Konponbideari begira

Berriak

ETAren amaiera. Alderdien arteko elkarrizketak

Kontrasteak giro gordin batean

2000tik aurrera, Lizarra-Garazi amaituta, muturreko jarrerak azaleratu ziren. Halere, Vicenç Fisasek elkarrizketa bide bat ireki zuen, modu konfidentzialean, 'Contrastes' ariketan.
<b>Atentatua. </b>ETAk Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidea eta Jorge Diez haren bizkartzaina hil zituen 2000ko otsailaren 22an.
Atentatua. ETAk Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidea eta Jorge Diez haren bizkartzaina hil zituen 2000ko otsailaren 22an. BERRIA
Alderdiak inoiz egon diren tokirik muturrenetako batean zeuden 2000. urtean: batetik, Juan Jose Ibarretxe zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, EArekin batera gobernatzen; bestetik, Euskal Herritarrok zegoen. Ibarretxek harremanak eten zituen EHrekin ETA berriz ere jardun armatuan hasi zenean. Gainera, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartzerainoko bidea egin zuten (2002). Legez kanporatzeen aroa zen —Haika, Segi, Batasuna, Udalbiltza legez kanpo, eta Ardi Beltza eta Egunkaria itxita, besteak beste—. Eta, azkenik, ETA bortitz itzuli zen jardun armatura. Lizarra-Garaziko negoziazio aroa amaituta, ETAk iragarria zuen bertan behera utziko zuela hamalau hilabeteko su-etena, eta baita utzi ere: 2000. urtean 23 pertsona hil zituen, 2001ean hamabost... Atentatuak, atxiloketak, tortura salaketak, politikarien arteko adierazpen bortitzak... eguneroko ogia ziren.



Alderdien arteko giroa oso gaiztotua zegoen. Testuingurua hori izanik ere, alderdiak elkarrekin hizketan jarri zituen Vicenç Fisasek: «Erronka ikaragarria zen, eta ezezkoa jasotzeko aukera ere bai. Baina nire obligazioa zen saiatzea. Klase politikoa hitz egitera gonbidatu behar nuen gu odolusten ari zen gatazka bati buruz, denbora gehiegi baitzeraman irtenbiderik gabe». Horrela hasi zen Contrastes ariketa (kontrasteak), 2000ko irailean. ETA desegitearekin batera, ariketa haren nondik norakoak kontatzeko garaia dela iritzi dio Fisasek.



Fisas Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko bake eta giza eskubideen Unesco katedrako zuzendaria zen garai haran, eta Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusiaren babes osoa zeukan. Bazekien modu irekian ezingo zela ezer adostu, «muturreko jarrerak zeudelako», BERRIAri azaldu dionez. Isilpean hasi ziren lanean. EAJk, Batasunak, PSEk, PPk eta EAk ordezkari bana jarri zuten ariketa horretarako. «Ia pentsaezina zen elkarren artean hizketan jartzea, talde horietako batzuek ez baitzioten elkarri hitz egiten; eta zenbaitetan, jarrerak oso muturrekoak ziren», Fisasek gogoan duenez.



Konfidentzialtasuna



Joko arauak, hiru: konfidentzialtasun osoa izatea, alderdi bakoitzaren erantzunari buruzko eztabaidak kolegiatuak izatea eta koordinatzaile gisa Fisasengan konfiantza osoa jartzea. Jardunbidea hauxe zen: gatazka politikoari buruzko galdera sorta bat bidali zien alderdi bakoitzaren ordezkariei, metagatazka —korapilo nagusiak— ere txertatuta. Galdera horiek erantzuteko bi hilabete hartzen zituzten alderdiek. Gorabeherak eta zailtasunak izan ziren hauteskunde zikloak, alderdi barneko dinamikak eta bestek eraginda. Nahi baino gehiago ere atzeratzen ziren zenbait erantzun. Fisasek gogoan duenez, parte hartzaile batek zera esan zion: «Batzuetan, urjentea dena inportante denaren aurretik jartzen da».



Batasunak eskatu zion Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza zuten alderdiei eta Ipar Euskal Herriko alderdi nagusiei ere bidaltzeko galdetegia. Bidali zien. Iparraldetik ez zuen erantzunik jaso; Nafarroatik, Batzarrek, Batasunak eta EAk erantzun zuten. Baina, Fisasek gogoan duenez, gero ez zuten jarraitu. Beraz, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdiekin segitu zuen.



Metodologia hau zen: jasotako erantzunekin koadro bat osatzen zuen, ados zeuden edo ados egon zitezkeen puntuak bilduaz; bigarrenean, desadotasun puntuak jasotzen zituen; eta hirugarrenean, ados jarri ahal izateko gehiago sakontzea merezi zuten gaiak jasotzen zituen. Ondorioak bateratu ondoren, berresteko txosten bat egiten zuen, inork zalantzarik izan ez zezan. Galderei alderdiek emandako erantzunak ere txertatzen zituen, guztiek irakur zitzaten. «Kasu guztietan, sintesien koadroan oinarrizkoa jartzen nuen, norbanakoen iritziak errespetatuz, baina dokumentu homogeneo eta didaktiko bat lortzeko».



Ariketa 2000. urteko irailean hasi zen, eta 2003ko apirilean amaitu. 2001eko ekainean, Ibarretxe jakinaren gainean jarri zuen. Bolada horretan, Fisas maiz etortzen zen Euskal Herrira, hitzaldi baten edo liburu baten aurkezpenaren aitzakian, eta bisita horiek alderdietako ordezkariekin hitz egiteko baliatzen zituen, gaizki-ulertu guztiak saihesteko, ñabardurak jasotzeko: «Ñabardurek berebiziko garrantzia dute». Legebiltzarreko osoko bilera batzuetan ere egon zen. Itxaronaldi luzeak zeudenean, alderdi bateko zein besteko bulegoetan egoten zen zain, eta hori oso baliagarria egin zitzaion elkarri hitz egiten ez ziotenen arteko arrazoiak zuzenean kontatzeko.



Erantzunak jasotzeko orduan izan zituen gorabeherak. Alderdi batzuek serio hartu zuten ariketa, eta erantzun luzeak eta argudiatuak ematen zituzten; beste batzuekin, sumatzen zuen plano pertsonalean erantzuten ari zirela. «Nabarmena zen alderdietan familia politikoak zeudela. Bereziki PSEn igarri nuen hori». Zailtasun gisa, gogoan du alderdi batzuek solaskidea aldatu izana prozesuan, eta horrek eragin egiten zuen ariketarekiko konpromisoan. Aldeko izan zuen, ordea, alderdi guztiek onarpena eman izana.



Gakoen gaineko eztabaida



Gai gakoak identifikatuta zeuzkan, urteak baitzeramatzan gatazka zehatza aztertzen; alderdietako diskurtsoen bilakaera aztertzen, albistegiei kasu egiten, ETAren adierazpen guztien analisiak egiten... Beraz, galdetegien abiapuntua izan ohi zen adostasun handiena izan zezaketen gaietatik abiatuta mailaz maila zailtasun handiagoa zutenetara iristea; «bestela, blokeoak sor zitezkeen. Behin ikusita gai batzuetan ados zeudela, horiek berresteko txostena egiten nuen, ziur egoteko guztiek gauza bera ulertzen zutela».



2001eko maiatzean, PPk eta EAJk baino ez zioten erantzun galdetegiari. PSEk ez zuen erantzuten. «Rubalcabak berak [PSOEko agintariak] idatzi zidan ariketari buruzko zalantzak zituela adierazteko, baina azkenean Rodolfo Aresen esku utzi zuen [PSEko eleduna]. Zorionez, krisia gainditu zen». Zera gaineratu du: «Gatazketan eragileekin zuzenean lana egiten denean, ez da nahikoa proiektu politikoak aurkeztea eta eztabaidatzea; haien inguruan dagoen unibertso guztia jaso behar da: sentimenduak, usteak, beldurrak, ametsak, kontakizunak, minak, enpatiak, identitateak, marra gorriak, errespetua, ezinikusiak, konfiantza...».



Fisasek badu eskarmentua gatazka politikoen konponbideetan: ez da alferrik izan Escola de la Cultura de Pauko zuzendaria (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), nahiz eta orain erretiroa hartuta dagoen. Euskal Herrian egindako ariketa hark zerbaitetarako balio izan bazuen, haren ustez, balio izan zuen alderdi bakoitzak etxe barruko lanak egin zitzan, «batez ere, PSEn eta Batasunan». Ez dauka ahazteko Gemma Zabaletak ariketarekin hartu zuen engaiamendua, Ares ordezkatu zuenean.



Bestalde, uste du Batasunak beste hizkuntza politiko bati atea ireki ziola Otegiren gidaritzapean. 2002ko urtarrilean, Bakerako jokaleku bat izeneko dokumentua aurkeztu zuen. «Berrikuntzak bazituen, nire ustez, askotariko sentimenduak errespetatu egin behar zirela esaten baitzuen, besteak beste. PPk eta PSEk zakarrontzira bota zuten. Halaxe esan zidaten. Indarkeria egoerak horretara behartzen zituen. Baina uste nuen Batasunak emandako pauso txiki hori ezin zela alferrik izan». Proposamena zatitu, elementu oinarrizkoak hartu, eta galdera berrien oinarri gisa hartzea pentsatu zuen. Modu horretan, gainerako alderdiek erantzun egin zioten Batasunaren dokumentuari. «Ariketa hura baliagarri izan ote zen? Elkarri hitza ukatzen ziotenek, idatziz eta hirugarren baten bidez bazen ere, elkar interpelatu zuten, eta modu oso berezian saiatu ziren kontsentsuak eta adostasunak topatzen; hala, irudika zezaketenik askoz ere harago iritsi ziren».



Ariketa 2003ko apirilean amaitu zuen, Batasuna legez kanporatu eta EBko talde terroristen zerrendan sartu zutenean. «Ezinbestekoa zen talde hori ariketa honetan. Haien parte hartzea baztertuta, ariketari amaiera ematea pentsatu nuen».



Testuinguru hura aintzat hartuta, ezin baztertuzkoak dira adostu zituzten gaiak: hainbat aldetako indarkeriak eragindako minaren aitortza, zetozen belaunaldiei beste etorkizun bat uzteko konpromisoa eta bestelako esparru bat aurkezteko eskubidea. «Paradoxikoki, diskurtso publikoak ez zuen zerikusirik hemezortzi puntu horietan adostu zituztenekin, erabateko konfrontaziozkoa baitzen. Halere, parte hartzaile guztiek ikusi zuten bazegoela oinarri bat beste norabide batean abiatzeko eta gertaeren norakoa aldatzeko».



Euskal Herrian gatazkaren konponbidea bideratzeko ernatzen ari ziren bestelako saiakeren artean, Contrastes beste ariketa bat izan zelakoan dago Fisas, guztien hondar aleek lagundu dutelakoan egungora iristen. «Istorio honek argia ikustea merezi badu, azken hamarkadan norabide egokian aurrera egin delako merezi du».

Informazio osagarria

Publizitatea