Konponbideari begira

Berriak

ETAren amaiera. Bertizko agerraldia

Kanbotik kanpo, oroimena aldarri

Uxue Barkosek eta Iñigo Urkulluk «iraganaren memoria kritikoa» aldarrikatu dute, Bertizko jaurerrian. Bi agintarien arabera, ETAren amaierarekin «garai berri bat» ireki da
Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu, atzo, Bertizko jaurerrian.
Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu, atzo, Bertizko jaurerrian. IÑIGO URIZ / FOKU

2018-05-05 / Joxerra Senar

«ETA mehatxu gisa desagertuko da, baina ez oroitzapen triste gisa. Eragindako min bidegabe guztiaren memoria geratzen da». Gogoeta hori egin zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Nafarroako Gobernuko lehendakaria alboan zuela. Uxue Barkosen arabera, berriz, «ETAk ez zuen inoiz existitu behar». Kanbon ez izatea erabaki zuten agintariek, eta, goizeko ekitaldian bien hutsunea nabaritu bazen ere, nahiago izan zuten arratsaldean elkarrekin agertu Bertizko jaurerrian. Batak zein besteak iraganaren analisi kritikoa aldarrikatu zuten, eta etorkizuneko elkarbizitzari begira oroimenaren garrantzia azpimarratu zuten. «Memoriak balio digu iraganean gertaturikoa ez dadin itxuragabetu edo, are okerrago, zuritu», azaldu zuen Barkosek.



Kanbotik 50 kilometro ingurura dago Oronoz-Mugairi, eta, arratsaldeko lehen orduan, Bertizko natur parkeko parkingeko kazetarien joan-etorriak adierazten zuen zerbait ezohikoa bazela. Jaurerriaren ingurune lasaia aukeratu zuten Barkosek eta Urkulluk adierazpen bateratua aurkezteko. Bateratua izanagatik, bakoitzak bere agiri propioa irakurri zuen; euskaraz lehenik, gazteleraz gero. Hartara, bakoitzak bere ñabardurak ezarri zizkion ETAren amaieraren inguruko analisi politikoari. Gainera, kazetarien artean banatutako agirian, bizikidetzan sakontzeko proposamen eta konpromisoak aurkeztu zituzten bi gobernuek. Bertizen izan ziren, era berean, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetzako zuzendaria eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia.



Bere analisian, Barkosek nabarmendu zuen herenegungo iragarpenarekin «indarkeriaz eta oinazez beteriko garai ilun bati» amaiera eman zaiola. Hartara, erakundeek «garai berri bat» has dadin lan egin behar dutela azpimarratu zuen, eta garrantzi berezia eman zion memoria kritikoari, indarkeria «bidegabea eta ezin zurituzkoa» izan zela aitortzeko.



Horren harira, etorkizuneko bizikidetzarako erreminta gisa ikusten du Barkosek oroimena, batik bat belaunaldi berriei bakearen kultura transmititzerakoan ez dezaten ahantz gertaturikoa eta, horri loturik, biktimak ez daitezen ahanzturan erori: «Memoriak lor dezake gure iragana eta gure etorkizuna eskutik joatea. Memoria ez baita soilik iraganeko kontua; aitzitik, batez ere etorkizuneko kontua da». Halaber, iritzi dio bizikidetza baketsua eraikitzeko eta erreparazio osoa lortzeko oinarria dela oroimena. Funtsean, belaunaldi berriek etorkizun hobea eraikitzeko balio beharko lukeela aipatu zuen.



Horregatik kritiko agertu zen ETAren amaierako agiriarekin. Bere esanetan, erakunde armatuak «ez du begiratu etiko eta kritikorik adierazi, ez baitu onartu biktima guztiei eragindako minaren bidegabekeria». Dena den, halaber, Barkosen irudiko, ezin da alboratu ETAren agiriak «garai berri baten norabidea» ezartzen duela: «Agiriak ETAren behin betiko desagerpena helarazten du eta agertoki batean kokatzen gaitu, zeinean gure erantzukizuna baita iraganeko tragedia itxaropen bihurtzea».



Errekonozimendu berezia



Hain zuzen, Urkulluk itxaropenari egin zion erreferentzia ere bai. Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, une txarrenetan, itxaropena galdu ez bazuten, orain «bizikidetza integratu eta integratzailea» lortzeko esperantzak mugitzen ditu. Hori esanik, «denbora luzez eta baldintzarik kontrakoenetan», bakearen alde lanean jardun duten pertsonen, gizarte entitateen, alderdi politikoen eta erakundeen ahalegina gogoratu nahi izan zuen. «Itxaropenari eutsi, itxaropen ororen kontra. Gaur errekonozimendu berezia merezi dute».



Bere diskurtsoan, tonu kritikoa nabaria bazen ere, bere poza ez zuen ezkutatu nahi izan Urkulluk, eta hala aldarrikatu zuen: «Une honetan gizartearen gehiengoaren lasaitasun eta poztasun sentimendu sakonak partekatzen ditut». Gogora ekarri zuen hamarkadatan ETA noiz amaituko zain egon direla: «Gaur gure kezka eta ardura izateari utzi dio ETAk», aipatu zuen, eta gaineratu: «Gertakari historiko batean aurrean gaude, erabat positiboa. Denbora asko kosta izan da, gehiegi; baina, azkenik, bakea indarkeriaren gainetik ezarri da».



Ilusioari ere egin zion aipamen, Urruneko betaurrekoak jarri eta horrek guztiak duen esanahiari buruzko hausnarketa egin zuen. «Bereziki hunkitzen gaitu gure nagusiek luzaro irrikatu eta behar izan duten helburua geure gazteekin partekatu ahal izatea: bakean bizitzea. Geure nagusien amets hau errealitate bihurtzen ari da». Iragan luzean indarkeria presente egon dela gogoratu zuen Iñigo Urkulluk, eta belaunaldi berriak izan zituen hizpide: «Gizarte ireki eta giza eskubideekiko tinko konprometituko batean hazi ahalko direla sinesteak hunkitu egiten gaitu».



Uxue Barkosek egin bezala, oroimenari garrantzia eman zion Iñigo Urkulluk, eta kritiko agertu zen ETAren agiriarekin: «ETA ez da gai izan biktima guztiei zuzendutako zuzenketako hitzik adierazteko». Urkulluren arabera, gizarteak eta erakundeek gogorarazi beharra dute indarkeria arma politiko gisa erabiltzea «akats etikoa» izan zela. «Inoiz gehiago ez. ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zen inoiz gertatu behar». Urkulluren arabera, erakundeen, politikaren eta giza eskubideen lorpen demokratikoa da aldarrikapen hori, eta haren partaide nagusiak, berriz, biktimak dira.



Barkosek zein Urkulluk bizikidetzan sakontzeko konpromisoa adierazi zuten. Hala, bien adierazpenekin batera, etorkizunera begirako proposamen multzo bat aurkeztu zuten, eta «agertoki hobeago» baten alde lan egiteko konpromiso etikoak azaldu zituzten. «Bideak jarraitzen du», laburbildu zuen Urkulluk.



Espetxe politika egokitu



Behin ETAk bere desagerpena iragarri ostean, eremu instituzionalean eman beharreko pausuak proposatu zituzten. Epe motzera begira, gogoeta kritiko baten beharra azpimarratu zuten bi gobernuek: «Iraganari buruzko gogoeta kritiko globala, ETAren indarkeria esplizituki barne hartuz» eta, era berean, alderdi guztien artean partekatuz. Gainera, bi gobernuek uste dute espetxe politika testuinguru politiko berrira egokitu behar dela eta horri buruzko «behin betiko adostasuna» lortu behar dela alderdien artean.



Epe ertainera begira, batetik, «memoria anitza eta partekatua» sendotu behar dela deritzote. Bigarrenik, biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko politika publikoak bultzatu behar direla azpimarratzen dute. Hirugarrenik, bizikidetzaren aldeko hezkuntza sustatu behar dela diote, «prebentzio moduan».



Konpromisoen artean, Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo gobernuen artean espetxe politikari buruzko lantaldea sortzea planteatzen dute. Presoei espetxe-bide legalak garatzera dei egiten diete «indibidualizazioaren, egindako minaren aitortzaren eta gizarteratzearen oinarriak aintzat hartuta». Era berean, presoak hurreratu behar direla edo, hainbat kasu tan, irizpide humanitarioak ezarri behar direla diote.

Informazio osagarria

Publizitatea