hori guztia beste parametro batzuetatik bideratu behar da, espetxe politika arrunta ezartzen. Euskal Herrian, adostasun zabala dago.
M. L.: Halere, uste dut presoak bi zigor betetzen ari direla; ezarritako kondena, eta ETArena. ETAk ez die utzi onurarik eskatzen. Atzo arte, horrela izan zen.
A. H.: Mahai inguru bat antolatu genuen Bilbon, alderdiekin, eta buruan dut [PSE-EEko legebiltzarkide] Rafaela Romeroren esaldi bat: «Urteak daramatzagu gauza bat eskatzen, eta, hori egiten dutenean, ez diegu egiten uzten». Preso gehienak ari dira lehen gradutik bigarrenerako aldaketa eskatzen, eta erantzuna ezezkoa da. Argudioa da «desegin ez den erakunde terrorista bateko kide» izatea. Parametro hori ere aldatu da maiatzaren 3tik, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, salbuespen neurri horiek ezartzen diren. Espero dugu ezetz.
Ni baikor antropologikoa naiz. Ez dugu inolako elementurik pentsatzeko aldatuko dela, baina nire barru-barruan, pentsatzen dut hala izango dela.
G. B.: Nire kasuan, ez baikortasunagatik, baizik eta ezin dudalako sinetsi bere horretan gotortuko direnik.
A. H.: Urtarrilaren 6an Olarrarekin [ Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bozeramailea] izan nintzen Granadan, eta argi esan zuen: «Prest gaude espazio eraikitzaileetan biktimekin topaketak egiteko». Positiboki baloratu genuen, hori baita gizarteak nahi duena ere, beraz, utz dezagun bide hori egiten.
M. L.: Baina hori egin da aurretik.
A. H.: Hori egin da ongi ezagutzen duzun talde batekin [Langraiz bidekoak]. Orain, gauza bera egin nahi dute [EPPK-ko] presoek.
M. L.: Baina hori diferentea da. Ariketa hori bakarkakoa izan behar da.
A. H.: Egiten ari diren bidea guztiz pertsonala da. Diodana da urtarrilaren 6ko bilera horretan prestasuna adierazi dutela alor horretan ere pausoak emateko. Balioesten dugu. Borondate politiko bat behar da espazioak sortzeko eta artikulatzeko. Baina, zuen garaian bezala [Lasari], borondate batetik hasten da: hasieran hogei bat preso ziren. Hortik abiatzen dira ondoren bakarkako bideak.
M. L.: Ez ziren hogeiak batera martxan jarri. Bitartekari batek lan bat egin behar izan zuen horietako bakoitzarekin, baita gurekin ere. Prestatu egin behar dituzu, kartzelan dagoenak ezin duelako edozer gauza esan.
G. B.: Azken baten, memorian ere hartu behar dute parte; ez soilik egindakoagatik, baita etorkizuna kudeatzeko ere.
M. L.: Nik hauei [presoei] esaten nien: «Zuek izango zinatekete elementu oso positibo bat gazte kuadrilla bati azaltzeko nola sartu zineten ETAn, zergatik... zuen hausnarketa esplikatzeko». Indarkeriaren erabileraren deslegitimatzaile handienak lirateke.
Beste prozesu batzuetan, presoek rol aktiboa izan dute bakegintzan eta gertatutakoaren kontakizunean.
G. B.: Baldin eta oso konbentzituta badaude. Hemen ez da horrelakorik egin; soilik Maixabelek aipatutako kasu bakanetan.
Adostasun zabala dago Euskal Herrian. Nola eragin Madrilen? Frantziakoa eredu egokia da?
M. L.: Gauza hauek joango dira samurtzen egoera berriarekin. Espainiako Gobernuak bultzadizo bat behar badu, emango diote beste batzuek.
G. B.: Kontuan hartu behar da Espainiako Kongresuaren gehiengoa gerturatzearen alde dagoela. Uste dut PSOE eta PSE lan txukuna egiten ari direla, ausarta. Argi uzten ari dira aldeko posizioa, pausoz pauso. Inoiz ez da garai ona izango PPrentzat; beraz, uste dut ez dela izango neurri orokor eta bat-batekoa. Frantziakoa ez da neurri txarra. Hasi zigorra amaitzeko gutxi falta dutenekin, gaixoekin...
M. L.: Aznarrek ere gerturatu zituen!
A. H.: Inork ez du espero behar emaitza ikusgarririk. Iturri bat irudikatzen dut: tanta bat, beste bat, txorrotada txiki bat, eta bizpahiru urtean ikusiko ditugu aldaketak. Espektatiba faltsurik ez sortzeko, esan behar da oraingoz ez dugula ikusi inolako keinurik. Lortu behar dugu, batetik, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko gehiengoak Madrilera eramatea eta, bestetik, Espainian aktibatzea iritzi ildo bat presoak gerturatzearen alde. Jada, presoei ezin zaie leporatu ETAko kide direnik. Elementu horiek guztiek lortuko al dute PP aldaraztea? Ez dugu elementurik hala izango dela pentsatzeko, baina, faktoreak hor dauden neurrian, lagungarria da.
Parisen politikaren harira, bi ohar. Espainiako Gobernuak gertutik jarraitzen du Frantzian gertatzen ari dena; oso ondo dakite zer gertatzen ari den. Batzuek uste dute Frantziarekin proba egiten ari dela. Bestalde, garrantzitsua da kontrastea biktimekin. Espetxe politikan aldaketak egiten badira, biktimei entzun behar zaie, modu pedagogikoan azaldu. Biktimek eskubidea dute iritzia emateko, baina ez politika publikoak baldintzatzeko.
Jose Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak zioenean ez dutela legeak jasotzen ez duen ezer egingo, mezu baikorra da?
G. B.: Esan dugun guztia lege barruan dago. Hori litzateke normaltasun juridikoa. Biktimen alorrean pedagogia egin behar da, biktimekin eta gizarte osoarekin: biktimen eta presoen eskubideak kontrajarri dira. Bazirudien ez zirela uztargarriak. Presoei eskubideak errespetatzeak ez du esan nahi biktimenak gutxitzen direnik. Hori barneratu behar dute biktimek.
M. L.: Presoen giza eskubideak bete beharrekoak dira.
Aro berrirako nahirik?
M. L.: Itxaropena, elkarbizitza normaltzeko eta gertatutakoa berriro ez gertatzeko.
A. H.: Nire belaunaldiari egokitu zaio gatazka bere osotasunean bizitzea. Gustatuko litzaidake nire semeari uztea jaso genuena baino gizarte hobeagoa, alor horretan behintzat. Horretan ari gara jada.
G. B.: Denbora luzez itxaron dugun egoera iritsi da. Batzuk zortea izan dugu hemen gaudelako; beste batzuek ez dute aukera hori izan. Oraintxe, zorionez, etorkizuna gure esku dago.