Konponbideari begira

Berriak

ETA. 1958-2018

Nazioartearen zigiluarekin

Henri Dunant zentroak baieztatu du ETAk «existitzeari utzi» diola. Genevan eman dute erabakiaren berri, dozenaka diplomazialariren aurrean; tartean zen Christiane Taubira. Bakegintzan aritutakoak goraipatu dituzte; bereziki, Egiguren, Zapatero, Urkullu eta Otegi.
Henri Dunant zentroaren egoitzan atzo 14:00etan eginiko bilkura. Aretoan, dozenaka lagun: nagusiki, munduko hainbat tokitako diplomazialariak.
Henri Dunant zentroaren egoitzan atzo 14:00etan eginiko bilkura. Aretoan, dozenaka lagun: nagusiki, munduko hainbat tokitako diplomazialariak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

2018-05-04 / Jon O. Urain - Berriemaile berezia

Genevako (Suitza) Leman lakuaren ondo-ondoan Henri Dunant zentroak duen egoitzan, David Harland zuzendaria hasi da hizketan. 14:02. Aurrean, 80 bat lagun: 50-60 diplomazialari, Suitzatik eta beste herrialde batzuetatik joandakoak, zentroko langileak eta kazetari gutxi batzuk. Isilik denak, Harlanden hitzak adi entzuten: «14:00etan, maiatzaren 3an, ETAk existitzeari utzi dio». Solemnitatea nagusi gainezka zegoen areto txikian. Ahozko grabaziorik ez, hasiera batean hala aurreikusita bazegoen ere. Azken egunetan baztertu dute aukera hori.



Hitzaldian, Harlandek gogoan du hamabost urte eman dituztela euskal gatazka konpontzeko lanetan, eta lau lagunen esfortzua goraipatu du: Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohia, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia. Guztientzat ditu hitzak Harlandek: Egigureni buruz, «garesti ordaindu» zuela konponbide negoziatu baten aldeko apustua, ETAk lagun ugari hil zizkiolako; Urkulluz, «bakea, torturari buruzko egia eta presoen alorreko pausoak sustatu» dituela; Zapateroz, bakerako «ahalegina» abiatu zuela 2004an, eta Otegiz, «biolentziarik ezerako mugimenduaren lidergoa» eraman zuela. Zentroan, bereziki oroitzen dute Egiguren: «Gizon ona da».



Biktimen alde minutu bateko isilunea gordetzeko eskatuz amaitu du Harlandek bederatzi minutuko hitzaldia: «Herritar gehienentzat, indarkeria onartezina eta justifikaezina izan zen. Ez dadila berriro gertatu».


[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=pQ5R7hPk-uo[/youtube]



Raymond Loretan Henri Dunant fundazioko kidea ere mintzatu da euskal gatazkaren konponbidean zentroak eginiko lanaz: haren hitzetan, «modu diskretuan» lagundu du «nolabait hau bukatzen», eta pozik azaldu da ETAren urratsarekin: «Horixe da HDn izateko arrazoia». Nahiz eta «inoiz ez den erraza bakea eraikitzea», Loretanek agindu du zentroak zeregin horretan jarraituko duela munduko beste gatazka batzuetan ere. Hitzaldia amaitu, eta txaloak.



Gatazken konponbidean hara-hona aritu arren, anonimoak dira diplomazialari gehientsuenak, eta hala segitu nahi izan zuten atzoko ekitaldian ere; ez zen zabaldu hara joandakoen zerrendarik. Han bildutakoek ez zekiten zehatz-mehatz zer aurkeztuko zuen Harlandek, baina Henri Dunant zentroak ematen dien konfiantza zuten berme. Horien artean, ordea, bazen aurpegi ezagunik: nagusiki, Christiane Taubira, Frantziako Justizia ministro ohia. 2012an sartu zen gobernuan, eta euskal presoen eskubideen alde agertu zen behin baino gehiagotan. 2016ko urtarrilean dimisioa eman ostean, iazko abenduaren 9an Parisen eginiko martxa babestu zuen. Atzo, ekitaldia hasi baino ordubete lehenagotik gutxienez zentroan zegoen, paperak errepasatzen.



Diskrezioa eta ikusmina



Isileko lana da Henri Dunant zentroaren irizpide nagusietako bat, eta diskrezio hori sarri hautsi da azken egunetan hedabide ugaritan zabaldutako informazioen eraginez. Eguna iristerako, jakina zen zer egunetan, zer ordutan eta non egingo zuten bilkura, eta baita ETAk zer jakinarazi behar zuen ere. Leku lasaian dago egoitza, eta eraikina bera ez da handia; bi solairuko txalet bat. Edozein egunetan, apenas duen mugimendurik. Atzo, bilera hasi aurreko orduetan, ohi baino mugimendu handiagoa nabari zen egoitzaren barnean eta kanpoaldean; argi guztiak piztuta barruan, eta, atarian, dozena bat kazetari. Hasieran, BERRIA, Gara, BBC eta Suitzako hiru hedabide baino ez ziren sartzekoak; azkenean, kanpoan zeuden gainerako hedabideei ere utzi zieten barrura sartzen antolatzaileek.



Bazuten kezka. Hitzorduaren xehetasunak zabalduta, jakitun ziren ETAren biktimen elkarteetako ordezkariak joan zitezkeela atzoko ekitaldi horretara; are gehiago Voces Contra el Terrorismo elkarteak Javier Solana Henri Dunanteko ohorezko presidentea Espainiako Auzitegi Nazionalean salatu eta gero. Ez zen halakorik gertatu. Lasai joan zen dena, alde horretatik.



Kanboko Arnaga etxeak hartuko du gaur Genevaren lekukoa, eta Lapurdiko konferentzi horretan izango da Henri Dunanteko ordezkaritza bat ere.

Publizitatea