Konponbideari begira

Berriak

Erakundeak, presoak gerturatzearen alde

Nafarroako Parlamentuak eskatu du herrialdeko presoak Iruñeko espetxera ekartzeko. Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkulluk esan du «legeak eta etikak» babesten dutela presoen gerturatzea
Urkullu (EAJ) eta Urruzuno (EH Bildu), legebiltzarrean, atzo.
Urkullu (EAJ) eta Urruzuno (EH Bildu), legebiltzarrean, atzo. DAVID AGUILAR / EFE

2018-05-12 / Gotzon Hermosilla

ETAren armagabetzearen ostean hasi zen agerian gelditzen euskal presoen giza eskubideen aldeko gehiengo berriak sortzen ari zirela euskal erakundeetan: horren adierazgarri dira Eusko Legebiltzarrean sakabanaketaren kontra edo gaixo handi diren presoak kaleratzearen alde ordutik onarturiko ebazpenak —PP ez beste indar politiko guztien botoekin—, eta Nafarroako Parlamentuan «beste espetxe politika bat» galdegiteko martxoan onartutakoa —PP eta UPN ez beste guztiek babestua—. Orain, ETA desagertu ostean, Nafarroako Parlamentuak berriro ere eskatu du preso nafar guztiak Iruñeko espetxera ekartzeko, eta urratsak egin ditu xede horri begira.

Nafarroako presoak eta «Nafarroan erroturik daudenak», haiek ados egonez gero, Iruñeko kartzelara ekartzearen alde agertu zen joan den ostegunean Nafarroako Parlamentua, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoekin. UPN eta PP aurka azaldu ziren, baita PSN ere, testuaren «tonuarekin» ados ez zegoela argudiatuta. Era berean, parlamentuak galdetuko dio Espainiako Gobernuari Nafarroako zenbat preso dauden Espainiako kartzeletan, eta preso horiek sorterritik urrun ote dauden beraiek nahi dutelako edo espetxe agintarien erabakiz. PSN ere informazio hori eskuratzearen alde agertu da.

Prozesu «beharrezkoa»

Eusko Legebiltzarrean ere handia da egungo espetxe politika aldatzearen aldeko adostasuna. Gobernuaren kontrol saioan gaia hizpidera ekarri dute, EH Bilduk egindako galdera baten harira. Horri erantzunez, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «beharrezkoa» dela presoak gerturatzeko prozesua abiaraztea, «legearen eta etikaren ikuspegitik». Urkulluri, baina, «ulertezina» begitantzen zaio presoen urruntzea «baldintza politiko gisa» erabiltzea, bere iritziz neurri horrek «familien sufrimendua» besterik ez duelako ekartzen.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak eskatu dio Urkulluri «estatua mugiarazteko palanka gisa» indar egin dezan Espainiako Gobernuaren aurrean, eta horretarako erabiliko duen estrategiaz galdetu dio.

Publizitatea