Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETA. 1958-2018. David Harland Henri Dunant zentroko zuzendaria

«Henri Dunant zentroak amaitu du bere egitekoa»

 

2018-05-04 / Jon O. Urain - Berriemaile berezia

Zazpi urte dira David Harland (Wellington, Zeelanda Berria, 1962) Henri Dunant zentroko zuzendaritzara iritsi zela, baina aurretik ere ezagun zuen euskal gatazkaren konponbide prozesua, bere lantokiaren bidez. Nazio Batuen Erakundean aritutakoa da, Bosnian, Kosovon, Ekialdeko Timorren eta Haitin, besteak beste. ETAren azken adierazpenaren berri eman eta minutu gutxira erantzun die BERRIAren galderei.



ETAk bere ibilbidearen amaiera iragartzen duen egunean, nola sentitzen zara?



Zoragarria da. Historia luze baten amaiera da. 59 urte. Gaur da lehen eguna 59 urtean Euskal Herria ez dagoela indarkeria politikoaren itzalpean. Eta hori ospatzekoa da.



Zentroak hamalau urte eman ditu euskal gatazkan lanean; 2003 amaieratik, etengabe. Asko da?



Denbora luzea eraman du. Sustrai sakoneko arazoa da; erakunde armatu bat zegoen, erro sakonekin. Ez zen soilik arazo militar bat, ez soilik segurtasun arazo bat, ezta soilik arazo politiko bat ere; arazo konplexua izan da, eta denbora asko behar izan da. Edozein modutan, uste dut ETAren agiria, bere helburuak bide ez biolentoen bitartez lortzeko konpromisoa adierazten duenez gero, albiste bikaina dela. Eredu bat da nazioarteko beste lurralde batzuentzat. Munduaren parte handi bat geroz eta biolentoagoa da, eta Euskal Herria, berriz, geroz eta gutxiago. Ohi bezala, euskal herritarrak kontrako norabidean zoazte [barreak].



ETA desegitearekin batera amaitzen da bake prozesua? Badira zereginak adiskidetzean, gizarteratzean... Henri Dunant zentroak badu rolik jokatzeko etorkizunean?



Ez dut uste. Hara: gu erakunde konfidentzial bat gara. ETAren agiria publikoki irakurtzea adostu genuen, baina hau ez da zirku bat, eta ez dago horikeria asmorik. Soilik, formalki adierazteko asmoa hau amaitu dela. Hau itzalpetik kanpo egin izanak adierazi nahi du gure egitekoa amaitu dela. Noski, bide luzea dago egiteko, baina, zintzoki, euskal gizartean jende asko dago bakearen alde lanean ari dena. Adibidez, [Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkullu eta [ezker abertzaleko buruzagi Arnaldo] Otegi jaunak. Ideia oso ezberdinak dituzte, baina biek uste dute badagoela modua arazoak bideratzeko indarkeria erabili gabe eta adiskidetze asmoekin.



Beraz, amaitu da zuen lana.



Horrek esan nahi du gu [euskal gatazkaren konponbide prozesutik] desagertuko garela. Formalki eskatu zidaten aurkezpen publikoa egiteko, baina, guretzat, hori amaiera da. Adiskidetzearena erronka bat da, baina beste jende batek egin beharrekoa.

Publizitatea