Konponbideari begira

Berriak

ETA. 1958-2018

Hasitako lanak amaitzen

ETAk Henri Dunant zentroaren egoitzan eman du desegiteko erabakiaren berri. Suitzako zentro hori 2003tik aritu da lanean euskal gatazkaren konponbidearen alde.
Henri Dunant zentroaren egoitza, Leman lakuaren alboan, atzo.
Henri Dunant zentroaren egoitza, Leman lakuaren alboan, atzo. JON O. URAIN

2018-05-04 / Jon O. Urain - Berriemaile berezia

ETAren amaieran protagonismoaren parte bat izan du Suitzako Henri Dunant Elkarrizketa Humanitariorako Zentroak, baina, fokuetatik aparte, urteak daramatza Euskal Herriko bake prozesuan modu batera edo bestera eragiten. Ezaguna da 2005-2007 arteko bake elkarrizketetan parte hartu zuela, baina partaidetza hori ez zen eten ETAk jarduera armatuari berrekitean. Gatazkaren konponbideak nazioartetik izan duen bultzadaren ezinbesteko pieza izan da urteotan.



Henri Dunant zentroak Gurutze Gorriaren sortzaileari zor dio izena. 1999an eratu zuten, eta lantaldea orduko sei lagunetatik 140ra hazi da hogei urtean. Erakunde independentea da, baina nazioarteko 25 gobernuk finantzatzen dute; besteak beste, Suitzakoak, Ameriketako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak eta Erresuma Batukoak. Webgunean azaltzen duenez, nazioarteko hamaika gatazkatan esku hartutakoa da, baina horien artean, gaur-gaurkoz, ez dago Euskal Herrikoari eginiko aipamenik. Izan ere, konfidentzialtasuna izan da zentroaren irizpide nagusia euskal gatazka lantzeko orduan. Genevako Villa Plantamour etxean du egoitza.



Zentroak euskal gatazkan izandako rolaz idatzi izan dute Imanol Murua Uria kazetariak, Loiolako hegiak eta Ekarri armak liburuetan, eta Theresa Whitfield ikerlari britainiarrak, Endgame for ETA: Elusive Peace in the Basque Country lanean. Muruak jaso zuenez, 2003az geroztik ari da zentroa euskal gatazkan lanean. Urte horretan iritsi zitzaion esku hartzeko proposamena, zeharkako bide batetik. «Suitzako Gobernuko Atzerri Ministerioak badu, Garapenerako eta Kooperaziorako Agentziaren barruan, Gatazken Prebentziorako eta Transformaziorako Saila, eta sail horrekin harremana bazuen ETAk, Lizarra-Garaziko prozesuaren garaian Suitzak Espainiako Gobernuko ordezkaritza batekin bilera egin zuen garaitik. Suitzako Gobernuko sail honek eskatu zion HD zentroko zuzendari Martin Griffithsi, Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar zenean, euskal gatazkan esku hartzeko aukera azter zezala», dio Muruak Loiolako hegiak-en.



Euskal gatazkaren egoera aztertzeko, William A. Douglass Renoko Unibertsitateko irakasleari joan zitzaizkion aholku eske. 2003ko urrian jaso zuen Douglassek zentroarentzat lan egiteko proposamena, eta, 2003ko abenduan, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako orduko lehendakariarekin batzartu ziren Henri Dunanteko arduradunak. 2004 hasieran, ETArekin sartu ziren harremanetan, eta, urte eta erdi geroago, 2005eko ekainean, Genevan bilduta zeuden Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkaria eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Henri Dunanteko bitartekariak mahaian eserita zeudela. Elkarrizketa horiek ahalbidetu zuten 2006ko martxoan ETAk su-etena ematea. Loiolako santutegian (Azpeitia, Gipuzkoa) abiatutako elkarrizketetan ados jarri ez, eta ETAk Madrilgo aireportuan jarritako bonbak gaiztotu egin zuen negoziazio giroa. Genevan 2007ko maiatzera arte luzatutako elkarrizketek ez zuten egoera onbideratzea lortu, eta ekainean jakinarazi zuen ofizialki ETAk jarduera armatuari berrekiteko asmoa.



Aitzitik, elkarrizketek porrot egitean nazioarteko zenbait bitartekarik etxerako bidea hartu bazuten ere, Henri Dunant zentroak ez zituen sekula ETArekiko harreman bideak eten, Whitfielden arabera.



Powell bidaide



Nazioarteko bitartekari batzuek «adi» jarraitu zuten 2007ko udaberri ostean, eta egoera bidera zitekeela ikusi zutenean, berriro azaldu zuten lanei berrekiteko prestasuna. Horien artean, giltzarri izan da urteotan Jonathan Powell, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabinete buru izandakoa. Powellek 1998an izan zuen kontaktu bat euskal gatazkaren konponbidean, urte horretan Ricardo Marti Fluxa Espainiako Segurtasun idazkariak nazioarteko eragile ugariren iritziak bildu zituelako ETArekin negoziazio prozesu bat zabaltzearen onuren inguruan. Powell izan zen horietako bat.



Lizarra-Garaziko akordioak eta Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketek porrot eginda, 2005-2007 arteko prozesuan zuzenean hartu zuen parte Powellek. 2007an, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketak onbideratzeko, Henri Dunantekoek nazioarteko eragile ugari gonbidatu zituzten mahaira; horien artean izan zen Powell. Saio hark huts egin zuen, baina, Muruaren arabera, ETAren jardun armatuaren bukaera arteko azken txanpan, nazioarteko esku hartzeak hiru hanka nagusi izan zituen, funtsean: Brian Currin abokatua eta Nazioarteko Harreman Taldea; Ram Manikkalingam eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea; eta Powell eta Henri Dunant zentroa.



Powell eta Genevako zentroa fokuetatik aparte aritu ziren lanean ezker abertzalearen estrategia aldaketaren urteetan, Madrilen eta ETAren arteko zeharkako harremanak bideratzen. Lan horren emaitza izan zen Aieteko konferentzia, 2011ko urriaren 17an, eta ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaiera, hiru egun geroago. Aietekoa izan zen Powelllen lehen agerraldi publikoa euskal gatazkaren konponbideko aktore gisa, hura izan baitzen adierazpena izenpetu zuten nazioarteko ordezkarietako bat. Whitfielden arabera, «giltzarri» izan zen Powell konferentzia horretan, Currinek ez bezala, Powellek Madrilen konfiantza zuelako, Blairren kabinete buru izateagatik eta 2007ko elkarrizketetan izandako jarreragatik. ETAren jarduera armatua amaituta, konponbide prozesuan lanean jarraitu du urteotan.

Publizitatea