Konponbideari begira

Berriak

ETA. 1958-2018

Historia bat armek markatua

ETAren historia borroka armatuaren historia bat baino gehiago da. Alabaina, zerbaitek bereizi baldin badu ETA, borroka armatua erabiltzeko egindako hautuak bereizi du. Lehen urteetan, oso ekintza txikiak egin zituen erakundeak —gehienbat, sabotajeak—, baina, urteen poderioz, gero eta ekintza armatu indartsuagoak egin zituen, euskal politika astintzeko ahalmena lortzeraino.
<b>Carrero Blanco. </b>Carrero Blanco eta Franco.
Carrero Blanco. Carrero Blanco eta Franco. BERRIA

2018-05-04 / Iñaki Petxarroman

V. Batzarrean hartu zuen ETAk borroka armatuan aritzeko benetako erabakia, 1967an. Txabi Etxebarrietaren zuzendaritzapean, orduan hasi zuen erakunde armatuak urteetako ziklo armatua, oinarri ideologikoan «askapen nazional eta soziala» eta estrategian «ekintza-errepresioa-ekintza» espirala aktibatuz. Ideia sinplea eta zehatza zen. ETAk Francoren erregimeneko ordezkariren baten edo segurtasun indarren aurkako ekintza bat egin eta frankismoak errepresio masiboarekin erantzuten zuen, ez bakarrik ETAko kideen aurka, baizik eta herri sektore zabalen aurka. Horrek herritarren haserrea eragiten zuen, eta, horren ostean, ETAk «mendeku» gisako erantzunen bat ematen zuen. Handituz zihoan olatu horren barruan «askapen nazionala» helduko zelakoan zeuden ETAko garai hartako ideologoak, munduko beste askapen borroka batzuetan gertatzen ari zen moduan: Kuba, Aljeria... Estrategia hori KAS alternatibaren aurkezpenarekin amaitu zuen ETAk, orduan indar metaketaren bidez Espainiarekin negoziazio bat behartzea jarri baitzuen helburu gisa erakunde armatuak. Urteen poderioz, borroka armatuaren eskarmentua handitu bai, baina estatuen errepresio tresnek ere kalte handia egin zioten ETAri. 2010ean hil zuen azken pertsona, Paris inguruan: Jean Serge Nerin jendarmea. Bost hamarkadako ibilbidean 837 biktima eragin ditu ETAk, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren arabera. Beste iturri batzuen arabera —Iñaki Egaña historialaria, esaterako—, 758 hildako eragin ditu ETAk bere ibilbidean, eta 837 lirateke beste euskal erakunde batzuekin batera eragindako biktimak. Espainiako Gobernuaren arabera, 853 lagun hil ditu. Hona hemen ETAren ekintza armaturik sonatuenak.



Pardines eta Etxebarrieta



Ziklo armatuaren abiapuntutzat jo daiteke Jose Pardines Guardia Zibileko agentearen aurka ETAk egindako atentatua, 1968ko ekainaren 7an. Villabonan (Gipuzkoa) guardia zibilek jarria zuten kontrol batean geratu zuten ETAko komando bat zihoan autoa. Txabi Etxebarrietak tiro egin zion agente bati, eta alde egin zuten. Hurrengo egunean, Tolosako Olarrain auzoan jarria zuten kontrol batean atzeman zituzten ihes egindakoak, eta tiroz hil zuten Etxebarrieta.



Meliton Manzanas



Pardinesena gertatu eta bi hilabetera egin zuen ETAk aurrez planifikatutako lehen ekintza, Meliton Manzanas Espainiako poliziaburuaren aurka, «torturatzailea» izatea egotzita. Francoren Poliziaren Donostiako burua izan zen, eta oso ezaguna bihurtu zen politikarekin zerikusia zuten atxilotuen aurka erabiltzen zituen tortura metodo ankerrengatik. Lehen urte haietan, nolabaiteko «herri justiziaren» ikuspegia eman nahi izaten zien ETAk bere ekintzei, eta Meliton Manzanasenak bete-betean egiten zuen bat horrekin. Honela idatzi zuen erakundeak atentatua bere gain hartzeko komunikatuan: «ETAk bete egin du euskal herri langileak torturatzaile honen aurka aspaldi emandako ebazpena». Ekintza horrek frankismoaren erantzun bortitza eragin zuen. Gipuzkoan salbuespen egoera ezarri, eta ehunka lagun atxilotu zituzten —600, iturri batzuen arabera—; haietako gehienek torturak eta tratu txarrak salatu zituzten.



Carrero Blanco



Burgosko Prozesuak ETAren fenomenoaren nazioartekotze eta zabaltze azkarra eragin zuen, eta 1960ko hamarkadan gazte gutxi batzuen fenomeno hasi berria zena erreferente politiko garrantzitsu bat bihurtu zen euskal gizartearentzat. Hamarkada eskas batean metatutako eskarmentuaren eta erreferentzialtasun horren ondorioa izan zen ETAk inoiz egin duen ekintza armaturik garrantzitsuenetako bat: Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentearen hilketa. 1973ko abenduaren 20an hil zuen ETAk, bonba auto bat zartatuta, Ogro operazioaren ondorioz. Almirantea hilda, ondorengorik gabe geratu zen frankismoa, eta atentatuak eragin handia izan zuen ondoren heldu zen trantsizio politikoan.



Ryan eta Lemoiz



Bere ibilbide armatuan, gatazkaren irtenbiderako eskatzen zituen baldintzekin zerikusi zuzenik ez zuten hainbat arlotan esku hartu du ETAk arma bidez, izan langileen mugimenduaren alorrean, izan bestelako gatazka sektorialetan. Horietako nagusietako bat izan zen —ETAk jarritako baliabideengatik eta eragindako ondorioengatik— Lemoizko zentral nuklearraren aurka 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ETAk aurrera eraman zuen kanpaina armatua. 1978 eta 1982 bitartean 134 eraso egin zituen ETAk zentrala eraikitzeko ardura zuen Iberdueroren aurka. Horrez gain, zentralaren bi ingeniari buruak hil zituen erakundeak: Jose Maria Ryan, eta haren ordez jarri zutena, Angel Pascual. Ryan 1981eko urtarrilaren 29an bahitu zuen ETAk, zentraletik irteten ari zela. Erakunde armatuak astebeteko epea eman zuen zentraleko proiektua bertan behera utzi eta lanak eraisteko. Epea amaituta, hil egin zuen ingeniari burua. 1984an, bertan behera utzi zituzten zentralaren obrak behin-behinean, baina, azkenean, etenaldi hori betiko izan zen.



Yoyes, mezu zuzen bat militanteei



Dolores Gonzalez Katarain Yoyes 1986ko irailaren 10ean hil zuen ETAk, Ordizian (Gipuzkoa). Hilketak oihartzun handia eduki zuen euskal gizartean, Yoyes ETAko zuzendaritzako kide izan baitzen. Hainbat urte erbestean igaro ostean, Ordiziara itzultzea erabaki zuen, Espainiako justiziarekin zorrik ez zuela eta. ETAn, ordea, ezinegon handia eragin zuen hura itzultzeak, eta Yoyes hiltzea erabaki zuen, «estatu espainiarraren errepresio planekin» kolaboratzea egotzita. Euskal herri langilearen askapen prozesuari «traizio» egitea leporatu zion erakunde armatuak Yoyesi. Hilketa horrek ezinegon handia sortu zuen, baita ezker abertzalearen inguruan ere.



Hipercorren «akats larria»



1987ko ekainaren 19an Bartzelonako Hipercor supermerkatuko aparkalekuan jarritako bonba-autoa lehertu, eta 21 lagun hil zituen ETAk. Erakunde armatuak hainbat aldiz ohartarazi zuen bonbari buruz, baina Poliziak ez zuen lokala hustu, eta tragedia gertatu zen. ETAk autokritika egin zuen atentatu horretaz, atentatua bere gain hartu zuen idatzian: «Gure atsekabea adierazi nahi diogu Kataluniako herriari eta atentatuko biktima errugabeen gertuko eta senideei bereziki. Gure egiten dugu euskal eta katalan herri langileen gaitzespen zintzoa, inolako aringarririk gabe onartuz gertakari tamalgarri honetan daukagun ardura, eta onartuz, zintzotasun iraultzaile ibilbideari dagokion bezala, ekintza hau aurrera eramanda egindako akats larria». Ekintza horrek ere eten bat ekarri zuen ETArekiko, bereziki ordura arte erakunde armatuarekin eta ezker abertzalearekin nolabaiteko elkartasuna erakutsi zuten milaka katalanen artean. Hipercorreko atentatuari buruzko epaiketan estatua ere zigortu zuten polizia arduragabekeriagatik, abisua jaso arren lokala ez husteagatik.



Ordoñez, Aznar eta politikariak



Sektore jakin batzuen kontrako atentatu kanpainak egin ditu ETAk bere historian. Ohikoenak, guardia zibilen, polizien eta segurtasun indarren aurkakoak, baina enpresariak, epaileak, espetxeetako funtzionarioak eta beste zenbait sektore ere izan ditu jomugan. Alabaina, 1990eko hamarkadaren erdialdean, ETAren jarduera armatuak jomugan jarri zituen PSOEko eta PPko ordezkari politikoak. Horrek ika-mika handia sortu zuen gizartean, eta ildo horrekiko desadostasuna ezker abertzalean bertan azaldu zen. Lehen atentatua Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotziaren aurka egin zuen ETAk, 1995eko urtarrilaren 23an. Donostiako jatetxe batean hil zuten.



Handik hiru hilabete eskasera, Jose Maria Aznar PPko buru eta alderdi horretako presidentegaiaren aurkako atentatu bat egin zuen erakunde armatuak, bonba-auto batekin, Madrilen. 40 kilo amosal lehertu bazituen ere, Aznar bizirik irten zen eraso horretatik, eta handik hilabete gutxi batzuetara presidente hautatu zuten bozetan.



Ordoñezen hilketa bere gain hartzeko ETAk Euskaldunon Egunkaria-n eman zuen elkarrizketa batean, hau aipatu zuen: «gatazka luzatzeko ardura» zuten politikariak hartu zituela jomugan, uler zezaten «gatazka luzatzearen ondorioak» eurek ere «pairatu» beharko zituztela. Kanpaina horren barruan, Fernando Buesa eta Fernando Mujika buruzagi sozialistak ere hil zituzten, eta baita alderdi horietako eta UPNko hainbat zinegotzi eta militante ere.



Miguel Angel Blanco



1996 eta 1997 bitartean, Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa bahitua izan zuen ETAk. Euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko kanpaina zabal baten barruan, tentsio handia sortu zuen bahiketa horrek euskal gizartean. Guardia Zibilak 532 eguneko bahiketa bukatu zuen, Arrasaten (Gipuzkoa) eduki zuten zulotik funtzionarioa askatuz eta haren bahiketan zerikusia izan zuten lau etakideak atxilotuz. Guardia Zibilaren operazioak oihartzun handia eduki zuen, eta haren arrakasta gogotik goraipatu zuten Espainiako hedabideek. Hain zuzen ere, haiek lotu zuten handik 9 egunera ETAk egin zuen beste ekintza batekin: Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi gaztearena. Bahitu, eta 48 orduko epea eman zuen ETAk euskal presoak Euskal Herriratzeko baldintza moduan. Espainiako Gobernuak ez zuen baldintza onartu, eta, emandako epean, buruan tiro bat zuela larri zaurituta topatu zuten Blanco, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Handik gutxira hil egin zen. Ekintza hark ordura arte ikusi gabeko manifestazioak eragin zituen, eta ezker abertzaleko egoitzen, militanteen eta herriko tabernen aurkako elkarretaratze eta erasoak izan ziren. Handik aurrera, Ermuko Foroa eta bestelako talde batzuek hauspo handia hartu zuten, eta, politikoki, ezker abertzalearen aurkako PPren apustu errepresiboak indar handia hartu zuen.



Joxe Mari Korta



Blancoren hilketaren ondoko olatu errepresiboak eten bat izan zuen Lizarra-Garaziko akordioen eta ETAk emandako su-etenaren ostean. Su-etena amaitu ostean, baina, atentatu kanpaina bati ekin zion ETAk berriro, eta horietako batean hil zuen, 2000ko abuztuaren 8an, Joxe Mari Korta enpresaburu eta Adegiko presidentea, Zumaian (Gipuzkoa). Atentatu horrek ere kontrako jarrera nabarmena eragin zuen euskal gizartean.



T-4ko leherketa



2006ko abenduaren 30an lehergailuz betetako furgoneta bat lehertu zuen ETAk Madrilgo Barajasko aireportuko T-4ko aparkalekuan. Urte bereko martxoan iragarritako su-etena formalki hautsi gabe egin zuen ekintza hura ETAk, eta bi lagun hil ziren eztandaren ondorioz, biak ere ekuadortarrak: Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio. Ekintzak ezinegon handia eragin zuen ezker abertzalean bertan ere, eta Batasunak ETAri eskatu zion eusteko su-eteneko konpromiso guztiei. Atentatu horrekin, Espainiako Gobernuak bukatutzat eman zuen Loiolako prozesua eta harekin lotutako elkarrizketa prozesua.



Azken ekintzak



Jarduera armatuko azken urteotan, hainbat ekintza egin zituen ETAk, erakunde barruan eta ezker abertzalean estrategia zehazteko hartu beharreko bideaz eztabaida betean zirela. Azken atentatua Mallorcan (Herrialde Katalanak) egin zuen ETAk. Diego Salva Lezaun eta Carlos Saenz de Tejada agenteak hil zituen 2009ko uztailaren 30ean, bonba-auto bat zartatuz. Handik hilabete batzuetara, Paris ondoan izandako enfrentamendu batean, Negrin jendarmea hil zuten tiroz, ETAk berak «gogoz kontrakotzat» jotako «ustekabeko enfrentamendu» batean.

Publizitatea