Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETA. 1958-2018. Aaro Suonio. Gatazken kudeaketan aditua

«ETAk bere egin ditu nazioartean onartutako DDR estandarrak»

Aaro Suoniok azpimarratu du ETAk bere burua desegiteko erabakiak «konpromiso argia» azaltzen duela «adiskidetze bidean eta bakearen eraikuntzan».

2018-05-04 / Jon O. Urain

Nazioarteko segurtasunean eta gatazken kudeaketan aditua da Aaro Suonio (Helsinki, 1963). Euskal Herriko bake prozesua gertutik aztertu du azken urteotan, baita azken egunotan ere. «Pauso ongi etorria eta egokia adiskidetze bidean Europako gatazka zaharrenaren Armagabetze, Desmobilizazio eta Gizarteratze prozesuan», idatzi zuen apirilaren 20an sare sozialetan, ETAren barka eskeaz BBCk idatzitako albistearen lotura erantsita. 2013ko otsailean izan zuen lehen kontaktua euskal gatazkarekin, orduan egin baitzion Paul Rios Lokarri zenaren koordinatzaileak aholkulari aritzeko gonbidapena. 2013an eta 2014an Euskal Herrian izan zen, Foro Sozialak gonbidatuta, eta ordurako mintzo zen gerora hain erabiliak izan diren DDR siglez. Duela hiru aste, Donostian izan zen, Foro Sozialak nazioarteko armagabetze esperientzien inguruan antolatutako topaketan.



Finlandiako Atzerri Ministerioan krisien kudeaketarako aholkulari berezia izanik, Ipar Irlandara bidali zuten lanera. 1997an iritsi zen Belfastera, Ipar Irlandan Ostiral Santuko akordioa artean sinatzeke zela, eta hamahiru urte eman zituen han; tartean, Ipar Irlandako Armagabetze Batzordeko presidente izan zen. Jugoslavia ohia osatzen duten herrialdeetan ere aritu da lanean. Gatazka bakoitza desberdina dela azpimarratu arren, uste du Euskal Herrian badela zer ikasi Irlandako bake prozesutik, eta munduko beste leku batzuetan Euskal Herrikotik.



Zer iruditu zaizu ETAk bere burua desegiteko iragarpena?



Euskal bake prozesuaren ikuskatzaile independente eta inpartzial gisa, ongietorri beroa ematen diot ETAren adierazpen historikoari. ETAk bere egin ditu nazioartean onartutako DDR estandarrak. Euskal Herrian, DDR prozesuak 2011ko urriko Aieteko Konferentzian du oinarria, ETAk bere jarduera armatua behin betiko iragarri zuenean. ETAren 2017ko armagabetzetik hasita, eta aurtengo apirileko barka eskearekin jarraituta, desmobilizazioaren eta desegitearen pauso honek erakusten du adiskidetze bidearekiko eta bakearen eraikuntzarekiko konpromiso argia. Goraipatzekoa da bake prozesuan zehar Foro Sozialak izandako jarraitutasuna eta babes etengabea.



Zein elementuk ziurtatzen dute talde armatu baten desmobilizazioak nazioartean onartutako irizpideak betetzen dituela?



DDR —armagabetzea, desmobilizazioa, gizarteratzea, ingelesezko siglen arabera— prozesuak testuinguruaren araberakoak dira, eta gatazka batetik bestera alda daitezke. Desmobilizazioari dagokionez, normalean, horrek esan nahi du indar edo talde armatu baten borrokalari aktiboek formalki eta modu kontrolatuan talde gisa funtzionatzeari uztea. Normalean, hori gertatzen da adostutako bake prozesu baten ezinbesteko parte gisa. Hala ere, erakunde armatu batek, armagabetzearen ostean, aitortutako buruzagien ahotik amaiera adierazpen bat egiten badu eta horrela erakunde armatu gisa existitzeari uzten badio, desmobilizaziotzat jo daiteke. Kasu horretan, desmobilizazioak eragin iraunkorra izango du, adierazpenak publikoa konbentzituko duelako jardun armatuaren bidez lortu nahi ziren helburuak soilik bide politikoen bitartez bilatuko direla aurrerantzean.



Zenbaterainoko garrantzia du ETAren desmobilizazioak Euskal Herriko bake prozesuan?



Desmobilizaziorik gabe, ez da gatazka itxiko herritarren buruetan. Horrez gain, desmobilizaziorik gabe, ezin da DDR prozesu osorik egon, hura ulertzen den gisara. Jendeak erabiltzen ditu armak; ez dute berez tiro egiten. Erakunde armatu batek bere burua armagabetzen badu eta existitzeari uzteko trantsizio osoa egiten badu, gatazka armatua behin betiko amaituko da, eta bake iraunkorra lor daiteke horren segidan gizarteratzea gauzatzen bada.



Orain, zer?



Europako lurraldeko gatazka zaharrenaren gertakari positibo honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Frantziakoari dei egiten diet, Europako Batasunaren babesarekin, bideak topatzeko borrokalari ohien gizarteratzea bultzatzeko. Gatazka behin betiko ixteko, etorkizuneko erradikalizazioak saihesteko eta gizartearen adiskidetzean laguntzeko borondatea baldin badago, eta horrela beharko luke herritarren interesak ordezkatzen dituen gobernu orok, ziur bide irudimentsuak egongo direla egungo legeriaren bidez gizarteratzeari lotutako gaiak lantzeko. Prozesu hau izan dadila inspirazio bat maila globalean bakea eraikitzeko.



Armagabetze ondorengo urratsa izan ohi da desmobilizazioa? Derrigor ordena horretan?



Nazio Batuen DDR prozesuaren barruan emandako desmobilizazioari, normalean, «gizarteratzeak» ematen dio segida; alegia, indarkeria eten duten borrokalari ohiekiko epe motzeko arretak. NBEren estandarrek deskribatzen dutenez, desmobilizazioa alde ugariko prozesu bat da, ofizialki ziurtatzen duena gizabanakoen estatus aldaketa, talde militar bateko kide zena zibil bihurtzea. Horrek esan nahi du, batetik, borrokalaria fisikoki banantzea bere talde armatuaren kontroletik, eta, bestetik, psikologikoki igarotzea pentsaera militarretik zibilera.



Gainera, prozesuotan, borrokalariek formalki eskuratzen dute estatus zibila talde armatuaren parte ez dela frogatzen duen dokumentazioa jasotzen dutenean. Aldiz, talde militarrarekin formalki loturak mozteko prozesua luzea eta zaila da, eta beharrezkoa da prozesu hori prestatzeko lan egitea; esaterako, borrokalariak gizarteratze sozioekonomikoan laguntzeko. Bestalde, desmobilizazioak laguntzen du talde edo indar armatuen tamaina murrizten edo guztiz desegiten. Gizarte baten desmilitarizazio prozesu zabalago baten parte da.



Zeintzuk dira Euskal Herriko baketze ereduaren berezitasunak, abantailak eta zailtasunak DDR prozesua osorik garatzeko?



Euskal Herrian, ageriko zailtasuna da ez dagoela gobernuaren jabetzarik prozesuan. Gobernuaren eskubidea eta erantzukizuna da prozesuan parte hartzea, ziurtatzeko, adibidez, armagabetzea gauzatu dela armen nazioarteko hitzarmenen eta barneko legeriaren arabera. ETAk, erakunde gisa, armagabetzea aldebakartasunez gauzatzeko, gobernuaren aitorpenik eta laguntzarik gabe, bide berritzaile bat bilatu behar izan zuen armak emateko. Prozesu egoki bat gauzatu balitz, gobernuarekin, bake prozesu oso baten parte gisa, arreta handiagoa jar zitekeen konfiantza eraikitzeko neurrietan, gardentasunari eta prozesuaren osotasunari dagokionez. Tamalez, egiaztatzaile independenteek ez dute izan gobernuaren babesik. Hala ere, edozein kasutan, baikor hartu beharra dago ETAk, euskal herritarren borondatearekin bat eginez, aldebakartasunez jokatzeko adorea eta borondatea izan duela, gobernuaren babesa izan ez arren. DDR prozesu bat bake prozesu adostu baten parte gisa garatzen denean, ziurta daiteke pauso bakoitzak konfiantza maila handiena duela eta adiskidetze beharraren ikuspuntu partekatu bat dagoela, bake iraunkor baterako bidean.



Urte batzuk badira euskal gatazkaren konponbide prozesua gertutik aztertzen duzula. Zein izan zen zure aurreneko irudipena?



Sentitu nuen bazegoela benetako aukera bat bake iraunkorra eraikitzeko, bazegoela adiskidetzeko gogo bat, euskal gizarte zibila eta nazioarteko babes esanguratsu bat engaiatuta zeudelako indarkeriaren atala behin betiko ixteko. Hain justu, hori erakutsi dute ETAren aldebakarreko armagabetze ekintzak eta duela gutxi ikusi dugun barka eskeak.



Zure ustez, zeintzuk dira euskal bake prozesuaren irakaspen nagusiak?



Gatazka modu eraikitzailean eraldatzeko bidean herritarren borondateak egin dezakeenaren adibide bikaina da euskal prozesua. Gizarte zibilak borrokalari ohiei eginiko eskaera da. Bestela esanda: komunitateak, borrokalariak komunitate horren parte direlarik, talde armatua zena konbentzitu zuen aldaketa prozesu demokratikoen bidez bilatzeko. Gakoa da erakunde armatua zenak ondorioztatzea borroka armatuak ez duela emango hasieran espero zuen emaitza.



Posible da DDR prozesu bat osorik gauzatzea aldebakartasunez?



Bake prozesuak epe luzekoak dira. Armagabetzea eta desmobilizatzea lor daitezke aldebakartasunez, eta, agian, baita gizarteratzea ere. Baina bakea iraunkorra izateko eta egonkortasuna lortzeko eta etorkizuneko belaunaldiak balizko erradikalizazio batetik babesteko, gizarteratzea gobernu programen bidez zuzendu eta lagundu behar da, borrokalari ohiei laguntzeko lana bilatzen eta gizartean egokitzen.



Zeintzuk izan daitezke gizarteratzerik gabeko bake prozesu baten arriskuak?



Preso ohiek zailtasun handiak izan ditzakete gizartera egokitzeko, eta horrek ez luke soilik horiengan eta euren senideengan eragina izango, baita gizartearen sektore zabalagoetan ere. Gatazka ez litzateke behar bezala itxiko, eta datozen belaunaldiak erradikalizatzeko arriskuak hor jarraituko luke.



Ipar Irlandako Desarmatze Batzordeko Kabinete buru izan zinen. Zein dira prozesu hartatik atera beharreko ikaspenak?



Bake prozesu batek gizartearen kezka zabalago batzuk lantzen dituenean bake itun baten bidez, Ipar Irlandako kasuan bezala, gizarteratzearen auzia ere lantzen du. Aldiz, gizarteratzea epe luzeko jarduera da, eta arrakastatsuagoa izango da gobernuaren eta erakundeen laguntzarekin. Irlandako prozesutik ikas dezakegu gizarteratze maila adierazgarria lor daitekeela diru sailak bideratuta komunitatea oinarri duten proiektuak babestera. Bake akordioaren eta adiskidetzearen espiritua gizarte osoan elikatu beharra dago. Gizarteratzeak denbora behar du, eta horretarako, beharrezkoa da konpromiso iraunkor bat gobernuaren, borrokalari ohien eta gizarteratze hori gauzatu behar duen komunitatearen aldetik.



Zeintzuk dira Irlandako eta Euskal Herriko prozesuek dituzten antzekotasun eta desberdintasun nagusiak?



Asko esan liteke bi gatazken eta horien historiaren arteko antzekotasunez eta desberdintasunez. Hala ere, alde nagusia da Ipar Irlandakoa bi gobernu burujabek babestu zutela maila gorenean, gobernuen baliabide ugari bideratzeaz gain. 2013an, Ipar Irlandatik etxera itzuli eta bi urtera, irakaspen giltzarri batzuk zerrendatu nituen, bake prozesu bat arrakastatsua izan dadin bete beharreko baldintza batzuk identifikatzeko: borondate politikoa eta bake prozesu batean engaiatzeko adostasuna, gatazkaren sustraiak lantzea, lidergo indartsuak, nazioarteko bitartekarien eta erraztaileen parte hartzea, eta, azkenik, konpromisoa, pazientzia eta iraunkortasuna. Bake prozesu bati eusteko alor garrantzitsuak, berriz, espektatiba errealistak izatea, iraganeko auziak lantzea —biktimak, senideak, presoak— eta borrokalari ohien gizarteratzea dira.

Publizitatea