Konponbideari begira

Berriak

ETAren amaiera

Rajoy: «Espainiak jarraituko du krimenak ikertzen eta epaitzen»

Terrorismoaren Kontrako Itunaren bilera egingo dute. PSOEk eta Ciudadanosek ere bat egin dute Rajoyren adierazpenekin

2018-05-05 / Gotzon Hermosilla

Ez zen aldaketarik espero Espainiako presidente Mariano Rajoyk ETAren bukaeraz egin beharreko adierazpenean, eta ez da aldaketarik egon: orain arteko diskurtsoari eutsi dio Rajoyk, berretsi du ez dela «inpunitaterik» egongo, eta iragarri du Espainiak jarraituko duela «ETAren krimenak ikertzen, delituak epaitzen eta zigorrak betearazten». Berrikuntza bakarra utzi du Rajoyren agerraldiak: Terrorismoaren Kontrako Itunaren bilerara deituko dituzte hura izenpetu zuten indar politiko guztiak.



Rajoyren arabera, «Espainiako demokraziak garaitu du ETA». Biktimak izan ditu gogoan beste ezer baino lehen, eta, haiekin batera, segurtasun indarrek egindako «lan nekaezina», epaileak eta fiskalak, Espainiako erregea eta aurreko gobernuburu guztiak. «Garaipena guztion ondarea da», esan du.



Rajoyk ez dio datarik jarri Terrorismoaren Kontrako Itunaren bilerari, baina berri agentziek esan dute, Espainiako Gobernuaren iturriak aipatuta, datorren astean izango dela.



«Egia kontatzea»



Espainiako alderdi politiko nagusiak bat etorri dira Rajoyren adierazpenekin. PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek esan du orain «demokraten zeregina» dela «ez ahaztea, egia kontatzea, eta ETAren abaroan sortu zen mugimenduari gailentzen ez uztea». Ciudadanoseko idazkari nagusi Jose Manuel Villegasek, berriz, esan du ETAren amaierak ez diola «onurarik edo abantailarik» ekarri behar, eta espetxe politika bere horretan uztearen alde agertu da.



PSE-EEko Patxi Lopezek esan du ezin diotela ETAri «kontakizuna idazten» utzi. PPko Alfonso Alonsok berretsi du ez dagoela «ordaindu beharreko preziorik» eta kartzelak «ihes egin dutenen zain» daudela. Confebaskek, berriz, uste du ETAren amaiera erakundearen «porrota» dela.

Publizitatea