Konponbideari begira

Analisiak

ETA. 1958-2018. ANALISA

Ezer ez zegoen idatzia

 
ETAren azken agiria, hainbat hizkuntzetan.
ETAren azken agiria, hainbat hizkuntzetan. BALLESTEROS / EFE

2018-05-04 / Imanol Murua Uria

Bukatu da. Ezin zen bestela izan, esango dugu denok orain. Baina ez da egia. Ezer ez zegoen idatzia.



Gerta zitekeen Loiolako negoziazioen porrotagatik atsekabetu eta Barajasko atentatuagatik sumindu ziren ezker abertzaleko kideak etsipenez isilik gelditzea eta, barne bakearen izenean, dena mahai gainean jarri zuen eztabaida bultzatu beharrean iraganean bezala ETAren erabakietara moldatzea. Gerta zitekeen barne eztabaida horretan borroka armatua auzitan jarri zutenak ez nagusitzea, eta Euskal Herria Zutik adierazpenak beste zerbait esatea. Edo Aietekoaren ondoren Espainiako Gobernuak bi aldeko eskema negoziatzailean sartzeari uko egin zionean alde bakarreko estrategian sakontzeari uko egitea, ETAren ibilbide osoan uko egindako bideari heltzea baitzen azken batean: ez armak autodeterminazioaren truk, ezta bakea presoen truk ere, baizik eta desegitea musutruk. Ausardia behar zen. Edo gerta zitekeen ETAren barruan zatiketa gertatzea, IRAri eta beste talde armatu askori gertatu izan zaien bezala.



Azken batean, gerta zitekeen lehendik ere gehiegi iraun duen honek guztiak are gehiago irautea, eta gaur egun bizirik dauden asko hilda egotea, aske dauden beste asko preso egotea, tortura jasan ez duten asko torturatuak izatea, eta bizkartzainik gabe bizi diren asko bizkartzainen itzalarekin bizi behar izatea.



Baina gerta zitekeen askoz lehenago bukatzea ere. ETAk berak aitortu du azken-aurreko agiri autokritikoan, «halakorik ez zuela inoiz gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar», eta are zehatzago eragileei bidalitako gutunean: «Lehenago buka zitekeen».



Izan ere, gerta zitekeen Frantziako Estatuak Espainiakoarekin bat egin eta ETA erretagoardiarik gabe utzi zuenean estrategia armatuak bideragarritasun zaila zuela garaiz antzematea eta horren araberako erabakiak hartzea, hau da, gatazka armatua bukatzeari lehentasun handiagoa ematea. Gerta zitekeen Aljerko negoziazioetan Corcuera ministroaren azpijokoari ultimatum batekin erantzun beharrean beste malgutasun batez jokatzea eta prozesu hauskor eta etorkizun oso zaileko hari beste aukera bat ematea. Gerta zitekeen, 1992ko apustua kontrako eztarritik joan ondoren (Olinpiar Jokoen eta Expoaren atarian estatua negoziatzera behartu beharrean, Bidarte), armen indarrez negoziazioa eragiteko estrategia auzitan jartzen hastea, ezker abertzalearen barruan gutxi batzuk egiten hasi ziren bezala. Gerta zitekeen bonba-autoek eta hautetsien kontrako atentatuek gizarte osoan ez ezik ezker abertzalearen barruan ere sortu zuten ezinegonak eragin handiagoa izatea ETAren erabakietan. Gerta zitekeen Lizarra-Garaziko prozesuaren garaian pazientzia estrategiko handiagoaz jokatzea eta, gainerako eragileen beldurrak eta jarrera epelak gorabehera, indar harreman berri haiek baliatzea politika hutserako jauzia emateko. Edo gerta zitekeen Loiolako negoziazioetan eseri zirenek hitzartutako akordio behin-behinekoari oniritzia ematea ETAk, bere inperfekzio guztiekin azken aukera izan zitekeela ulertuta (gerora ikusitakoak ikusita, zirriborro hartako eduki politikoek bide zaila izango zutela susma daitekeen arren, gutxienez alde biko eskema baten barruan presoen auzia bideratzeko aukera benetakoa zela baitirudi). Azken batean, gerta zitekeen borroka armatuaren bukaera 2011ko urria baino askoz lehenago etortzea.



Kalkulu eta erabaki oker askoren emaitza izan da ETAren hitzetan ere «inoiz gertatu behar ez zuen» honek hainbeste irautea, ez noski ETAren erabakien ondorioz bakarrik, auzi honetan erantzukizuna izan duten eta duten beste eragile askoren erabaki askoren ondorioz ere bai baizik. Baina, behin honaino iritsita, eta aurrez aurre zer moldetako estatua, agintariak eta politikak egokitu zaizkien kontuan hartuta, erabaki zuzen (eta zail) askoak ere hartu dituzte 2007an ekaitz baten erdian eta noraezean zegoen ontzia gaur porturatuko den moduan porturatzea ahalbidetu duten guztiek; bereziki, 2009-2010 urteetako une erabakigarrietan lema hartu eta ontzia Aieterako eta Kanborako norabidean jarri zutenek.



ETAren atentatuak ez ziren gatazka politikoaren ondorio berezkoa, gatazka politikoaren testuinguruan erakunde batek gizartearen zati esanguratsu baten babes gorabeheratsuarekin eta, azken hamarkadetan bederen, gizartearen gehiengoaren aurkakotasunarekin egin zuen hautuaren eta hartutako erabakien ondorio baizik. 2011n ETAk indarkeria albo batera uztea eta orain erakunde gisa bere burua desegitea ere ez da gatazka armatuak izan duen bilakaeraren ondorio berezkoa, testuinguru horretan gizon eta emakume batzuek gizartearen zati esanguratsu baten sostenguarekin baina estatuaren aginte egituren aurkakotasunaren gainetik egin duten ahaleginaren eta hartu dituzten erabakien ondorio zorionekoa baizik.

Publizitatea