Konponbideari begira

Berriak

Rajoyk berretsi die biktimei eta alderdiei ez duela aldaketarik egingo

Espainiako Gobernuak bilerak egin ditu biktimekin eta Terrorismoaren Aurkako Ituneko kideekin. Espetxe politikari eutsiko diotela esan dute. Ituneko sinatzaileek ez dute agiri bateraturik egin
Juan Ignacio Zoido, Polizia eta Guardia Zibileko buruekin eta Espainiako alderdi nagusietako ordezkariekin, atzo, Madrilen eginiko bileran.
Juan Ignacio Zoido, Polizia eta Guardia Zibileko buruekin eta Espainiako alderdi nagusietako ordezkariekin, atzo, Madrilen eginiko bileran. ZIPI / EFE

2018-05-11 / Gotzon Hermosilla

ETA desegin ondoren, sendotasun eta adostasun irudia eman nahi izan du Espainiako Gobernuak, bi arlotan eman ere: alde batetik, Mariano Rajoy gobernuburuak gaiari buruz mintzatzeko lehen bilera egin du ETAren biktimen elkarteekin, eta, beste aldetik, Barne ministro Juan Ignacio Zoidok gauza bera egin du Terrorismoaren Aurkako Ituna izenpetu duten alderdiekin eta beste batzuekin. Bi bileretako mezu nagusia antzekoa izan da: espetxe politikan ez da aldaketarik izango.

Rajoyk 25 elkartetako ordezkariekin egin du bilera Moncloako jauregian, eta han bere gobernuaren «erabateko babesa» erakutsi die. Bilera amaitutakoan, zenbait elkartetako eledun, Coviteko Consuelo Ordoñez eta Gregorio Ordoñez fundazioko Ana Iribar esaterako, «zapuzturik» agertu dira ETAren bukaera gauzatu den moduagatik. «Ez da izan guk espero genuena. Gobernuak ETAri erregutu dio desegiteko, eta guk nahi genuena zen Segurtasun Indarren garaipena».

Gobernuaren jarreraz egon zitezkeen zalantzak, baina, bilera egin aurretik uxatu nahi izan ditu Rajoyk. Telebista kate bati emandako elkarrizketa batean adierazi du espetxe politika «legearen araberakoa» izango dela, horretan aldaketak sartzeko asmorik ez duela eta gaia ez dela egon aurrekontuen inguruan EAJk eta PPk egin dituzten negoziazioetan. «Espetxe politika izango da legeak dioena. Ni, Kataluniako auzian egin nuen bezala, ez naiz legearen esparrutik mugituko».

Lehenago, Terrorismoaren Aurkako Itunaren esparruan, bilera egin du Espainiako Gobernuak Espainiako alderdi nagusiekin, Barne Ministerioaren egoitzan. Orain arteko mezua berresteko balio izan du bilerak: izan ere, Juan Ignacio Zoido ministroak berriro esan du ez dela «inpunitaterik» egongo, «ez orain, ezta etorkizunean ere».

Zoidok adierazitakoaren arabera, ETAk ez du «saririk» izango «bere porrotagatik», eta, hortaz, gobernuak «legea zorrotz» beteko du euskal presoei dagokienez. Espetxe onurak lortzeko aukeraz galdetuta, ministroak erantzun du «galdetegi bat betetzea» ez dela «nahikoa», eta «jarrera eta portaera batzuk denbora luzean» erakutsi behar direla.

PP, PSOE, Podemos —begirale gisa—, Ciudadanos, UPN, PDeCAT, Foro Asturias, Partido Aragones, Coalicion Canaria eta UPDko kideak joan dira bilerara. Han, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren ordezkariek «informazio zabala eta interesgarria» eman diete alderdiei «ETAren porrota» ekarri duten gertakarien inguruan.

Bileraren bidez «batasun irudia» eta «adostasun handiaren berri» eman nahi izan du gobernuak. Hala ere, ezinezkoa izan da bileraren ostean parte hartzaile guztiek izenpetutako agiri bateraturik plazaratzea, gobernuaren hasierako asmoa hori zen arren. Zoido saiatu da horri garrantzia kentzen: «Kontua ez zen adierazpen bat ateratzea eta koma baten gorabeherari adi egotea».

EAJk, EH Bilduk eta ERCk ez dute parte hartu bileran. Deialdiaren berri izan bezain pronto, EAJk gogorarazi zuen inoiz ez dela itun horretako partaide izan, eta gaur egun hori «gertaeren errealitateak gainditu» egin duela. ERCk, berriz, erantzun ere ez zion egin Espainiako Gobernuak egindako gonbidapenari.

UPNren presioa

Espainiako Gobernuak ez du espetxe politika aldatzeko asmorik azaldu, baina, badaezpada, alderdi batzuk hasi dira presioa egiten jarrera horri euts diezaion. UPN-k, esaterako, eskatu dio Rajoyren gobernuari Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Uxue Barkos Nafarroakoak proposatutako lantaldea ez onartzeko. Gainera, parte ez hartzeko konpromisoa idatziz jaso nahi du UPNk; osterantzean, ez lituzke Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko.

Bertizen (Nafarroa) egindako ekitaldian, Urkulluk eta Barkosek proposatu zuten lantalde bat sortzea Espainiako Gobernuarekin espetxe politikaz eztabaidatzeko. «Bilera hori ez da egin behar», esan du UPNko presidente Javier Esparzak.